Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak lortu du Igartza saria

Haurtzaroan sexu abusua jasan zuen emakume bat izango du protagonista 'Ez erran inori' eleberriak. Erasoak gaztaroan eta helduaroan eragindakoak agertuko ditu narrazioak
Aurtengo irabazlearen izena atzo goizean jakinarazi zuten antolatzaileek, eta arratsean eman zioten saria Maddi Ane Txoperena Iribarreni, Beasaingo Igartza jauregian egindako ekitaldian.
Aurtengo irabazlearen izena atzo goizean jakinarazi zuten antolatzaileek, eta arratsean eman zioten saria Maddi Ane Txoperena Iribarreni, Beasaingo Igartza jauregian egindako ekitaldian. A. CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2020ko irailak 11

Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle, bertsolari eta BERRIAko kazetariak XXIII. Igartza saria irabazi du, Ez erran inori nobela proiektuari esker. Haurtzaroko sexu erasoen gaia jorratuko du eleberrian, «pil-pilean» dagoena baina era berean «tabua» ere badena, autoreak azpimarratu duenez. Hamasei eleberri proiekturen artean gailendu da Txoperena Iribarrenena, Garazi Kamiok, Irati Jimenezek eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak hala erabakita. Ondo bidean, 2022ko udaberrian argitaratuko du bekaren babesleetako bat den Elkar argitaletxeak. Harekin batera, Beasaingo Udalak eta CAFek antolatzen dute sariketa urtero, eta halaxe egin dute aurten ere.

Lide protagonistak haurtzaroan sufritu zuen erasoa, baina eleberria haren gaztaroan eta helduaroan kokatuko da batez ere, jazoerak luzera begira eragin dizkion ondorioak agertzeko. Izan ere, sexu erasoak jasan dituztenengan «ahaztura, isiltasuna eta erruduntasuna» errepikatu egiten direla azaldu du Txoperena Iribarrenek, eta horietan «arakatu» nahi du fikzioaren bitartez. Egoera hori bizi izan duen jende «gutxi» ezagutzen dela esan du autoreak, nahiz eta, estatistiken arabera, «bost umetatik batek» sufritu dituen sexu erasoak. «Azkenaldian asko hitz egin da Elizan gertatutakoez. Baina estatistika berberek diote gehienak familian edo ingurune hurbilean gertatzen direla».

Ingurune hurbilean gertatzen diren kasuez mintzatuko da Ez erran inori, ezagun batek eraso egingo baitio Lideri. Gainera, Donapaleun (Nafarroa Beherea) jazoko da erasoa, eta horrek egoera «zaildu» egingo du: «Herri txikietan mundu guztiak ezagutzen du elkar». Baionara lekualdatuko da gero protagonista, «airez aldatzeko». Euskal Herrian kokatuko du narrazioa, besteak beste halako kasuak hemen gertatzen ez direla pentsatzeko «tentazioa» egoten delako, autorearen ustez. Halaber, «ezaguna» duelako hautatu du Ipar Euskal Herria gertaeren kokaleku bezala, baita hango «iruditeria» ezagun egiteko Euskal Herri osoan ere.

Ahots bakarra, hainbat ertz

Txoperena Iribarrenek Lideren «emozioak, bizipenak eta haren gorputzean eragindakoak» kontatzea du xede eleberrian, eta helburu horrek forman ere isla izango du. Izan ere, nahiz eta narrazioa une oro Liderengan zentratuta egongo den, hainbat distantziatatik garatuko da protagonistaren ahotsa eta lekukotza. Lehen eta hirugarren pertsonako narratzaileak erabiliko ditu, eta «agian» baita bigarren pertsonakoa ere. Gorputzean gertatzen zaionak narrazio lerro propioa izango du, lerro nagusiarekiko paraleloan joango diren pasarte txikietan jorratuko baitu. Hartara dator narratzaileen ugaritasuna, hainbat ertz eta ikuspuntu jorratze aldera hartutako erabakia izan baita.

Bestalde, bere lehen eleberrian, Ene baitan bizi da (Elkar, 2020) liburuan erabilitako estilo berarekin idatziko du Ez erran inori obra ere: «Aski estilo zuzena, buelta askorik ematen ez duena eta esaldi ez oso konplikatuak dituena». Kontuan izanda gaia zein den, autoreak onartu du «modu gordinean» egon daitekeela idatzia. Euskalkiari dagokionez, «nafarreraren eta lapurteraren nahasketa» erabiliko du.

Idazlearen «ardura»

Gai «potoloa eta delikatua» dela argi izanda, «ardura handiarekin» idazten saiatuko dela esan du Txoperena Iribarrenek. Jakitun da «zauriak ireki» ditzakeela, eta hori «mingarria» izan daitekeela sexu abusuak sufritu dituztenentzat. Aldiz, autoreak mahai gainean jarri nahi du sexu erasoen gaia: «Isiltasunak min handiagoa eman lezake». Halaber, beka irabazteak dakarren «babesa» ere baduenez —alegia, diru saria eta argitalpenaren bermea—, «ongi egitea» gustatuko litzaiokeela gaineratu du.

Ez da eraso mota horiei buruz aritzen den lehen aldia, bukatu berri duen Gizarte Antropologiako graduko bukaerako lana ere horien inguruan ondu baitzuen. Ez-fikziozkoa izan zen orduan aurkeztutako testua, baina lanerako dokumentatzeko «asko» irakurri zuenez gaiaren inguruan, bertan erabilitako bibliografia baliagarria izango zaio orain literatur obra lantzeko ere. Gehien inspiratu duten liburuetako bat Mari Luz Esteban antropologoaren Antropología del cuerpo [Gorputzaren antropologia] izan da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna