Albistea entzun

Pizgarri izan den eraldaketa

Aitor Aldanondok Harria musika proiektua sortu du, eta lehenengo diskoa atera
Harria taldeko kideak kontzertu batean.
Harria taldeko kideak kontzertu batean. HARRIA TALDEA Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2023ko maiatzak 27

Orain arteko proiekturik pertsonalena abiatu du Aitor Aldanondo musikariak: Harria. «Nik idatzi ditut hitzak, nik abestu dut... Beti izan dut halako zerbait egiteko gogoa», nabarmendu du proiektuaren sortzaileak. Brigada Criminal taldeko gitarrista izan zen lehendabizi, Haritz Artolarekin batera Fiachras sortu zuen 2008. urtean, Bizardunak taldeko azken bi diskoetan parte hartu zuen, eta What a Band-en ere aritu zen, baxu jotzaile. Erronka gisa hartu du proiektu berria, eta bere bizipenak abiapuntu hartuta ondu du Harria izen bereko estreinako diskoa. Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioan grabatu dute.

Folk kutsuko hamabi kantuko lan bat da emaitza. Saturno da horietatik lehenengoa: «Diskoa girotzeko kantu instrumental bat da». Gerora, baina, hainbat musika estilo tartekatu dituzte. Musika latinoa, elektronikoa, rocka eta psikodelia, esate baterako. Joan den azaroan aurkeztu zuten, eta pozik daude orain arteko harrerarekin.

Nagusiki, bizitzako gorabeherak hartu ditu hizpide Aldanondok kantuak sortzeko orduan. «Ariketa sakona izan da Harria: eraldaketa pertsonal bat, barne lanketa bat. Baina uste dut diskoa, berez, positiboa dela», zehaztu du: «Beti izaten dira arazoak bizitzan, baina, ikuspuntua positiboa bada, horietatik ikasi egiten da. Krisi horietatik aukera ederrak sortzen dira. Horixe islatu nahi izan dut».

Maitasuna, tristura, poza, ikasketak eta arazoei irtenbidea aurkitzeko nahia dira, besteak beste, diskoko gai nagusiak. «Asko du barrura begiratzetik, sufritzetik, lanketatik eta garapen eta moldaketa aberatsetatik. Azken finean, heriotza eta pizte sinboliko hori nabarmendu nahi izan dut», laburbildu du.

Pandemia garaia mugarri izan zen musikariarentzat. Orduan abiatu zuen proiektua garatzeko ideia: «Garai hartan hasi nintzen diskoaren nolabaiteko unibertsoa sortzen». Izan ere, kantuetako batzuk aspalditik zeuzkan idatzita: «Kabiak izango da, agian, diskoko kanturik zaharrena: zortzi urte inguru ditu; Hil edo bizi abestiak ere badu denbora pixka bat; baina beste batzuk berriagoak dira: Hau dena bukatzen denean, kasurako».

Harria izenari dagokionez, musikariak ez dio aparteko bueltarik eman: «Bergarako (Gipuzkoa) Elosumendiko harri bat da diskoaren azalean agertzen dena. Toki berezia da niretzat: lasai egotera joaten naiz hara. Baina, horrez gainera, Odei Alkimia ere asko gustatzen zait, eta alkimia horrek harri filosofikoari egiten dio erreferentzia. Oro har, harri asko daude bizitzan, eta ez dio gauza bakarrari erreferentzia egiten».

Hasieran, bi proiektu izan zituen esku artean Aldanondok: Maitane Azkarate bikotekidearekin bata, eta Ekaitz Aranberri adiskidearekin bestea. Gerora, baina, biak uztartzea erabaki zuen. «Maitanek diskoko kantu batzuetan abestu du, eta Aranberrik abesti bi egin ditu: Erantzun bat eta Ainubean», azaldu du Aldanondok.

Hiru horiek ez ezik, musikan ibilbide oparoa duen Guille Sanz bateria jotzailea ere bada taldeko kide —Belceblues eta What a Band taldeetan ere aritu zen aurrez—. Hala ere, ibilbide osoan ezagututako zenbait musikarik ere parte hartu dute diskoan. Besteak beste, Iñigo Cabezafuegok, Haritz Artolak, Adolfo Alcocerrek eta Freddi Pelaezek. Horietako batzuk kontzertuetan ere aritzen dira: Alcocer gitarran, eta Pelaez teklatuetan. Baxu jotzaile, berriz, Ander Elorza aritzen da.

Egokitze prozesuan

Euskal eszena nabarmen aldatu bada ere, horretara egokitzeko bidea hasi du Harria taldeak: «Gaur egungo euskal musikaren eszenan galdu samar gaude, egia esan: gauzak asko aldatu dira, eta horretara egokitzen gabiltza oraindik».

Arazo pertsonalen ondorioz, maiatzean ez dute kontzerturik emango. Hala ere, ekainean ekingo diote berriro Hil edo bizi tour birari. Bi kontzertu iragarri dituzte ordurako: Bergarako Ekinez jaialdian izango dira ekainaren 9an eta 10ean, eta Barrikan (Bizkaia) ekainaren 24an.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...