Gizakia eta natura, iraun ahala aldatzen

Jon Gerediagak 'Urtaroak eta zeinuak' poema liburu berria plazaratu du, Pamielarekin. Lau ardatz nagusi gurutzatu ditu: natura, giza begirada eta irautearen eta eraldatzearen indarrak

itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Antzerkiaren bueltan argiratu zen aurrenekoz Jon Gerediagaren izena (Bilbo, 1975). Handik poesiaren eremura jauzi egin zuenetik, lur hori lantzen dihardu. Bosgarren poema liburua ondu berri du, Urtaroak eta zeinuak, natura jarrita liburuaren motorrean. Natura, eta haren aurrean, barruan, han, gizakia. Gerediaga bien arteko «medium» bilakatu da poemetan, Jose Angel Irigarai Pamielako editorearen esanetan. «Naturaren ifrentzuak eta naturari berez dariona, poesiaz baino gehiago, poesian ikusten du berak, eta ikusarazten digu».

Editoreak dio hori dena Gerediagak barnean daramatzan «munduek, kontraesanek, talkek eta existentzian kokatzeko beharrak» akuilatuta egiten duela. «Inpresioa daukat poesia idaztea bera zaiola existentzian kokatzeko lagungarriena, bizitzen asmatzeko eta bizitzari dagokion poetikotasuna aurkitzeko; beraz, bere burua osatzeko».

Poema batek, baina, orokortasunik ez, zehaztasuna bilatzen du, Gerediagaren iritziz. «Poemak detaileetan gauzatzen dira», dio. Izenbururik ez dute, eta ez daude ataletan sailkatuta liburuan; jarraian datoz denak. Badira ardatz nabarmen batzuk, halere. Lau atzeman ditu egileak, natura horietan agerikoenak; zehatzago, naturako lau elementuak: sua, ura, lurra eta airea. Hori du maiz poema bat abiatzeko lehen urratsa. Gizakiaren begirada da bigarren ildoa, poetaren ikusmira. «Hor agertzen den natura hori natura humanizatua dela pentsatzen dut; poemetan agertzen dena ez da mendi bat edo zuhaitz bat, gizakiak egindako zeinuak edo sinboloak dira; neurri horretan, gizakiaz hitz egiten dut, zeharka bada ere».

Beste bi ardatzak itxuraz kontrajarriak diruditen bi indar dira, baina, egilearen ustetan, elkarren eskutik joan ohi dira. Iraupena da horietan aurrena. «Badago ezinbestean iraun behar duen hori goraipatu nahi bat, babestu nahi bat». Eta, harekin batera, eraldaketaren indarra: «Ez da aldaketa bortitz bat, bat-bateko bat, baizik eta eraldaketa geldo baina sakon bat. Sugar gozo eta apal batek eragiten duena».

Liburuak beste titulu bat ere izan zuen aurretik, artean zirriborro fasean zegoenean: Sugar urdina. «Poetikoki pentsatzen dut materiaren barruan eta gizakion barruan badela sugar urdin bat bat, sugar apal bat, materia etengabe eta ezinbestean eraldatuz doana; geldo, agian geldoegi, baina ezinbestean eta modu sakon batean».

Sugar urdina izendatu behar zuelakoan, Gerediagak sugar urdin bat marrazteko eskatu zion alabetako bati, Maiteri, hark 3 urte zituenean. Margo zurrusta bat orri batera bota, tolestu, eta atera zen irudia gorde egin zuen idazleak. Izena aldatuagatik ere, irudi hori eraman du Urtaroak eta zeinuak-en azalera.

Erantzun bako poemak

1990eko hamarkada amaieran, Gerediaga Antzerkiola Imajinarioa taldeko kide izan zen, eta orduan piztu zuen askoren interesa, Irigarairen esanetan. «Hor trebatu zen, oso modu berezian, iruditegi berezi bat sortuz». Lehen poema liburua 2004an kaleratu zuen: Fitola balba, karpuki tui. «Inarrosaldi bat» izan zen editorearentzat. «Ordurako nabaritzen zen bazetorrela zerbait Jon Gerediagaren baitatik». Ordutik, hiruzpalau urtetik behin eman du lan bat argitara, guztiak Pamielarekin: Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007); Zentauro-hankak (2012); eta Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015). Ibilbide horretan hasieratik zer nabarmendu den, Ander Lipus Antzerkiolako kide izan zenaren hitzetan esan zuenIrigaraik: «Lipusek esaten zuen Gerediagaren hitzetan, poetikoetan zein antzerkiko testuetan, ez dagoela erantzunik, ez oraingo egoerari, ez kezka existentzialari; dagoena poesia da».

Hala, Gerediagak poema gutxi batzuk irakurriz amaitu zuen aurkezpena. Irakurri zituenen artean, ondorengo hau: «Batzuetan dei bat heltzen da/ hiria inguratzen duten basoetatik,/ eta ereka-ertzeko hostotza nagiak/ seinale samur bat egiten du,/ eta mendialdetik edo goragotik/ jaisten den haizen leun batek dio:/ hemen har dezake une batez atseden/ giza bihotz baten nekeak edo irrikak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.