Anjul Qonju. Aktorea

«Euskal Herrikoa kontatzen dugu Sardiniakoaz hitz egiteko»

Maurizio Loi zuzendariarekin batera, Sardiniari eta Euskal Herriari buruzko dokumental bat ontzen ari da, bietako kulturak ardatz hartuta.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Maurizio Loi sortzailea da, kameraria, zuzendaria; Anjul Qonju, aktorea eta antzerki animatzailea. Haurrekin egiten du lan Qonjuk, eskoletan, eta luzaz kanpoan ibili ostean, Sardiniara itzuli zen. Iaz Euskal Herrian izan zen, antzezlan batekin, eta Loi ezagutu zuen, «kasualitatez». Euskal Herriari buruzko dokumental bat egiteari ekin zioten elkarrekin, eta iazko azaroan bertan izan ziren berriro ere, elkarrizketak egiten. BERRIAk Qonjuri eskatu dio kontatzeko zergatik duten halako interesa.

Zeri buruzkoa da dokumentala?

Dokumentalak Sardiniaz hitz egiten du, baina Euskal Herrikoa kontatuz. Kontatu nahi dugu zer gertatzen den gure orainaren antzeko iragana duen leku batean, eta espero dugu haien oraina bezalakoa izatea gure etorkizuna. Izan ere, Sardinian gaur egun ditugun estereotipo eta oztopo berberak egon ziren iraganean Euskal Herrian. Esaterako, Sardinian, ustea dago inprobisatzaile batek «Jainkoak emandako dohaina» eduki behar duela, eta hori gabe ezin duela ikasi inprobisatzen. Ondorioz, 30 inprobisatzaile baino ez daude Sardinian gaur egun —denak gizonak, bat salbu—, eta jende arrunta ez da hurbiltzen praktika honetara. Euskal Herrian, 15.000 lagunek kiroldegi bat betetzen dute; Sardinian, berriz, herrietako jaietara baztertuta dago inprobisazioa, eta galbidean da. Inprobisazioa «Jainkoaren opari bat» baldin bada, zergatik ari da hedatzen Euskal Herrian eta hiltzen Sardinian? Jainkoari euskal inprobisazioa gustatzen ote zaio, ba, eta sardiniarra ez? Eta bada zinez zabaldutako beste estereotipo bat ere: uharteko eremu bateko eta besteko sardinieradunek ez dutela elkar ulertzen, eta, hortaz, hobe dela italieraz hitz egitea.

Zer mezu helarazi nahi duzue dokumentalaren bidez?

Cagliarin, askok pentsatzen dute sardinieraz hitz egiten dutela, baina ez da egia. Ez dute nahita gezurra esaten, baina uste dute hizkuntza horretan hitz egiten dutela sardiniarrak izate hutsagatik. Sardinian, heldu eta zahar asko aritzen dira sardinieraz, baina gazteak, oso gutxi. Sardiniarra izateko —konnotazio nazionalistarik gabe—, eta, gure hizkuntz eta kultur ondarea zaindu eta transmititzeko, jarrera aktiboa behar dugu. Prozesu aktibo bat egin behar da kontzientzia linguistikoa, historikoa eta soziala pizteko. Sardinian jaio eta bizitze hutsak ez du ezer bermatzen.

Sardiniakoa kontatzeko, zergatik aukeratu duzue Euskal Herria eta ez beste lurralde bat?

Euskal Herrian ate bat ireki ziguten giza harreman batzuk egin genituelako, eta ez, adibidez, Katalunian. Euskadik kontzientzia oso aurreratua du, eta interesgarria da horri erreparatzea, gure errealitatearekin alderatzeko. Hizkuntza kontuetan, uste dut nahiko iragan antzekoa izan dutela biek.

Euskal Herriko zer tokitan grabatu duzue?

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hogei herritan izan ginen: batzuk hiriburuak, eta beste batzuk herrixkak; menditik hasi eta kostalderaino. Harrera egin zigutenei esker egin ahal izan genuen lan hori. Sardegna Film Commissionek diruz lagundu digu, eta badugu Euskal Herrira itzultzeko asmoa. Bi produktu egin nahi ditugu. Hasieran, dokumental bat egin nahi genuen, gero dokufilm bilakatu zena, fikzioaren parte bat Sardinian grabatuta; orain, berriz, film labur bat ere egiten ari gara, Cagliariko festibal batean aurkezteko.

Zer pertsona, elkarte eta instituzio elkarrizketatu dituzue?

Jakin-mina pizten zigun, esaterako, pilotak eta haren famak. Hortaz, pilotari batzuk elkarrizketatu genituen. Gero, eskola batera joan ginen: irakasleekin hitz egin, eta euskarako klase batzuk filmatu genituen; izan ere, guretzat oso interesgarria da normaltasun hori, sardinierak apenas baitu lekurik gure eskoletan. Ondoren, bertsolaritzari erreparatu genion. Iñaki Murua eta Bertsozale Elkarteko zenbait kide elkarrizketatu genituen, baita bertsolari batzuk ere. Kalean jendea gerarazi, eta eskatu genien bat-batean konta zezatela zer iruditzen zitzaien gu Euskal Herriaz dokumental bat egiten aritzea. Bestalde, zenbait etorkin elkarrizketatu genituen: elkarrizketatu horiek euskara ikasten ari dira, uste baitute integratzeko tresna bat dela.

Zeinentzat da zuen lana?

Sardiniar gizartearentzat batez ere; batik bat, kontzientzia linguistikorik ez duten sektoreentzat, eta hizkuntza aldarrikapenak modu aktiboan egiten ez dituztenentzat. Normalean interesik izaten ez dutenen gogoeta akuilatu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.