Leku izenak poesiatik irakurtzea

Fito Rodriguezek 'Izendegi hutsa' poema liburua kaleratu du, Ernestina Champourcin sariketa irabazita. Izagirrek idatzi du hitzaurrea

Koldo Izagirre eta Fito Rodriguez idazleak, atzo, Donostiako Pandora tabernan, Gros auzoan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Poesiaren bidetik, harriek, mendiek, ibaiek, herriek hitz egin dezakete; hitz egiten dute. Fito Rodriguezentzat bai (Gasteiz, 1955). «Toponimoak olerki fosilizatuak direlako», dio lan berriaren hitzoste modura irakur daiteken idatzian. Eta segitzen du: «Arabako herrien izendegia irakurtzen dugularik, aspaldiko poesia ari gara irakurtzen». Hor daude, izendegian, espazioen mintzaira, komunitatearen hizkuntza laua, harrien zein herrien istorioak. «Guk, poesiaren bidez, irakur ditzagun». Euskal toponimiaren eremu zabaletik izen batzuk hautatu, horiek abiapuntutzat hartu, eta poema sorta bat osatu du Rodriguezek. Ernestina Champourcin sariketara aurkeztu zuen iaz, eta Felipe Juaristik, Iñaki Aldekoak eta Arantxa Urretabizkaiak osatutako epaimahaiak saritu egin zuen sorta. Argitara atera du orain Arabako Foru Aldundiak, Izendegi hutsa izenpean.

Ia ehun poema dira, lerro gutxikoak gehien-gehienak. Alfabetikoki ordenatu ditu egileak: Aramaion-ekin abiatu eta Zuhatzu-ra arte, askotariko gogoeta eta irudiak bilduta. Koldo Izagirre idazleak egin du hitzaurrea, eta honela deskribatu du Rodriguezek liburuan egindako ariketa: «Poetak gogoeta librean garamatza gezurrezko afinitateak eta ibilbide asmatuetan barrena nomadismo herrarian hitzetik gogora eta gogotik hitzari». Izagirreri iruditu zaio poetak bere burua «proiektatu» duela leku izenetan oinarri hartuta, eta, «ezinbestez», poesiaren beraren gaineko gogoeta bat ere bildu duela Izendegi hutsa-n.

Izagirrek bigarrenez egin dio hitzaurrea Rodriguezen lan bati. 2001. urtean egin zion estreinakoz; ordura arte, filosofiari eta pentsamenduari loturiko lanak argitaratu zituen. Eta orduan zera esan zuen Izagirrek, Magrittek ez omen zuen pipatzen (Txalaparta) argitaratzean: «Fitok orain arte liburu asko egin ditu, baina liburu honek bihurtu du idazle». Orduan ohartu zen bazekienari buruz idatzi zituela aurreko liburu denak. Ordea, Magrittek ez omen zuen pipatzen-en ez zekienaz idatzi zuela dio. Rodriguez: «Hor deskubritu nuen hizkuntza literarioa ez dakigunaz idazteko dela, eta ez dela dakigunaz idazteko. Hemen ere ez dakidanaz idatzi dut, eta, beraz, literaturari bidea egin diot».

Garai bertsuko pasadizo bat ekarri zuen, atzo, Donostiako Pandora tabernan egindako aurkezpenera. 2003. urtea zen, eta, Galeusca jardunaldien barruan, hainbat idazle katalan, galego eta euskaldun batu ziren Gernikan (Bizkaia). Tere Irastortza Euskal Idazleen Elkarteko orduko burua idazleak elkarri aurkezteko lanetan zebilen, eta, Rodriguezen txanda iritsi zenean, hark saiakerak idazten zituela esan zien besteei. «Hor enteratu nintzen zer zen egiten nuena», aipatu zuen Rodriguezek. «Uste dut saiatu behintzat saiatu naizela, eta idazle literario bihurtu naizela saiatze horrekin. Alegia, ez dakidanaz idaztearekin, eta idazketa gehiago jakin ahal izateko erabiliz, ikertzeko tresna modura».

Izenen «indar mitikoa»

Izagirre alboan izan zuen Rodriguezek lana aurkeztean. Eta hark ere hartu zuen hitza hitzaurrean jarritakoak aletzeko. Toponimiaren eta mitologiaren arteko harremanaz aritu da bertan lehendabizi; nola Anboto eta Murumendi Marirekin dauden lotuta, kasurako. Leku izenak mitoari lotuta egon arren, lekuek eurek ere mitologia sortzen dutela aipatu zuen, eta ez dela erraz antzematen izenak lekuko izanarekin duen lotura. «Lekuari espiritua eman diona ez baita historia, hitza eta hizkera baizik. Horrek sortzen du historia».

Kristautasunaren etorrerak ere izan zuen eragina izendegiaren garapenean. Hitzei adiera zentsuratu eta indar mitikoa kendu zien, Izagirreren esanetan. Horri «inbasioak, diktadurak, burokratak eta bertako hizkuntza ezagutu gabe bertan bizi direnak...» erantsiz gero, «izenen anabasa» hobeto ulertzen dela dio. Gogora ekarri zuen, halaber, «zientzialariek» zenbait toponimo euskaratik ez datozela esan ohi dutenekoa. Alderdi horri, ordea, garrantzia kendu zion idazleak. «Memoriaren antenak dira toponimoak, baita galdutako oroitzapenenak ere. Ez dira kontu zaharrak». Euskal kantutegian ageri diren leku izenak ere baliatu ditu hitzaurrean: Gorka Knörren «Araba, zazpigarren alaba» eta Etxahun-Iruriren Agur Zuberoa. «Hori kantatuz, Euskal Herri osoa interpretatzen genuen. Zuberoa izan ez balitz, eta Agursorterria izan balitz, askoz ahulagoa izango litzateke, izenak berak daukan indar mitikoagatik»

Izagirrerentzat, toponimoa izan daiteke «gisa bateko artearen hauspoa» ere. Hala ikusten du Rodriguezen lana, filosofiaren eta poesiaren uztarketan, eta toponimoek izan ohi duten zama emozionala bazter utzita. «Bere kasa interpretatu ditu, eta horrek aberastasun berri bat eman die».

Liburua gutxienez bi bider irakurtzeko proposamena ere egin zuen Izagirrek: bat, osorik, bere horretan; eta bi, poemen izenburuak, leku izenak, isilduta. «Toponimoak kenduta, hau pentsamendu jarraitu bat da; atal batak bestea osatzen du; ez dira independenteak, elkarrekin komunikatuak daude. Toponimoak irakurraldian arnasa hartzeko lekuak baino ez dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.