Hondarrezko ordulari bat ospitaleko gelan

Eider Rodriguezek 'Eraikuntzarako materiala' nobela argitaratu du. Bien artean ia harremanik ez duten aita-alabak ditu protagonista

GORKA RUBIO / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ospitalean dago alaba, iktusa izan duen aitaren aldamenean. Elkarren artean ia harremanik ez duteEider Rodriguezen lehen nobelako protagonistek. «Gutxika-gutxika eraisten ari den aita horren parean, gutxika-gutxika bere burua eraikitzen ari den alaba dago; hondarrezko ordulari bat bezala, erdi bat hustu ahala betetzen da beste erdia», azaldu du idazleak. Susa argitaletxearekin plazaratu du Eraikuntzarako materiala.

«Ez dakit zelan definituko nukeen liburua», adierazi du Leire Lopez editoreak. «Pertsona baten hondamendiaren kontakizuna izan daiteke; familia harremanen zailtasunei buruzko liburua; alaba bat aita baten irudian arakatzen; saiakera bat ulertzeko giza harremanetan ulergaitz egiten zaigun hori, pertsona bati lotzen gaituen hori, nahiz eta trukean ezer gutxi jaso, edo ezer gutxi uste dugun horri hitzak bilatu eta zerbait bat osatzeko saiakera». Ospitaleko gelan abiatzen da kontakizuna, eta, editoreak iragarri duenez, lehen orrialdetik jakingo da «ohean dagoenaren gainbehera lehenagotik datorrela. Medikuak, eufemistikoki, aitaren arazo hepatikoa aipatzen duenean. Liburua izan daiteke arazo hepatiko horren jatorria, bilakaera, albo kalteak aztertzeko bide bat ere».

Amaiera aldera datorren esaldi bat irakurri du Lopezek: «Hau ez da idaztea, hau berarekin egotea da ni beste norbait izanda». Haren ustez, oharkabe pasa daitekeen baina garrantzia duen esaldia baita. «Narratzailea idazlea ez den beste norbait da, gutxienez testuaren barruan, eta horrek aukera ematen dio errealitatean heldu ezin den lekuetara heltzeko».

Liburuaren «armazoiak» lau atal ditu. «2008ko abenduan hasi, eta 2019ko azarora arte iristen den egunerokoa da lehen atal bien hezurdura, alabaren ahotsetik irakurriko duguna». Narratzaileak atzera egin, eta iragana orainaldi ere bihurtuko du, «gogoratzeko baino gehiago, haren begietatik» ikusarazteko. Hirugarren atalean, narratzailea lehen pertsonatik bigarrenera igaroko da; «aita horri hitz egingo dio, baina ez alabaren ahotsetik, hirugarren pertsona bihurtuko baita alaba». Eta azkenaren oinarria aitak amari soldadutzatik igorritako gutunak dira, «alabaren egunerokoaren txatalekin eta gutunei egindako oin-oharrekin batera». Batez ere gutunon bidez helduko zaio irakurleari aitaren ahotsa. Narrazio mekanismo ugari baliatu ditu, hortaz, idazleak. Eta orain arteko lanekin alderatuta «material ezberdinetatik» abiatu arren, liburu berrian ere «zehaztasuna» da haren idazkeraren ezaugarrietako bat, editorearen ustez.

Ia hogei urtez etxe berean bizi arren, protagonistek ez diotela elkarri hitzik egiten, ez dutela elkar ukitzen azaldu du Rodriguezek. «Baina begiradak, usaimenak, entzumenak beren lana egiten jarraitzen dute. Baita isiltasunek ere, esan nahi ez direnek eta esan ezin direnek. Isiltasuna, gotorleku baino, guda-zelaia da haiek inguruan dabiltzanean».

Zerrendatu du zaldiak, zigarroak, igerilekuak, odol isuriak, zeramika, zementua, harea, autoak, landareak, sua, gezurrak, egiak, Jaizkibel mendia, lotsak, baleak, kamioiak, telefono deiak, erorketak daudela liburuan. «Eta batez ere alkohola, alkohola dena bustitzen, hondatzen, desitxuratzen, hankazgoratzen. Aita alkoholikoa baita, eta neska, alkoholiko baten alaba. Baina horrek ez du gauza handirik esan nahi, eta horregatik idazten du; bilaketa hori da liburu honen idazketa, hitz nekatu horien atzean dagoena da narratzaileari interesatzen zaiona. Nor gehiago da eraikuntzarako materiala saltzen duen tipo hori? Alabarentzat hondamendiaz idaztea aitarekin egoteko modua bilakatzen da, idatziz alaba beste norbait bilaka daitekeelako».

Hain zuzen, idazlearen esanetan, «nobela hondamendi horri biziraun dionaren kronika da, harreman horren kontakizun, kronika intimoa». Aita beretzat den misterioa argitu nahi duen alabaren «abentura» ere bada. Baita maitasunari buruzko nobela bat ere, «maitasunak har ditzakeen bide oker eta makurrei buruzkoa, hain zuzen ere; alegia, maitasuna bere konplikazio guztiekin».

Hitzak «tropelean»

«Ez idatzi nahiago izango nukeen liburua ere bada, barruan neramana, isilean, ezin idatzizkoa iruditzen zitzaidana. Aldiz, blokean atera zait ia irteten utzi diodanean». Ekin aurretik, istorioa kontatzeko hitzak faltako zitzaizkiola pentsatzen zuen Rodriguezek. Jarri orduko, ordea, «tropelean» iritsi zitzaizkion, «ia modu ukigarri batean, irudiekin batera askotan». Hitz eta irudiok «sintaxiaren legeetara makurraraztea» izan da harentzat lanik handiena.

Liburu hasieran datozen Maurice Blanchoten hitzak ere aipatu ditu idazketa prozesua azaltzeko —«Ez zara zu izango hitz egingo duena; utziozu hondamendiari zure baitan hitz egiten, nahiz eta ahanzturaren edo isiltasunaren bidez izan»—, orri zurian jarritako lehenak eta beretzat «premonizio, agindu, mantra, baimen lanak» egin zutenak baitira. «Pentsatzen nituenik ere ez nekien gauza ugari dago nobelan, sentitzen nituela jakin arren hitz horien forma hartuko zutenik ez nekien esaldi ugari ere bai, esan nitzakeenik ere ez nekien esaldiak, eta ez, ez ditut esan, idatzi egin ditut. Esan ezin arren, idatzi ahal izan ditudan kontuak baitira».

Eguneroko zatiak, gutunak, zerrendak, gogoetak, galderak... Lopezek bezala, idazleak ere uste du liburua eraikitzeko baliatu dituen materialak ugariak direla, eta, alde horretatik, «testura ugari» dituela. «Piezon zergatia istorioari ertz ezberdinetatik begiratzeko beharra nuela izan da, esku askorekin ukitu, baldin eta ulertu nahi banuen». Tonu asko dituen lana dela ere uste du, eta «kontakizuna iluna izan arren, badagoela etengabeko argiaren bilaketa bat». Hori islatzen du, haren iritziz, Lander Garroren azalak ere.

Amaitzeko, gehitu du nobelan pertsonaia gehiago ere badirela, kontakizuna «zabaltzen» dutenak, eta Errenteriak (Gipuzkoa) presentzia handia duela ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.