Toporren trazu ubel eta fantasiazkoena

Roland Topor artistaren 51 grabatu biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Donostiako Kutxa Kultur Plazan, Beldurrezko Asteari lotuta
<em>Jeux de tables (I-VI)</em> (1993) obra, Kutxa Kultur Plazako erakusketan, Donostian.
Jeux de tables (I-VI) (1993) obra, Kutxa Kultur Plazako erakusketan, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko urriak 25

La Codorniz Espainiako aldizkari umoretsuaren arduradunak behin esan zuen Roland Toporrek ez zuela umore beltza egiten, umore ubeldua baizik; ukabilkada bat jaso ostean geratzen den aurpegi bat halakoa. «Definizio ederra iruditzen zait», abiapuntuko aitorpena Asier Mensurok, Toporren lanaren zale eta bildumagileak. «Halakoa da, hain zuzen, haren grabatu famatuenetako bat, Opus aldizkariaren azala izan zena: aurpegi bat ukabilkada batekin». Ez du irudi hori bere bilduman, baina baditu beste hamaika, grabatuak eta Toporrek zinemarako egin zituen kartelak batez ere, eta Mensuroren bilduma horretatik hartutako 51 lan jarri dituzte ikusgai Donostiako Kutxa Kultur Plazan, Roland Topor-en Fantasiazko artea erakusketan. Izenari zor, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin elkarlanean ondu dute, eta abenduaren 8ra bitartean izango da zabalik.

Artista multidiziplinarra izan zen Topor (Paris, 1938 Paris, 1997). Zinemagintza, literatura, operako zuzendaritza artistikoa eta ilustrazioa landu zituen batik bat, eta guztietan agertutako giro surrealistak eta umore beltzak, ubelak, bereizi zuen haren obra. Ibilbidea marrazkilari gisa hasi zuen, 1950eko hamarkadaren amaierako frantziar argitalpen satirikoetan. Andre Bretonekin eta garai hartako autore surrealistekin harremana izan zuen garai hartan, baina apurka distantzia hartu, eta surrealismoa dibertsioarekin uztartuko zuen talde bat sortu zuen 1962an: Paniko taldea. Fernando Arrabal, Alejandro Jodorowski, Jacques Sternberg eta Oliver O. Olivier izan zituen taldekide, eta, Mensuroren hitzetan —berak egin ditu komisario lanak erakusketan—, Donostian bildutako irudi guztiek jasotzen dute «pan espiritua», kulturak eta jakintza orok «izaera jaizale bat» izan behar dutela dioena.

Garai bertsuan eman zuten lehen jauzia Todorren izenak eta obrak, 68ko maiatzaren bueltan: besteak beste, ikasleen aldizkarietan marrazkiak argitaratzen hasi zenean. «Hortik dator bera», azpimarra Mensurok. «Undergroundetik, probokaziotik... Nazioarteko itzala duen artista batez ari gara hizketan, baina, halere, ospeak eztitu ez zuen artista bat da bera; amiñi bat ere ez zen aldatu ospearekin. Ez da mozten. Eta artisten %99, arrakasta lortzen dutenean, merkatura moldatzen dira».

1968koa da, hain justu, Kutxa Kultur Plazako erakusketan bildu duten piezetan zaharrena, Les passions moyennes izenpetutako litografia. Gizonezko bat eta andrazko bat ageri dira; andrazkoa, zepilo bat eskuin eskuan, gizonaren bizkarraldetik pasatzen, eta pasatu ahala haren bizkarra ezabatuko balu bezala; ezabatutakoa, hauts mendi bihurtzeko lurgainean. Gisako irudiak dira inguruan ikus daitezkeenak ere; denek dute elementu fantastikoren bat: soineko baten azpitik arrastaka doan hilotz itxurako izakia; gizon txiki batek emakume baten pubiseko ileei putz egin eta aireratzen dituen eszena; heriotzaren igitaiarekin doan emakumearen irudia, bizkarrez, alboan gorputz atal solteak airean daudela... Serie askotako irudiak dira, gehienak 1970eko hamarkadatik 1990ekora bitartekoak.

Haragiaren deformazioa

Fantasiaren unibertsoaren barruan, ildo erotiko nabarmen batek ere batzen ditu Toporren lanak. Emakume gorputz biluziak ageri dira askotan. Horien artean, mitologia grekoko bederatzi musetan oinarritutako seriea azpimarratu du Mensurok. Bederatzi irudi dira denera, bat musa bakoitzeko. Horietatik sei ditu bere bilduman komisarioak, eta seiak daude erakusketan. «Zerbait oso toporianoa dute: haragiaren deformazio, eraso eta suntsiketa erabatekoa, minaren eta heriotzaren metafora gisara erabiltzen duena».

Erakusketan arreta jarri behar zaion beste puntu bat izenburuena da, Mensurorentzat. «Esaterako, grabatu batzuetan andre batzuk ageri diren mahai batean, gizon bat ageri da mahaipetik, belaunek begiak dituzte... Eta izenburua da: Jeux de tables, mahai jokoak. Horrekin asko jokatzen du artistak».

Toporrek darabilen umorea «lezio» bat iruditzen zaio komisarioari, artistaren «handitasunaren» zutabe nagusietako bat. «Esan ezin den lekuraino nago hain erraz sumintzen den jendeaz. Guztiaz barre egiteko gauza baldin bagara, norbere buruarengandik hasita, umorea askatasun hutsa da». Haren arabera, hala erakutsi zuen Toporrek marrazkigintzan eta landu zituen beste kultur esparruetan ere. Literatur lanetan, 1964ko Le Locatarie Chimérique eleberria ekarri du gogora, garaian bestseller bihurtu zena eta Roman Polanskik aurrerago zinemara eramana zuena. Eta zinema aipatuta, Federico Felliniren esan bat ere aipatu du Mensurok, berak ere berresteko: «Fellinik esaten zuen Topor zela XIX. mendetik zetozen ilustratzaile handien azken ordezkaria, unibertso propio koherente eta bakarra zuena. Horregatik eskatu zizkion, esaterako, Casanova filmerako hainbat eszena berari». Umorearen, heriotzaren eta «oinarri-oinarrizko ideien» inguruan ardazten den unibertso bat, Mensuroren iritziz.

Zuzeneko irrati saioa, 31n

Kutxa Kultur Plazak eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak lankidetzan antolatzen duten laugarren erakusketa da Toporrena. 30. urtemuga du aurten zinema jaialdiak, eta, elkarlana «indartzeko» asmoz, beste ekitaldi bat ere gertatu dute batera aurten: La Hora Canibal irratsaio berezia grabatuko dute Kutxa kultur Plazan, hilaren 31n, eguerdian. Borja Crespok zuzenduko du zuzeneko saioa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna