Albistea entzun

Anari, begiekin entzunda

Anariren 'Habiak' diskotik abiatutako 11 artelan bildu ditu Booktegik Bilboko Euskararen Etxean, eta kontzertua antolatu du gaurko
Guztira, 11 sortzailek hartu dute parte Anariren <em>Habiak</em> diskoa oinarri duen erakusketan.
Guztira, 11 sortzailek hartu dute parte Anariren Habiak diskoa oinarri duen erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko abenduak 17 - Bilbo

«Musikazale handia naiz; demagun mila LP ondo ezagutzen ditudala: horietako bost dira, beharbada, abesti ahulik ez dutenak. Oso-oso ezohikoa da disko bateko abesti guztiak onak izatea, eta Anariren Habiak da bost horietako bat». Aritz Branton Booktegi atariko buruari «zoragarria» iruditu zaio beti disko hori, eta pasio hori du abiapuntu Bilboko Euskararen Etxean Hi(zki)bridoak programaren barruan zabaldu duten erakusketak. Musika irudi bilakatu dute. Horretarako, diskoko abesti bana oinarri hartuta, pieza bisual bana sortu dute 11 sortzaile hauek: Izibene Oñederrak, Idoia Beratarbidek, Uxue Pascualek, Zaloa Ipiñak, Nagore Legarretak, Marrabilak, Okene Abregok, Ramon Zabalegik, Maite Arboniesek, Txakur Gorriak eta Alaia Gaztelumendik. Gaur arratsaldean irekiko dute erakusketa, eta Anarik kontzertu-solasaldia ere eskainiko du Euskararen Etxearen aurreko plazan, 19:30ean, Amaia Arakistain Arrietak gidatuta.

Duela hiru urte egin zion Brantonek proposamena Anariri, eta, musikariak aitortu duenez, ezetz erantzun zion lehen kolpean, «lotsagatik». Brantonek proposamenari eutsi, ordea, eta baietz esan zuen, azkenean. «Artistek egindako lanak ikustean, txundituta geratu nintzen. Gauza ederrak egin dituzte, eta halaxe sentitzen naiz orain, gain eginda».

2000. urtean eman zuen argitara diskoa Anarik, Esan Ozenki zigiluarekin, eta bere bigarren diskoa izan zen bere bakarkako ibilbidean. Hogeita bat urte joan dira geroztik, eta, musikariak dioenez, igarri egiten du distantzia hori, ezinbestean. «Denborak abesti batzuk hobeto tratatzen ditu, eta, adibidez, Zubiak, Habiak eta Denbora, hiru horiek dira, nire ustez, ondoen tratatu dituenak».

«Batzuetan, abesti osoa entzuten duzu esaldi bat entzuteko; niri hala gertatzen zait besteen kantekin, eta esaldi hori da abestia zuretzat». Anarik dioenez, musikariari ezinezkoa zaio bere abestiek entzuleengan duten oihartzuna kontrolatzea, baina «poza» hartzen du jendearengan zer eragin izaten duten ikustean. «Zuk abestiak egiten dituzu, eta ederra da ikustea beste forma batzuk hartuta bidea egiten jarraitzen dutela. Eta, kasu honetan, artista batek zure abesti bat aukeratu du obra bat sortzeko, eta bera zure abestitik dagoen distantzia berera zaude zu obra horretatik; hiruki bat bezala da».

Abesti bat izan du sortzaile bakoitzak bere pieza sortzeko oinarritzat, eta, horregatik, artelanekin batera, hari dagokion diskoko hitzak topatuko ditu bisitariak erakusketan. Diskoa abiatzen duen Habiak abestiarena, adibidez, Izibene Oñederrak sortutakoaren azpian. «Negua lo gelditu zaigu oinetan behelainotan,/ bihotzekin baino ez dugu ikusten, itxututa./ Minak habiak egin dizkigu esku ahurretan eta/ itsasoak gainezka begietan./ Argirik ez da sartu geroztik barrura,/ udaberririk ez dute somatzen loreek gurean,/ txorien zain daramagun arren urtaro osoa, /saiak baino etzaizkigu hurbiltzen leihora».

«Askotan entzun dut disko hori», onartu du Oñederrak, «baina konturatu nintzen niretzat disko hori disko oso bat zela, eta kanta bakoitzak ez zuela hainbesteko autonomiarik. Nik, behintzat, jarraian entzuten nuela osorik». Lehen abestiari estuki lotu beharrean, horregatik, Anarik disko horretan irudikatzen duen unibertsoan murgiltzea izan da haren asmoa. «Anariren mundua hain zehatza izanda, irudiak hain eraikita egonda, nire ustez akatsa zen irudi horiek marrazkietara eraman eta errepikatzea».

Atmosfera, tolestuta

Lehen kantarekin «obsesionatu» ordez, horregatik, disko osoa entzun zuen berriz, «atmosfera ekartzen saiatuz», eta, entzun ahala, paper biribilki erdi garden batean joan zen marrazkiak sortuz. A3 formatura egokitzeko moduko pieza bat eskatu zieten Booktegikoek, ordea, eta orduan paper luze hori bildu, eta argi mahai baten gainean jarri du. «Eta, argia pizten denean, paper tolestu horretan dauden elementu guztiak ikusten dira».

Berez, duela hiru urte inguru zen irekitzekoa erakusketa, baina, osasun larrialdiaren eraginez, bertan behera geratu zen aurreikusitako lehen data hura, eta baita bigarrena ere, eta hirugarrena ere bai gero. «Pandemiaren ondorioz, ia bi urtez nik izan ditut artelan gehienak», azaldu du Brantonek, «eta, beraz, urte hauetan arte galeria garaikide bat izan dut etxean!».

Anarizaleak dira erakusketan parte hartu duten artista guztiak, Brantonek esan duenez, eta, bakoitzak bere pieza bere erara landu duen arren, bilduma osoak «koherentzia bat» daukala uste du.

Erakusketa ez ezik, proiektuak baditu adar gehiago ere, ordea: artista guztien lanak biltzen dituen katalogo bat ere osatu baitu Booktegi atariak. Diskoko hitz guztiak dakartza dokumentuak, gainera, eta ingelesezko itzulpena ere egin die Brantonek berak. «Oraindik Euskal Herrira etorri gabea nintzenean entzun nuen diskoa, eta, besteak beste, letra haiek ulertzeko hasi nintzen euskara ikasten».

Booktegi atarian jarriko dute gaurko emanaldia bilduko duen bideoa, eta, hemendik aurrera, erakusketa eta kontzertua beste areto batzuetara eramateko asmoa ere badute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur

Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...