Albistea entzun

Jazarpenez eta laidoz baztertutako anderea

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du. Nikolasa Atxikallenderen biografia osatzeaz batera, Sabino Aranaren bestelako ikuspegi bat dakar. Elkar etxeak argitaratu du liburua
Edorta Jimenezen liburuak Nikole Atxikallenderen eta Sabino Aranaren argazkia du azalean.
Edorta Jimenezen liburuak Nikole Atxikallenderen eta Sabino Aranaren argazkia du azalean. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko urriak 27 - Donostia

Jazarria, kartzelatua, epaitua, ondasunez gabetua eta baztertua izan zen Nikolasa Atxikallende Iturri, Edorta Jimenezen liburu berriko protagonista nagusia. Sukarrietako (Bizkaia) Abina baserrian jaio zen, 1873an. Herri hartara aisialdian ehizara joaten zen bilbotar bat ezagutu zuen, Sabino Arana Goiri izeneko politikaria, eta ezkondu egin ziren 1900. urtean. Espainiako agintariek estu hartu izan zuten Arana: bi bider preso eduki zuten. Osasun txarrekoa zen gizona, eta 38 urterekin hil egin zen, 1903ko azaroan. Atxikallende bigarrenez ezkondu zen, 1910ean, Eugenio Alegria itsasontzi kapitainarekin, baina hau ere hil egin zen, 1918ko gripe izurriaren garaian.

Atxikallende atxilotu egin zuten 1937ko ekainean, faxistek salaturik; gatibu egon zen Bilbon, Larrinagako espetxean; epaitu egin zuten uztailean, eta aske utzi zuten abuztuan. Bere oroitzapenak eta bizipenak Mentxu Aizpuru ilobari eta inguruko beste gutxi batzuei kontatu zizkien. 1951ko martxoan hil zen. «Emakumeen bitartez jakin ditut liburuan idatzi ditudan kontu asko», azaldu du Jimenezek. «Haiek izan dira: Mentxu Aizpurua, Mari Karmen Filibi, Agurtzane Zigorraga eta Elisa Kaltzada».

Tamainaz liburu handia eta mardula idatzi du Jimenezek: Nikole bijotzekua. Sarrera, 34 kapitulu, hamasei argazki azalekoa barne eta Joseba Agirreazkuenaga historialariaren epilogoa ditu. Izenburua Aranaren gutunetatik ekarria da, halaxe hasten baitziren Atxikallenderi idatzi zizkion 80tik gora eskutitzetatik asko. Elkar argitaletxeak plazaratu du andere hari buruzko ikerketa eta biografia.

Gezurrak eta irainak

Iazko martxoaren 15ean Arrate Mardaras idazleak 1918ko gripe izurriaz Bilboko Osagileen Bazkunak argitaratutako aholku sorta bat bidali zion Jimenezi. «Horrek giltzarena egin zuen: zoro moduan idaztera akuilatu ninduen». Agiri hark orduko eta egungo izurrien arteko antzekotasunak begien aurrean jartzean, gomutara ekarri zion izurrite hartan hildako Alegria jauna, Atxikallenderen bigarren senarra.

«Egunero hamar orduz idazten hasi nintzen, hamabost bat folio», esan du Jimenezek. «Eta egun bereko iluntzean Mundakako Olatua blogean argitaratzen zituen Erroxeli Ojinaga Filibi lagunak. Hura gabe ez zen libururik izango. Bestetik, liburuaren euskarria Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga izan da; liburuaren prozesuan eman didan laguntza eskertzeko ez daukat hitzik».

Emakume arrunt baten biografia dela aipatu du birritan Jimenezek. Baserritar xume bat zen. Ez dauka hilarririk hilerrian. «Behin baino ezkondu ez balitz, Sabinorekin baino ez, ezagutu ere ez nuke egingo». Bi bider ezkondu zelako ezagutu du, tortura saio ahaztezin batean. «1984ko urrian, Madrilgo Direccion General de Seguridad delako horretan zegoen Brigada Antiterroristako elektrikarien buruak esan zidan nor zen Nikole, norekin ezkondu zen bigarrenez, eta gezur eta laido andana bat». Harrezkero dauka akorduan.

Zergatik sortu eta zabaldu ote zuten Atxikallenderen ospe txarra, zergatik sinetsi zuen gezurra mundu guztiak, emakumearen bizitzaz zergatik ez den inor arduratu, horri buruzko kontaketa da Nikole bijotzekua. «Aldi berean, maitasun istorio baten kontaketa da: Nikole eta Sabin, Sabin eta Nikole. Eta bigarren senarraren, egiazkoaren, nondik norakoen kontaketa. Eta, noski, Nikoleren oroitzapena bizirik gorde duten emakumeen inguruko kontakizuna ere bai».

Atxikallendek, 1935 inguruan, Emakume Abertzale Batzako kideen omenaldia izan zuen. Jimenezek liburuko argazkietako batean erakutsi ditu Atxikallenderekin, eta tartean dira, halaber, Jose Mari Korta Uribarren eta Jose Markiegi apaizak, Asturiasko frontean hildakoa bat, eta Oiartzunen faxistek fusilatua bestea. Harrezkero ez du beste gorazarrerik izan. «Liburu honek Nikoleren aitortza eskatzen du. Liburu honek dei egiten die akademikoei, Sabinoren zaleei eta arerioei, gezurra errepikatu dutenei, eta beste askori. Nola izan da posible?».

'Andere' antzezlana

Atxikallenderi buruzko ikerketa egitean, Aranaren alderdi ezezagun batzuk ikasi ditu Jimenezek. «Antzerki obra baten asmoa topatu dut. Andere du izenburua, Melodrama en 4 actos. Bukatu gabea da. Ez da inon argitaratua izan. Sabinok kaier batean idatzitakoa da, 1902an, bigarren kartzelaldian». Andere pertsonaia 20 urteko emakume bat da, Arteagako baserritarra.

Aranaren marrazkiak ere erakutsi ditu Jimenezek: «Kartzelatik idatzi zion Nikoleri, politika utzi egingo zuela esanez. Bestelako asmo batzuk zituela. Etxe bat egiteko proiektuaren marrazkiak, zenbakiak eta testuak daude kaier horretan». Fatxadaren irudia, planoak, kalefakzio zentralaren aparailua. «Osasun arazoak zituen, eta labatiba baten marrazkia jaso dut liburuan. Esku ona zeukan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bisitariak salmahaietako batean, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Ezohiko azoka baten neurrian

Ainhoa Sarasola

Durangoko 56. Azokaren «balorazio positiboa» egin dute antolatzaileek. Landakon orotara 25.000 lagunetik gora bildu direla adierazi dute, eta kulturazaleen ardura txalotu. Salmentetan izan da alderik

Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi Azkarate (Okela), Maria Mur Dean (Conssoni) eta Diana Franco (Kabia), atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Ekoizpen digitalaren markak

Itziar Ugarte Irizar

Oskia Ugarte, Sahatsa Jauregi eta Maria Mur sorkuntza digitalaren inguruan aritu dira, Kabia gunean. Edozein egileren lana prisma horretatik harago begiratzearen alde egin dute
Ekhiotz Prieto eta Urko Peral, atzo, <em>Atarian.eus</em> plataformaren aurkezpen ekitaldian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Eszena babesteko aterpe bat

Andoni Imaz

'Atarian.eus' guneak musika bideoak era «jasangarrian» emateko asmoa du, harpidetzen bidez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.