Laguntasuna lehen lerrora

Alberdaniak euskaraz argitaratu du Lucia Baskaranen 'Gorputz madarikatuak'. Bikotea hil zaion emakume bat da protagonista

Lucia Baskaran idazlea, Gorputz madarikatuak eleberriaren ale bat eskuetan duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Lucia Baskaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1988) lagun batek kontatutako istorio batetik abiatuta hasi zen Gorputz madarikatuak eleberria idazten; hau da, benetan gertatutako istorio batetik abiatuta. Emakume batek eta gizon batek elkar ezagutu zuten nerabezaroan, harreman bat hasi zuten, eta, 25 urte ingururako, «heteroarauaren plana» zuten: ezkondu, etxe bat erosi, umeak eduki... Gizonezkoa hil egin zen istripu batean, eta emakumea haren anaiarekin harremanak izaten hasi zen. «Pentsatzen zuen anaiarekin haurdun geratuz gero haur horren bidez hildakoa bizitzara ekarriko zuela». Emakumeak ondorio horretara iristeko izango zuen prozesu mentalak eman zion atentzioa Baskarani, eta hala ekin zion liburua idazteari. Gaztelaniaz idatzi du jatorrizko bertsioa, baina Alberdaniak aldi berean argitaratu du euskarazkoa ere; hain zuzen, Joxe Antonio Sarasolak egin du itzulpena.

«Nik emakume horrekin ez dut inolako harremanik. Istorioa erabat fikziora eramana dago; neuri interesatzen zaizkidan gaiei buruz idazteko erabili dut», zehaztu du Baskaranek. Alizia da eleberriko protagonista nagusia. Bikotekidea auto istripu batean hiltzen zaion unetik abiatzen da kontakizuna, eta noraezean dago protagonista hasierako momentu horretan. Baskarani kontatutako istorioan ez bezala, bestelako bide bat hartzen du, ordea, eta, bikotekidearen galerari aurre egiteko, adiskidetasunean bilatzen du heldulekua.

Baskaranek pisukide duen Danele Sarriugarte idazlearekin batera egin du eleberriaren aurkezpena, eta hark egindako galderak erantzun ditu. «Liburua irakurrita, niri iruditu zait, erabateko maitasun erromantiko horren ideia hautsi egin denez, horri uko egitea eta laguntasunaren eta beste harreman batzuen aldeko apustua egitea erabakitzen duela Aliziak. Bat zatoz?», bota dio Sarriugartek. Baietz erantzun dio idazleak, emakumeen arteko laguntasuna dela liburuko gai nagusietako bat. «Familia tradizionalak osatu behar genituzkeela esaten digute; adiskidetasuna, berriz, bigarren mailako harreman gisa hartu ohi da. Emakumeok argi esaten badugu ez dugula ama izan nahi, jendeari susmoak pizten zaizkio; iruditzen zaio ez garela hain emakumeak, edo infantilagoak eta berekoiagoak garela. Niretzat garrantzitsua da jakitea horrek agenda politiko oso zehatz bati men egiten diola».

Aurkezpenean, atzera egin du XVI. mendearen hasierara, estatu modernoa eraikitzen ari zen garaira, herritarrak «doktrinatzeko» martxan jarritako estrategiak azaltzeko. «Familia bakoitza estatu txiki bat zen, eta denek batera estatu handi baten martxa bermatzen zuten. Horretarako, familiako kideek genero rol berezituak hartu behar zituzten». Kontatu du estatuak eta instituzioek legeak eta diskurtsoak erabili zituztela, eta Elizak, berriz, ordena morala ezarri zuela, jazartzen eta zigortzen hasita ugalketa helburu ez zuten sexu harremanak. «Jada ez gaude Erdi Aroan, baina halako ideiek gure iruditeria kolonizatu dute, eta emakumeen arteko laguntasuna, niretzat, gaur egun erresistentziarako modu bat da. Uste dut kontakizun gehiago behar ditugula elkar maite eta elkar zaintzen duten emakumeei buruzkoak, presentzia maskulinorik gabe eta bizitzako helburu bakar gisa amatasuna izan gabe».

Gorputz madarikatuak izenburuarekin bat eginez, Alizia protagonistak bere gorputzarekin duen harremana da beste gai nagusietako bat. «Ideia pixka bat da geure gorputzen poliziak garela, denbora guztian ari garela neurtzen zeinekin erlazionatzen garen, nola tratatzen dugun geure gorputza...». Gaineratu du indarkeria ez dela kanpotik bakarrik etortzen, baizik eta norberak barneratu dituen pentsamendu horiek ere badirela biolentzia. Alde horretatik, oin ohar batzuk ere sartu ditu, indarkeria horiei izena emateko.

Hizkerak harrapatuta

Baskaranen bigarren eleberria da Gorputz madarikatuak —aurretik Partir (2016) argitaratu zuen, eta Herralde sariaren finalean izan zen lan horrekin—, eta esan du «oso pozik» dagoela euskaraz ere kaleratu dutelako. Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak gogora ekarri du oso gutxitan gertatzen dela gaztelaniaz idatzitako liburu bat aldi berean euskaraz argitaratzea.

Eta kontatu du beraiek ere hasieran ez zutela argitaratzeko asmorik, Maria Cardona Baskaranen agentea argitaletxearekin harremanetan jarri zenerako itxita baitzuten urteko argitalpenen plana. «Irakurriko nuela esan nion, eta aitortu behar dut amaitu aurretik bidali niola mezu bat esateko guk ere nahi genuela liburu hori. Azkar eta modu bortitzean harrapatu gintuen».

Eleberrian erabiltzen den hizkera nabarmendu du Gimenezek, eta adierazi du zuzena eta zehatza izateaz aparte, modulazioan ere sekulako trebezia erakutsi duela Baskaranek: «Zakarrari zakar heltzen dio, samurrari samur, azkar aldatzen ere badaki, eta etengabe egokitzen da narrazioak eskatzen duen tempora». Era berean, Sarasola itzultzaileak egindako lana goraipatu du editoreak. «Luciaren hizkera ezohikoak itzultzaile ezohiko bat behar zuen. Oso lan fina egin du. Luciaren asmoetara erabat doitutako hizkera erabili du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.