Albistea entzun

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute
Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin.
Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Naroa Torralba Rodriguez -

2023ko otsailak 3 - Errenteria

Ekosistema bat ingurune jakin bateko osagaiak elkarrekin harremanetan jarrita osatzen den sistema da. Euskal musikari dagokionez, harreman hori ez da berariaz sortu, ez da biologikoa. 1973an, duela mende erdi, Jose Luis Ansorena musikariak Errenteriako (Gipuzkoa) musika eta kultura jarduerari bultzada bat eman nahi izan zion, eta jaialdi bat antolatu zuen: Musikaste. Pello Leiñena Eresbileko egungo zuzendariak eta Jon Bagues musikaren euskal artxiboko zuzendari ohiak osatu dute Musikaste 1973-2022-Euskal musikaren 50 urte izeneko liburua. Leiñenak esan du urte hauetan guztietan bidelagun izan dituzten pertsona eta erakundeei «merezitako aitortza» eman nahi izan dietela, «ez zelako erraza izan Ansorenarentzat lehen edizio hura egitea, lehen hazia landatuz».

Jaialdiaren hastapenetako garai hura gogoratu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, balioa emateko Musikaste sortu zuten garaiari: «Hain testuinguru zailean, izan genuelako herrian belaunaldi bat, halako jaialdiak sustatzeko bisioa izan zuena». Liburua hari horri jarraipena eman diotenei esker egin ahal izan dela azpimarratu du: «Segida emateko ikuspegi horrekin lortu dute hazia ondo zaindu eta gaur egunera arte ekartzen arbola sendo eta eder bat».

Liburuak bi zati dauzka. Lehenaz Jon Bagues arduratu da, eta Koloreak izena du. Aipatu du Musikasteren helburua euskal musikarien lana kaleratzea izan dela, eta garrantzirik handiena konpositoreek eduki dutela. Musika garaikideaz ere mintzatu da: «Kronologikoki adierazita daude konpositoreak, asko artxiboetara joanaz berreskuratu ditugunak. Musika belaunaldiak bildu nahi izan ditugu».

Emakume musikariak presente izateko «esfortzuaz» ere aritu da hizketan Bagues: «2018an egindako jaialdian, adibidez, emakumeak gizonak baino gehiago izan ziren, kopuruz. Hori oso zaila da urtero gauzatzea, baina emakume musikarien alde egiten jarraitzen dugu».

Nabarmendu du Musikaste ez dela soilik euskal musikarien lana kaleratzen aritzen den festibala: «Interpreteak ere euskaldunak izan dira, eta talde berriek euren burua oholtza gainean aurkezteko aukera izan dute».

Harro azaldu du Baguesek Musikastek 400 grabaketa ordu dituela erregistratuta: «50 urtean egin diren kontzertu guztien grabaketak dauzkagu, eta ondare garrantzitsua da hori. Beste askok ez daukatena».

Bigarren kapitulua Pello Leiñenak idatzi du, eta Musikastek 50 urtean izan duen garapen estatistikoa dago irakurgai: Zifrak izena dauka; eta mendeen, Euskal Herriko probintzien eta musika genero nabarmenduen arabera sailkatu ditu konpositoreak. Bi atal horien ondoren, Musikaste hizpide izan duten prentsako iritziak batu dituzte, ordena kronologikoan, eta baita Antton Olariagak Egin eta Diario Vasco egunkarietan egindako zintak jaso ere; badago Egin-eko beste bineta sorta bat ere: Jon Zabaletaren karakolak eta elefanteak protagonista dituena.

Argazki galeria batekin segitzen du, urteka sailkatua, eta amaitzeko, Indizeak izena jarri diote musikagile, estreinaldi, monografiko, interprete, programa didaktiko eta hizlari denak biltzen dituen atalari.

Ekosistemaren oinarria

Indizearen azken sail horri erreparatzea galdegin du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak: «Konpositore, musika elkarte, abesbatza, bakarlari, ganbera talde eta abarrek osatzen duten zerrendetan ikusiko duzue zein izan den euskal musikaren urte hauetako historia». Sailburuak egin du hitzaurrea, eta, liburuak zer dakarren azaltzeko, hainbat pasarte nabarmendu ditu.

Lehenengoa jasota dago 13. orrialdean, eta zerikusia dauka Musikasteren izen aldaketarekin. 1973an, sortu zenean, musika jaialdi hutsa zena; 2008tik aurrera, Euskal Musikaren Aste bihurtu zen.

Bigarren aipamena 17. orrialdetik jaso du. Pasarteak aipatzen du nola 1975. urtean, Maurice Ravelen obrekin batera, Joaquin Atxukarro, Iruñeko Orfeoia eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa egon ziren programan. Horren harira, musikaren ekosistemari «aitortza» egin dio sailburuak: «Honek ondo adierazten du zein izan den musikaren garapena gure kultur sisteman. Gaur esan dezakegu, liburuak horrela dio, duela 50 urte ez geneukan ekosistema bat daukagula». Zehaztu du ekosistema horrek oinarri sendoa duela, tartean dituena musika eskoletara joaten diren 30.000 haur inguru; bide horrek jarraipena duela Euskal Herriko auzo eta herrietan dauden abesbatza, musika talde, kantari, txistulariekin eta abarrekin; eta, azkenerako, badela profesionalizatu egiten den jendea, besteak beste, Musikene goi mailako eskolan ikasiz.

Atzera begira ez ezik, aurrera begira ere jarri da Errenteriako alkatea, eta esan du konpromisoak hartzeko balio behar duela urteurrenak. Otaegi: «Harro egon gaitezke Euskal Herriko bazter honetatik euskal musikagileak eta euskal musika berreskuratzeko eta sustatzeko Euskal Herriari egindako ekarpenarekin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bestelako narratiben atzetik

Ainhoa Sarasola

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu

Paradisu Zinema musika bekaren aurkezpena, atzo, Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Paradisu Zinema musika bekaren lehen aldian parte hartzeko epea zabalik da

Iraia Vieira Gil

Elkar argitaletxeak, EHZ jaialdiak eta Antxeta irratiak jarri dute martxan. Disko bat editatu eta kaleratzeko 10.000 euro jasoko ditu irabazleak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.