Albistea entzun

Askotariko rol eta generoetako aktorea

Donostiako Zinemaldiak azken mende erdian egindako lana aitortuko dio Donald Sutherland aktoreari, Donostia saria emanez. Ekitaldian, 'The Burnt Orange Heresy' filma emango dute
Donald Sutherland aktorea, artxiboko argazki batean.
Donald Sutherland aktorea, artxiboko argazki batean. ENNIO LEANZA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2019ko abuztuak 27

Izaten dira ikusleen iritziz Oscarra ondo merezia izan arren inoiz garaikur hori lortzen ez duten aktore, zuzendari eta abarrak. Zerrenda horretan goi-goian egon zen Donald Sutherland aktorea (Saint John, Kanada, 1935) urte askoan. Berrehun ekoizpen ingurutan parte hartu arren, inoiz ez baitzen hautagaien artean ere egon. Akademiak 2017an kitatu zuen nolabait harekiko zorra: ez zion aktore onenaren saririk eman, baina bai Ohorezko Oscarra. Eta Donostiako Zinemaldiak ere azken mende erdian baino gehiagoan egindako lan «bikaina» aitortu nahi izan dio Donostia saria emanez. «Gai da protagonista gisa nahiz antzeztaldean gailentzeko, eta talentu handiz hezurmamitu ditu dozenaka pertsonaia, generoa edozein izanik ere», azaldu du erabakia arrazoitzeko egindako prentsa oharrean.

Irailaren 26an jasoko du saria Sutherlandek, Kursaalean egingo den ekitaldi batean —sarrerak salgai daude dagoeneko—, eta, gero, Giuseppe Capotondik zuzendariaren The Burnt Orange Heresy film beltza emango dute. Sutherlanden azken lanetako bat da, eta Mick Jagger, Claes Bang eta Elizabeth Debicki aktoreekin batera aritu da. Italian girotutako film bat da, eta James Figueras arte kritikaria eta Berenice Hollis Europan zehar bidaian ari den neska xaloa ditu protagonista. Maitale berriak Cassidy arte bildumariaren etxera joango dira bidaian, eta hor katramilatuko da istorioa. Hain zuzen, bihar hasiko den Veneziako zinema jaialdia itxiko du pelikula horrek.

Sutherlandek ingeniaria izateko asmoa zuen hasieran, eta ikasketa horiek ere egin zituen. Azkenean, ordea, antzezpenaren aldeko hautua egin zuen, eta Londresera joan zen hango musika eta arte dramatikoaren akademian ikasteko. Telesailetan ekin zion ibilbideari, eta The Saint eta The Avengers dira hark egindako lanetan nabarmendu daitezkeenetako batzuk. Zineman, Il castello dei morti vivi pelikulan (1964) egin zuen debuta. Lehenengo arrakasta, berriz, Robert Aldrichen The Dirty Dozen gerra film klasikoarekin lortu zuen. Genero horretan bertan, M.A.S.H. (1970), Kelly's Heroes (1970) eta Johnny Got His Gun (1971) filmetan protagonista izan zen gero. Eta 1970eko hamarkadakoak dira haren interpretazio ezagunenetarikoak ere: Novecento (1976), Casanova (1976) eta Invasion of the Body Snatchers (1978).

Genero eta rol jakin batekin identifikatu ezin den aktore bat da, ordea, Sutherland. Egokitzeko gaitasun handikoa. Draman, gerra zineman, thrillerrean, beldurrezko zineman nahiz zientzia fikzioan aritu izan da. Esate baterako, Ordinary People-n (1980) senide baten heriotzak jotako familia baten burua izatea egokitu zitzaion; eta Eye of the Needle-n (1981), nazi espioi bat izatea. Ondoren egin zituen lanetan izar handiak izan zituen alboan: Al Pacino Revolution-en (1985), Sylvester Stallone Lock Up, John Flynn pelikulan (1989) eta Marlon Brando eta Susan Sarandon A Dry White Season-en (1989).

JFK (1991) lanean, Mr. X hezurmamitu zuen, Garrison fiskalari (Kevin Costner) Kennedy presidentearen hilketari buruzko informazio konfidentziala eskaini zion pertsonaia. Piromano ohia izan zen Backdraft-en (1991); Kristy Swansonen mentorea Buffy the Vampire Slayer filmean (1992) eta Demi Mooreren babeslea Disclosure-n (1994). Ondoan aktorerik onenetakoak izan dituen bezalaxe, zinemagilerik garrantzitsuenen esanetara aritu izan da garaian-garaian.

Azkenaldian egindako elkarrizketetan askotan egin dioten galderetako bat da ea ez al duen erretiratzeko asmorik. Irmo erantzun ohi du ezetz, deitzen dioten arte jarraituko duela. 84 urte izan arren, buru-belarri segitzen du lanean. Space Cowboys filmean (2000), jantzi espaziala soinean jarri eta astronauta beterano batzuei buruzko istorio bateko protagonista izan zen. Hamarkada horretakoak dira The Italian Job (2003), Cold Mountain drama (2003) eta Pride & Prejudice (2005) ere. Azken boladan izan duen rolik ezagunenetako bat Snow presidentearena da, The Hunger Games sagan. Forsaken western filmean (2015), berriz, bere benetako seme Kiefer Sutherlanden aitarena egin zuen. Aste honetan bertan, James Gray zuzendariak Veneziako zinema jaialdian aurkeztuko du Ad Astra, aktorearen azken lanetako bat.

Telebistan ere bai

Telebistan, Nicole Kidmanekin The Undoing filmatzen ari da gaur egun, David E. Kelleyk idatzitako eta Susanne Bierrek zuzendutako sei ataleko minisail bat. Beste lan batzuen artean, nabarmentzekoak dira Crossing Lines akzioko telesaila (2013-2015) eta Ken Folleten The Pillars of the Earth nobela ezagunaren egokitzapena (2010).

Zinemaldiak atzo jakinarazi zuen Donostia sarietako bat Sutherlandentzat izango dela, baina ez da aurten aitortza hori jasoko duen bakarra izango. Antolatzaileek aurrez esana zuten Penelope Cruz aktore espainiarra (irailaren 27an) eta Costa Gavras greziar jatorriko zinemagile frantziarra ere (irailaren 21ean) sarituko dituela. Irailaren 20tik 28ra izango da aurtengo Donostiako Zinemaldia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Musika estilo askotara zabaldu da trikitia azken urteotan. Irudian, Neomak taldearen kontzertu bat, Durangon (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO / FOKU

INFERNURAINOKO SUSTRAIAK DITU

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturan errotuta dauden musika tresnetako bat da trikitia. Euskal Herriko plazetan zein musika eskoletan bizi-bizirik dago oraindik ere, eta, tradizioa alde batera utzi gabe, musika estilo gehienetara ere zabaldu da azken hamarkadetan. Transmisioan dago gaur egun kezkarik handiena.
 ©IRATXE ETXEANDIA

«Trikitiaren errealitatea ez dator bat gizarteak irudikatzen duenarekin»

Olatz Enzunza Mallona

Trikitiaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ari da ikertzen Gontzal Carrasco bere doktoretza tesian. Tradizioaz gainera, instrumentuaren «beste errealitate batzuk» erakusteko beharra dagoela nabaritu du.

 ©ANE GARCIA
Duvravka Ugresic, Bartzelonan, 2011n. ©ORIOL CLAVERA

Bueltarik gabeko erbestearen letrak

Andoni Imaz

Historiaren eta politikaren koordenatuetatik irakurri ohi da Dubravka Ugresic hil berriaren lana; izan ere, gai horiek erabat blaitzen dituzte Jugoslavia ohia desegin ondoren handik ihes egin zuen idazle kroaziarraren nobelak eta saiakerak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.