Metala, historiara jotzeko

Incursed taldeak bosgarren lana kaleratu du, 'Baskavigin', euskal baleazaleen kontrako sarraskia kontatzen duen diskoa

Incursed taldeko kideak Baskavigin izeneko lan berriaren azaleko argazkian. INCURSED TALDEA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Orain arteko diskorik landuena da». Hori uste du Jon Koldo Tera (Durango, Bizkaia, 1990) Incursed taldeko teklatu jotzaile eta abeslariak Baskavigin lan berriaz. Teraz gainera, beste lau kidek osatzen dute Incursed musika taldea: Lander Louridok (gitarra), Oier Calvok (gitarra), Haitz Etxebarriak (baxua) eta Asier Amok (bateria). Otsailean kaleratu zuten euren ibilbideko bosgarren lana, euskarazko abesti gehien biltzen dituena.

Baskavigin izenburuak duela 400 urte Islandian izandako gertaera bati egiten dio erreferentzia: «Islandieraz, euskal bale arrantzaleen hilketa esan nahi du hitz horrek». Zehazki, 1615. urteko gertaera batekin lotuta dago: 32 euskal baleazale Islandiara heldu ziren, eta Vestfirdir eskualdeko bizilagunekin arazoak eduki ondoren, hil egin zituzten. «Istorio bitxia iruditu zitzaigun, eta horrek interesa piztu zigun». Izan ere, taldekideei «betidanik» gustatu izan zaie Islandiako musika, mitologia, kultura zein historia: «Gure aldetik beti egon da zaletasun bat herrialde horrekiko, eta, ondorioz, norabide horretatik jorratu dugu gure musika ere».

Hasieran ingelesez abesten bazuten ere, apurka-apurka, euskarazko abestiak egitera animatu dira taldekideak. «Aurreko lanetan ere euskarazko abesti batzuk konposatu genituen, baina oraingoan Euskal Herriarekin lotutako kontakizun bat sartu dugunez, horrek eraman gaitu euskarazko abesti gehiago egitera». Teraren hitzetan, «asko» gustatzen zaie euskarak metal musikan duen «sonoritatea», eta horrez gainera, euskaraz, «oso gustura» abesten dute. Hain zuzen ere, goraka doan tendentzia dela azpimarratu du Terak: «Agian egunen batean euskaraz baino ez dugu abestuko, nork daki».

Hamaika abestiz osatuta dago lan berria. Metal doinuak dira nagusi, baina folk eta pagan ukituak ere baditu: «Metala beti dago presente, baina instrumentu folklorikoak eta metal arloko azpiestilo ugari ere nahastu ditugu». Era berean, muturreko estiloak uztartu dituzte euren abestietan, ahots garbiak eta urratuagoak tartekatuz. Letrei dagokienez, istorio epikoak eta umorea dira nagusi: «Umore tanta batzuk sartu ditugu, hori ere beharrezkoa delako».

Zalantzaz beteriko urtea

Bosgarren diskoa finantzatu ahal izateko, Internet bidezko diru bilketa bat jarri zuten martxan. Gainera, publikoaren aldetik, espero baino erantzun hobea jaso zuten. «Ez genuen horren erantzun positiboa espero, jende pila bat inplikatu zen, eta horrek asko lagundu zigun, ekonomikoki batez ere».

Diskoa iazko uda amaieran kaleratzeko asmoa zuten, baina pandemiaren ondorioz, publikazio data atzeratu behar izan zuten. «Itxialdian diskoa grabatuta zegoen, baina nahasketak egitea geratzen zitzaigun». Hala ere, horri esker, diskoa hobeto prestatu ahal izan dute: «Nahiago izan genuen publikazio data atzeratu eta patxada handiagoarekin landu diskoa». Bestalde, zuzeneko kontzertuen inguruan «zalantza eta ezegonkortasuna» dira nagusi: «Dena dago airean, ez dakigu zer gertatuko den; hortaz, ikusiko dugu denborak aurrera egin ahala zer gertatzen den». Taula gainera igotzeko «desiratzen» daude taldekideak.

Incursed Aranda de Dueron (Burgos, Espainia) sortu zen 2007an. Hasiera batean, unibertsitatean elkar ezagututako lagunek osatzen zuten taldea. Hala ere, gerora, batzuek taldea utzi zuten, eta beste batzuk sartu ziren. Egun, bost kidek osatzen dute: «Orain, zuntz euskaldunagoa dugu». Izan ere, taldekide guztiak dira euskaldunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.