Hil-hurren izan arteko bizi aleak

Rafa Ugaldek 'Hondar aleak' aurreneko poema liburua kaleratu du, Ereinekin. Blas de Otero Bilbo Uria lehiaketa irabazi zuen iaz, eta bizitzako garai ezberdinetan ondutako poemek osatzen dute saritutako bilduma

Rafa Ugalde, Hondar aleak bere lehen poema libura eskuetan, Donostiako Parte Zaharrean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Berrogeita hamar urtetik gora hiltzan hasten gozak». Hala esan zion senide batek Rafa Ugalderi (Zornotza, Bizkaia, 1961), hil-hurren zen beste senide bati bisitan joatean. Barruan du esana ordutik, eta hortik abiatuta aurkeztu zuen atzo aurreneko poema liburua, «beraz, ni hiltzen hasia naiz» esanez. Ugalde narratiban aritu da gaur arte —gazte literaturan, batik bat—, baina poemak ere idatzi ditu aldiro-aldiro, eta Hondar aleak liburuan atera ditu orain argitara. Gehienak azken hamarkadetan idatziak dira, azken bost urteetan gehientsuenak, baina badira duela hogei urte baino gehiagotik gordeta izan dituenak ere. «Solte egon den poesia multzo horretatik zerbait gorpuzten saiatu nintzen, eta bilduma bat egin zitekeela ikusi nuen. Egindako ibilbidearen isla da». Bilboko Udalak antolatzen duen Blas de Otero Bilbo Uria Nazioarteko X. poesia lehiaketa irabazi zuen poema bildumarekin iaz, eta Erein etxeak argitaratu du orain.

«Bizitzaren eskarmentua erakusten duen poema-liburua» idatzi du Ugaldek, Iñaki Aldekoa editorearen arabera. Gaien ugaritasunean ikusten du hala, eta «adinak» ematen duen talaia azpimarratu du editoreak: «50 urtetik gora, gauza asko dira atzean hasten hasi garenak». Bada, gibelean utzitako horiek eta egungo bizipenak dira liburua osatzen duten aleak. Egilearen hitzetan, «pertsona baten bizitza-atalak, sasoi ezberdinak, sasoiaren arabera ezberdin sentitzen ditugunak... Azkenean, norberak egin duen ibilbidearen isla».

Liburuko konstanteetako bati berbakeria eta desgizona hitzak jarri dizkio egileak. «Berba larregi eta modu artifizialean erabiltzen ditugu askotan», esan du. Ugalde biologoa da formakuntzaz, eta animaliekin duen «sentsibilitatearekin» lotuta ikusten du ardura hori. «Barruan daukagun animalia apur bat galdu egiten dugu; berbetan gehiegi murgiltzen gara, eta gutxi isiltasunean».

Bizitzako gorabeheretan, nahigabeetan, pertsona galduta dabilen boladetan idatzitako poemak ere bildu ditu Ugaldek. «Bizitzan, faseak ditugu, eta batzuetan ez dakigu non kokatu; gure buruari galdetzen diogu zer egiten dugun hemen, zer den bizitza». Ni ez naiz hemengoa izeneko poema irakurri zuen horren adibide, liburu aurkezpenean, bidenabar, Joseba Sarrionandiari keinu bat eginez.

Amodioa eta desamodioa ere agertzen dira liburuan. «Zelan ez, horrekin bizi gara!», esan du, irri txikiz. Eta, maitasunarekin batera, beste gai iraunkor bat, denboraren joana. Ugalde: «Nik ez dut berriro 30 urte eduki nahi, hori badakit zer den. Baina denbora apur bat astiroago joango balitz... Joan egiten zaigu eskuetatik». Denborari so, Ugalderi haurtzaroa datorkio sarritan gogora, eta horri ere egin dio leku poemetan. Baita heriotzari ere, eta, batik bat, aita zenduari, hari eskaini baitizkio hainbat poema.

Lurraldearen defentsa

Ugaldek lurraren aldeko aldarrikapena ere jaso du zenbait poematan. «Lagun batek esaten zuen moduan, euskaldunok, jaikitzen garenetik oheratzen garenera arte, aldarrikatzen gabiltza gure izatea, gure lurraldea; azkenean, geu garena». Multzo horretan sartu du, esaterako, Terrorista izeneko poema, eta «berbarekin manipulazioa» salatu du bertan. «Gaur egun, makilatxo bat hartzen duena terrorista da. Eta uste dut herri txikiak, kultura txikiak behar derrigorra duela bere burua babesteko. Bestela, jan egiten zaituzte, garbi esanda. Neurriz egiten dugu berba horren inguruan, eta neurriz egin behar dugu, baina txikerrak bortitza izan behar du bere buruaren defentsan».

Azken buruan, Ugaldek «itxaropen bat» jaso nahi izan du. «Denborak aurrera egin ahala, gaztetako energiak agortuz doaz, eta uste dut horrek plazera sorrarazten digula. Adinarekin, zalantzak sortzea lasaitasunez hartzen dugu, eta batzuetan badirudi helburua ahalik eta baretasun handiena lortzea bihurtzen dela». Sentipen hori hondartza baten irudiarekin erkatu du, neguko hondartza batekin. Hondartza bezain bare poeman jaso du hori liburuan: «Ibilbidearen bukaeran, pertsonaren itxaropena da bizitzaren amaiera hondartza bat bezain barea izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.