Fikziotik jaiotako gogoeta egiazkoak

Amatasunaren eta idazkuntza prozesuaren arteko bizikidetza gatazkatsuari buruzko istorioa idatzi du Katixa Agirre idazleak 'Amek ez dute' nobelan. Haur hilketa bat du istorioak ardatz

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Hauxe da egia, beste behin esango dut: erraza da umeak hiltzea». Hala dio Katixa Agirre idazlearen Amek ez dute (Elkar) nobela berriaren pasarte batek. «Abortuak akzioa eskatzen duen bitartean (izan turpentina, izan umetokiraino heltzen den esterilizatu gabeko metalezko pertxa bat), infantizidioa burutzeko nahikoa da omisioa. Ez jantzi, ez elikatu, ez zaindu, basoan abandonatu, abandonatu armairu baten barruan, ahaztu hor sartu duzula. Listo». Haurren hilketa kasu bat ardatz hartuta, amatasunaren eta idazletzaren arteko bizikidetza gatazkatsuari buruzko istorioa idatzi du Agirrek bere bigarren nobelan. Amek ez dute idazten izenburua jarri zion lanari hasieran. «Susan Suleiman idazlearen aipua izan nuen gogoan: 'Amek ez dute idazten, idatzita daude' zioen. Aditzera emanez amatasunaren inguruko diskurtsoak kanpotik inposatzen direla, eta barneko diskurtso horiek ez direla historian egon duela gutxira arte». Baina azken hitza, ekintza, kentzea erabaki du. «Norberak pentsa dezala zer ez duten egiten amek, egongo balitz bezala amek egiten ez duten zerbait». Atzo aurkeztu zuen liburua, Bilbon.

Emmanuel Carrere idazle frantsesaren L'Adversaire (Aurkaria) lanari zor dio Agirrek nobelaren ideia. Egiazko gertaeretan oinarrituta dago Carrereren obra. «Bizitza osoa gezur baten baitan ardaztu zuen gizon bati buruzko istorioa da. Gezurra desestali behar denean, familia guztia hil zuen: gurasoak, emaztea eta bere bi haurrak». Zirrara eragin zion istorioak, eta kezkak ere sortu zitzaizkion. «Eta ama izan balitz? Zer gertatuko zen?». Galdera horietatik abiatuta hasi zen eleberria janzten. Hala azaldu du. «Haurren hilketen gaiari heldu nion, baina gero nire barrenean egosten ari ziren bestelakoak ere landu ditut: amatasuna eta sorkuntza nola uztartu, tartean».

Bi ama gazteren istorioak gurutzatu ditu nobelan. Bere haur bikiak hil dituen andrea, batetik; eta istorioaren protagonista dena, bestetik: erditu ondoren, ama hiltzaile hori ezagutzen duela ohartzen den andre gazte eta idazlea. «Zure alter ego-a da protagonista?». Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak galdera hori egin dio aurkezpenean, aldamenetik. Esaldi bakar eta borobilean laburtu du Agirrek erantzuna. «Alde batetik, bada ni; baina, beste alde batetik, ezta gutxiago ere». Garatu du ideia segidan. «Asko du nire esperientzia eta bizipenetatik, baina, aldi berean, askoz harago doa. Fikzioa egiten badut, nire bizitzan ez ditudan bestelako esperientziak edukitzeko ere bada».

Gizartearen eztabaida

Eleberria idazten ari zen bitartean erditu zen Agirre. 2016an irabazi zuen Amek ez dute proiektuak Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria, eta, haurraren jaiotza tarteko, luzatu egin zaio nobela bukatu eta argitaratzeko epea. «Bueltatu nintzen», aipatu du umoretsu. «Amek ez dute idazten egitasmoarekin beka irabazi eta, ia maldizioa balitz bezala, ezin izan nuen denbora tarte horretan ezer idatzi. Horregatik ere moztu diot titulua». Aitortu duenez, istorioaren garapenean ere eragin dio bizipenak. Egin zioten zesarea ebakuntza izan du ahotan. «Jendeak hitz egiten du horri buruz... baina niretzat traumatikoa izan zen. Hor badago garrantzitsua den irudi bat: orbaina. Hasierako proiektuan ez nuen halakorik sartzeko asmorik, baina istoriora gehitu dut, gerora».

Sorkuntza eta amatasuna uztartzeko ezintasunaz jardun du eleberrian. «Gatazka bat da, etengabekoa. Amatasunaren lehenengo urteak xurgatu egiten zaituzte. Bakoitzaren identitateari sekulako astindua ematen dion zerbait da: bat-batean ez zara ama ez den ezer». Sormen lanarekin lotu du bizipen hori. «Sorkuntzak denbora asko hartzen du, eta oso lan egozentrikoa da era berean, zure barrenera begira egotekoa». Bien artean dagoen talkan egin du geldialdia Agirrek. «Oso presente daukat».

Argi dio: fikziozkoa da eleberria, baina kezka pertsonalak daude oinarrian. Amatasunari buruz dauden diskurtsoak, kasurako. «Oso gai polemikoa da, eta feminismoak ere eztabaida du gaiarekin. Historikoki nahiko ikuspegi negatiboa izan du amatasunaren inguruan». Simone de Beauvoirren hitzak ekarri ditu gogora. Hala jaso ditu liburuan ere: «Arinki esaten da emazteek sabelean eritasunak dituztela, eta egia da etsaia barruan gordetzen dutela: espeziea da, barrutik marraskatzen dituena».

Gaur egun indarra du Beauvoirren pentsamoldeak, Agirreren arabera, baina gaiari buruzko eztabaidak plazaratu beharraz jardun du. «Identitatearen parte diren gauza guztiak: nazioa, erlijioa... sakratuak dira, eta oso zaila da beste esparru batzuetara eramatea». Saiakera hori egin du eleberrian.

Agirreren trebezia goraipatu du Mendigurenek. «Nobela zirraragarria da. Barrenak astintzen dizkizu, baina, aldi berean, istorioak eraman egiten zaitu. Berehala irakurtzen da». Gutxitan aipatzen diren gaiak lantzeko idazleak izan duen abilezia izan du mintzagai. «Amatasunaz ez eze, erditze ondorengo depresioaz eta psikosiaz, ernalkuntza artifizialaren teknikaz eta gastuaz... Normalean, halakoak ez dira horrenbesteko zehaztasun eta gordintasunez ageriratzen. Denak gatoz erditze batetik eta gizartearen erdia beste erditze baten protagonista da. Gutxi hitz egiten da gai horiei buruz, eta are gutxiago errealismoz idatzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.