Oholtzan luzitutako bi obra, paperean

Ganbila antzerki bildumako bi liburu plazaratu ditu Susak: Ane Labaka eta Beatriz Egizabalen 'Erradikalak', eta Mikel Gurrearen 'Soka'

Ezker-eskuin, Beatriz Egizabal, Ane Labaka eta Mikel Gurrea, beren liburua esku artean dutela. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bi eskutara ondu dute Erradikalak antzerki liburua Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal umoristak. Bost urtez aritu dira oholtza gainean obra gorpuzten; hitzez zein bertsoz. Paperean irakurtzeko aukera dago orain, Susari esker. Bigarren antzerki liburu bat ere kaleratu du argitaletxeak: Mikel Gurrearen Soka. Bakarrizketa bat da, eskola jazarpena duena hizpide. Bi liburuak Ganbila antzerki bilduman jaso ditu Susak.

«Bost urteko ibilbide baten emaitza da liburu hau». Hala abiatu da Labaka. Emakume gisa bizi izan dituztenak —eta dituztenak, oraindik ere— bakarrizketen eta bertsoen bidez adierazi dituzte: ama izateaz edota ez izateaz, aniztasunaz, biolentziaz... «Feminismoaren ikuspuntutik kontatu ditugu», azaldu du Egizabalek.

Korporaltasuna paperean nola islatu. Horixe zuten erronka nagusi. Labaka: «Guk bagenekien zer egiten genuen gorputzarekin eszenatokian, baina oso zaila da hori idatziz azaltzea». Baina, egin dute. Antzerki gidoi osoa jarri dute irakurlearen eskura. Bertan daude bertso idatziak ere, eta pozten du horrek Labaka: «Iruditzen zait, bat-bateko bertsoek badutela prestigio bat euskal kulturan, baina bertso idatziak ez dira, ordea, askorik baloratzen. Guk lekua egin diegu liburuan, eta polita da fisikoki jasota edukitzea».

Antzerkia eta bertsoa uztartu dituzten arren, Egizabalek azaldu du, bertsozaleak izan direla antzerkia ikustera joan diren gehienak. «Bertsolaritza kontsumitzen duen jendearengana iritsi naiz. Hori lehenago ez zen nire zirkuitua, inola ere ez». Bestela iritsiko ez litzatekeen ikusle batenganainoko bidea egin dio, beraz, Erradikalak-ek.

Bi arotan banatu zuten antzerkia. Batetik, Erradikalak gara; 2017ko otsailaren 5ean estreinatu zutena. Eta, bestetik, Erradikalak ginen, 2019ko maiatzaren 27an egin zutena lehenengoz. Bi atalak jaso dituzte argitaratu berri duten liburuan, eta, hirugarrengo bat gehitu diote, gainera: Erroak, erraiak, tripak eta dardarak. Bost urteko ibilbidean elkarrekin eta elkarrengandik ikasi dutenaren «inbentario» bat egin dute azken atalean; ideia otu zitzaienetik gaur arte bizitakoak kontatu baitituzte bertan.

«Oroitzapen eta bizipen sorta eder-ederra daramagu gorputzean, eta txokorik kuttunenean gordeko dugu orain, aurrera begira erradikalagoak izango garen esperantzan». Hala amaitu dute bien arteko ibilbidea borobiltzen duen testua.

Malen Amenabarrena du liburuak azala, eta Jule Goikoetxearena, berriz, hitzaurrea. Humanitatearen historia kontatzen dutela azpimarratu du Goikoetxeak testuan, eta obra «umorearen altxor» dela nabarmendu. «Umorez gizendu dute Beatriz Egizabalek eta Ane Labakak erroa, zentzu erritmikoz puztu, agoran daudelarik eztanda egin dezan, hestegorriak masailetan».

Tabuak plazaratzen

Igorrek, gorputz hezkuntzako irakasleak, ustez, haur guztiak patioan kontrolpean dituenean gertatzen da. 11 urteko mutiko baten gorpua aurkituko du gimnasioko soka batetik zintzilik, urkatuta. Horregatik, erruduntzat du bere burua Igorrek, eta kezka sentimendu horretatik abiatzen da, hain justu, Mikel Gurrearen Soka liburua.

«Gai ilun bat» eraman du hizpidera egileak: eskola jazarpena. Gurrea: «Neure buruari galdetu nion: zergatik gai ilunak?». Bada, jendartean tabua izaten den eta samin ikaragarria eragiten duen gai bat dela deritzo, eta horixe jarri du mahai gainean. Lehendabiziko orrialdeetatik egingo dio egileak abisua irakurleari: berak ez du pertsonaia epaituko. Bullying-aren gaia jarriko dio begien aurrean publikoari, distantzia harraraziko dio, berak atera ditzan ondorioak askotan oharkabean pasatzen diren ñabarduretatik: «Ahots bakarretik aterako dira ahots guztiak», azaldu du.

2017ko otsailaren 1ean estreinatu zen antzezlana, eta eskola jazarpena jasan dutenak, haien senideak eta horri aurre egiteko lanean dihardutenak hartu nahi izan zituen gogoan lanarekin. Beraz, gogoetarako bidea zabaldu nahi izan dio publikoari; «ondorio edo erantzun zehatzik gabeko gogoeta», azpimarratu du.

Zinemagilea da egilea, eta, hargatik eraman ditu zinemako kodeak teatrora. Istorioa Gurreak ondu duen arren, ez du berak bakarrik eraman soka muturreraino. Izan ere, Tanttaka Teatroak eszenaratu zuen obra, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktore zela. Eta, hain zuzen, Bernuesena du hitzaurrea argitaratu berri duen liburuak, eta, Rikarterena, berriz, hitzostea.

«Pozgarria iruditzen zait nik egindako hau idatzita egotea orain, eta are gehiago norbaitek erabili dezakeela pentsatzea». Bat dator berarekin Egizabal: «Gure liburua ere jendearen eskura dago orain. Bertigo pixka bat ematen du guk orain arte egin duguna beste bikote batek egiteak, baina poz handia du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.