Albistea entzun

Beñat Hach Embarek. 'Bertsolari' aldizkariko koordinatzailea

«Erronka da aldizkaria leku interesgarria izatea bertsolari gazteentzat»

'Bertsolari' aldizkariak 30 urte bete ditu aurten. Egungo arduradunak, urteotan egindako urratsak eta aldaketak aletu, eta aurrera begirako erronkak zehaztu ditu. Proiektuaren egokitzeko gaitasuna goraipatu du.
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko irailak 4

1991ko udaberrian sortu zuten Bertsolari aldizkaria, eta, garaian garaiko ezaugarrietara egokituta, «osasuntsu» heldu da 30. urteurrenera. Hori uste du Beñat Hach Embarekek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Proiektuaren koordinatzailea da 2017tik.

Bertsolaritza gorakada betean zegoen garai batean sortu zuten aldizkaria, eta 30 urte geroago esan daiteke asmatu zutela, ez?

Bai. Sortzailea Joxean Agirre izan zen. Kontatzen duenez, Bertsozale Elkarteko zuzendaritza orduan Hitzetik Hortzera-ren sorreran sartuta zegoen bete-betean; horregatik, aldizkariaren proiektua proposatu zienean, ez zuten lehentasuntzat hartu. Hala ere, Joxeanek aurrera egin zuen, eta aldizkariak oso harrera ona izan zuen: Durangoko Azokan ilarak izan ziren harpidetzak egiteko. Zuzendaritzatik ezetz esan zioten gehienak gero norbanako gisa sartu ziren administrazio kontseiluan. Ordutik, aldizkariak aldaketak izan ditu, baina oinarriak antzekoak dira.

Zeintzuk dira oinarriak, bada?

Garai hartan askoz errazagoa zen harpideak topatzea, bertsolaritzaren gorakada izugarriagatik, baina baita paperak orduan beste funtzio bat zeukalako ere. Hala ere, gaur egun, oraindik ere, oinarrian dauzkagu Euskal Herriko zazpi herrialdeetan banatutako bertsozaleak, oso ezberdinak haien artean, bertsozale komunitatea bera bezala. Saiatzen gara hedabide espezializatu eta nazional gisa ahalik eta hobekien erantzuten horri: arnasa luzeko lau zenbaki egiten ditugu urtean.

Bere garaian, bertsolariei ezohiko ertzetatik begiratzen zien aldizkariak, askotan umore tonuan. Hori aldatu egin da, ordea.

Bai, hori hasierako kontua zen: gure historiaren parte da, baina jada ez dugu bide horretatik lan egiten. Gaur egun uste dut bereizgarri nagusia dela epe luzeekin lan egiten dugula, eta, gainera, gai bakoitza lantzeko jotzen dugula horretarako aproposena iruditzen zaigun pertsonarengana. Ez gara kazetari talde finko bat: erredakzio batzordean gutxi batzuk gara, eta, tarteka, erredakzio batzorde zabalagoak egiten ditugu, jasotzeko ekarpenak, iritziak, gaiak... Saiatzen gara bertsolaritzaren munduan dabilen profil askotako jendearekin lan egiten. Uste dut patxada horrek ematen diola balio erantsia aldizkariari.

Bertsolaritza aldatuz joan da urte hauetan; aldaketetara moldatzen jakin duzuela esan daiteke, adibidez, egun eskaintzen duzuen formatu hibridoengatik.

Hori da. Paperekoa gure sorkuntza nagusia da, baina ez dugu soilik paperekoa eskaintzen. Webgunea hor daukagu, eta ez da paperean ateratzen duguna hor eskaintzeko atari soil bat; zenbait kontu ditugu, hor zabaltzen ditugunak: blogariak, podcastak… Adibidez, 30. urteurrenaren harira, bertso idatzien lehiaketa bat antolatu genuen, eta bertso sorta horiek sozializatu nahi genituen, azkenaldian bertso paperek galdu egin dutelako zuten funtzioa, eta lehiaketetara mugatu direlako. Oskar Estangak musikatu ditu, eta abesti gisa zabalduko ditugu.

Paperaren krisiari aurre egiteko, formatu berrietara egokitu da aldizkaria; halere, bilduma izaera ere badu. Hori lagungarria da paperean ere irauteko?

Gure apustua hori da: uste dugu bilduma izaera hori modu bat dela harpideak ikusteko bere bizitzako esparru bat, bertsolaritzari lotutakoa, zer bilakaera izan duen urteekin. Gure ustez, paperak kalitatezko euskarri bat ematen dio, eta horren aldekoak gara. Hala ere, aldizkari guztiak sarean jartzen ditugu, libre irakurtzeko.

Aldizkarian agertutako argazkiak ere digitalizatu dituzue. Balio handiko artxiboa izango da.

Bai, lan handia egin dugu azken bi urteetan: 10.000 argazki inguru digitalizatu, etiketatu eta igo ditugu. Argazkigintza eta diseinu aldetik, aldizkaria puntakoa izan da beti, eta jarraitzen dugu apustu hori egiten. Diseinuan Txema Garcia aritu da, eta argazkilari lanean, Conny Beireuther; eta orain Andoni Lubaki ere sarritan izaten dugu taldean. Hori erabiltzailearen esku egotea altxor handia da.

Komikigintzarekin ere apustua egin duzue azkenaldian.

Bertsozale komunitatea oso profil ezberdinetako jendeak osatzen du, eta bada talde zabal bat, zeinak bertsolaritza gustuko duen, baina baita beste kultur adierazpide batzuk ere. Komikigintza ere bada askotariko jendearengana iristeko bide bat, eta horretan gabiltza. Neguan Gaztelumendi anaiekin komiki bat publikatuko dugu: Bidea da borroka.

Bertsozale belaunaldi berriengana iristea lortu duzue?

Esango nuke iritsi garela, bereziki komiki, podcast eta halakoen bidez. Paperekoari dagokionez, etxe askotan bertsozaletasuna belaunaldiz belaunaldi pasatu da, eta etxe askotan jarraitzen dute aldizkaria jasotzen 30 urteren ondoren. Baina badugu zer asmatu. Bertsolari eta bertsozale gazteak parte hartzen ari dira aldizkarian, eta jarraitu behar dugu horretan, haientzat aldizkaria espazio interesgarria izan dadin bertsolaritza ikusten duten bezala kontatzeko. Hori izan liteke erronka nagusia.

Gaur egun aldizkaria osasuntsu dagoela esango zenuke?

Bai. Pandemiarekin beldurra izan genuen, baina uste dut oinarria badagoela, eta handitzeko marjina. Jarraitu behar dugu aldizkaria indartzen, harpide eta kolaboratzaile sarea zabaltzeko. Hori da bizirik jarraitzeko bermea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal kantuan, bertsokideak atzean dituela. ©BOB EDME

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Miren Mujika Telleria

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk ©BERRIA

Artxiboetan barna sartzeko

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...