Gatazkaren ondorengo aldia, iruditan

Kaleak irudiz beteko ditu Getxophoto jaialdiak, irailaren 5etik 30era. 12. aldia du aurten, eta 45 herrialdetako hogei artistak parte hartuko dute

Clement Bernaden Hitz egin bildumako argazkia. GETXOPHOTO.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Getxo
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Ez dira gutxi izan jorraturiko gaiak eta Getxoko (Bizkaia) kaleak jantzi dituzten ehunka irudiak. Irudia hitzaren beraren esanahia ere zabaltzen hasia da teknologia garapen azkarrarekin batera. Ondo daki hori Monica Allende Getxophoto jaialdiko komisarioak, eta «trantsizioak» ardatz hartuta garatua du joan den edizioan martxan jarri zen trilogia. Gatazka ostea. Elkarrizketa berrreraiki izango da aurtengo gaia, gatazkaren zentzurik zabalenean. Gatazka naturalak, teknologikoak, politikoak... artisten sormen lanen eskura jarriko dira. Gaiaren inguruko hausnarketa bultzatzea da helburua; gatazkaren esanahia, ondorioak eta, bide batez, elkarrizketarako bideak irekitzeko gonbita egitea. Hogei bat erakusketa, formakuntza saioak, sortze laborategiak edota Hamaiketakoak izeneko solasaldiak izango dira jaialdiaren parte, besteak beste.

«Jaialdi berritzailea eta parte hartzailea da». Hala adierazi zuen Imanol Landa Getxoko alkateak atzo Algortan emandako prentsaurrekoan. «Gure herria irudiz, eztabaidaz eta gogoetaz bustitzen duen jaialdia da, lehen mailako egilez osatua», gehitu zuen Landak. Askotarikoak bezain berritzaileak izango dira aurtengo proposamenak, argazkigintzaren muga guztiak gaindituz. Hemengo zein atzerriko lanak hartuko ditu jaialdiak, BegiHandi elkartearen eskutik.

Bertatik zein kanpotik

Jatorri aldetik ere, askotarikoa izango da Getxon zehar sakabanatuta egongo den irudi sorta. Ikusgai egongo diren lanen artean dago Gohar Dashti argazkilari irandarraren Home lana. Emakume horrek errefuxiatu irandarrek pairatzen duten egoera salatu nahi du, espazio abandonatuen irudien bitartez. Luca Donatelo italiarrak, berriz, Alemaniako iraultza energetikoa erakusten duen bilduma aurkeztuko du. Gasolindegi abandonatu batean kokaturik dago argazkilari italiarraren erakusketa, eta munduko ekonomiarik handienetakoaren eraldaketa energetikoa ohi ez bezala aurkeztuko du: zentral nuklearrek jolas parke itxura hartzen dute Donateloren lanetan.

Hemengo sortzaileen artean, Clemente Bernad (Iruñea) eta Markel Redondoren (Bilbo) lanak dira aipatzekoak. Bernadek euskal gatazkaren inguruko gogoeta plazaratu nahi du, hamarkadetanbildutako dokumentazio lan zabalari esker. Hitz egin seriearen protagonista Egin egunkaria izango da, ETAren desegiteari eta euskal gatazkaren amaierari buruz modu sinbolikoan hitz eginez. Oso bestelakoa da Redondoren proposamena, teknologia berriak erabili baititu bere sormen lana garatzeko. «Neurrigabeko urbanismoaren ondorioak erretratatzea» da bilbotarraren asmoa, eta drone bat baliatuz Sand Homes lana aurkeztuko du, aireko irudi ikusgarriz osatutako erakusketa.

Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak azpimarratu duenez, «proposamen lotsagabea» egongo da aurtengo topaketako irudien artean: «Erik Kessels [Herbehereak] eta Thomas Mailaender [Frantzia] artisten Jump Trump izeneko instalazio bat egongo da. Puzgarri handi bat jarriko dugu Trumpen aurpegiarekin, eta ikusleak aukera izango du, nahi izanez gero, Trumpen aurpegiaren gainean jauzi egiteko. Presidentearen aurka mendeku hartzeko aukera izango da, nolabait, ikuslea instalazio interaktibo honen parte bihurtuz».

Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan Open Call lehiaketak programazioan parte hartzeko aukera eman nahi izan die proposamen berriei. 280 proposamen jaso dituzte orotara, 47 herrialdetatik. Max Pinckers belgikarra izan da irabazlea, Margin of Excess lanarekin. Epaimahaikideak Yumi Goti komisario eta editorea, Simon Bainbridge Britsh Journal of Photography aldizkariko editorea, Shoair Mavlin Photowork agentziako zuzendaria eta Monica Allende jaialdiko komisarioa izan dira.

Kokalekuari dagokionez, aretoak eta bestelako barne espazioak baliatuko dituzten arren, erakusketa gehienak «kanpoaldean jartzeko sortuak» izan direla azaldu dute. Gatazka nonahi dagoen garaian, nonahi jarriko dituzte berau gogorarazten duten irudiak. Herritarrek nekez ihes egin ahal izango diote munduaren erakusleiho erraldoiari. Hiru astez, herriko lorategiak eta kaleak kolorez eta gatazkaz jantziko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.