Berreskuratutako «harribitxi» bat

Lankuk argitara atera du 1999ko abenduan Hernanin Joxerra Garziak gaiak jarrita Andoni Egañak egin zuen bertso saio bat. Diskoaz gain, liburuxka bat plazaratu dute, bertsoen transkripzioekin eta Malen Amenabarren ilustrazioekin
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2019ko azaroak 21

«Hauxe da nere patua/ inuzentetzat hartua/ gai-jartzaile bat, bertsolari bat/ hori zen tratua/ bertsoaren merkatua/ bateraino merkatua/ aldez aurretik barkatu nere/ harrokeri pekatua». Agur horrekin eman zion hasiera Andoni Egañak 1999ko abenduaren 28an Hernanin (Gipuzkoa) egindako bertso saioari. Joxerra Garzia zuen aldamenean, gai jartzaile lanetan. Baina beste bertsolaririk ez zen izan oholtzan. Hori zen tratua, Hernaniko Iraulio Panttalone Bertso Kabiya taldearen proposamenari baiezkoa emana baitzioten; esperimentatzeko gogotsu, baina zer-nolako erronka izango zen artean sumatu gabe. Bertso saio hura argitara eman du orain Lankuk eta, saioari bezala, Houston, arazotxo bat daukagu izenburua jarri diote lanari. CD batean bildu dute grabazioa, eta liburuxka batekin osatu argitalpena. Bi protagonisten hitzaurreak eta saioko bertsoen transkripzioak ez ezik, Malen Amenabarren ilustrazioak jaso dituzte liburuxkan.

Hogei urte igaro dira saio hartatik, eta ñabardura guztiak ez, baina testuingurua eta nola igaro zen gogoan dute Garziak eta Egañak. «Asmoa zer edo zer esperimentala egitea zen, plazan nekez egiten den zerbait», azaldu du Garziak. «Uste dut Aitor Mendiluzek egin zidala lehenengo deia. Gogoan dut hainbat aukera eskaini zizkidala, baina, egia esan, ez dut gogoan beste aukerak zein ziren». Bertsolari bakar batekin saio bat osatzea zegoen horien artean, eta baiezkoa eman zuen Garziak, bi baldintzarekin: Egaña izatea bertsolari hori; eta publikoa ez izatea ohikoa, baizik eta egitera zihoazen ariketaren zailtasunaz ohartuta, «hanka sartzeko baimena» emango zien publiko bat. «Bat-bateko bertsogintzaren mugak esploratzea» zen haren asmoa.

Behin baietz esan ostean, saiorako gaiak prestatzen hasi zenean jabetu zen Garzia erronkaren tamainaz. «Lehenago ere ni aritua nintzen bertso saio esperimentaletan, eta nire balantzea ez zen oso positiboa izan, publikoa ez zelako igual gure esperimentu arraroak entzutera joaten, baizik eta gozatzera. Alde horretatik, iruditu zitzaidan mauka handia zela halako publikoaren aurrean eta Andonirekin saio horretan saiatzea. Baina gaiak prestatzen hasi nintzenean segituan konturatu nintzen nire ustez jolas dibertigarri izatekoa zena ari zela desafio latza bihurtzen, Andonirentzat noski, baina baita niretzat ere». Horregatik jarri zion Houston, arazotxo bat daukagu izenburua saioari, «autoironia batekin ea larrialdia pixka bat baretzen» ote zuen.

Egañak, aldiz, ez zuen aldez aurretik halako estutasunik sentitu. Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa bukatu berritan, «asko entrenatuta» eta presiorik gabe iritsi zen. «Konfiantza neukan Joxerrak ondo gidatuko ninduela, eta konfiantza neukan publikoarekin; banekien han izango zirela Hernaniko bertso eskolakoak, zerbait gaizki irtenda ere. Lasai joan nintzen; erakustera bai, gogotsu, grinatsu, baina lasai, aldi berean». Ongi gogoan du, baina, amaitzean ez zitzaiola batere erraza egin oholtzako lauzpabost eskailera mailak jaistea, ordu eta erdiz zer kontzentrazio mailarekin jardun zuen erakusten duena.

Estutasunetik jolasera

Gaien mamian eta haiek emateko eran ere esperimentatzeko gogoa zuen Garziak. Batzuetan, ohiko estiloan jarri zizkion gaiak Egañari; besteetan, berriz, «maila bereko» elkarrizketa baten gisan, gogoeta bat bota eta airean utzita. Hasteko, Titanic itsasontzian jarri zuen bertsolaria, hondoratu bitartean kanta zezan. Eta «tripak estu» hasitako saioa, jolas bihurtzen joan zen. «Ikusi nuenean Andonik nola heltzen zion buru eta bihotz lanari, eta zenbat ale antologiko bota zituen, nahiko azkar bueltatu nintzen jolasera».

Ordutik, 3.000 saiotik gora egin ditu Egañak, eta hura berezia izan zela bai, baina atzendua zeukan gogoan. Haren hitzetan, ordurako baziren hainbat urte «esperimentuak» egiten hasiak zirela. «Saio hau esperimentuak egitearen ondorio pilatu bat izan zen». Bertsolaritzaren «ekosistema oso baten babesa» izatearen pozetik, haren parte den gai jartzailearen garrantzia azpimarratu du. «Sortzaile gisa hartu behar genuke, eta, alde horretatik, nire esker ona gai jartzaile orori eta, saio honetan, Joxerrari. Uste dut hemen bion lana dagoela begi bistan».

Lan hori Amenabarrek irudikatu du liburuxkan. «Abiapuntutzat hartu nuen saioaren hasieran aipatzen den Titanic-en egoera, eta izebergaren inguruan ilustratu dut saio osoa». Ideia horren bueltan, eta gaietan agertzen diren elementuekin collageak osatu ditu, «koherentzia bat mantentzeko kolore berdinak erabiliz eta elementuak errepikatuz».

Jasota bezala izeneko bilduman plazaratu duten laugarren lana da, Marta Agirrezabal Lankuko koordinatzaileak azaldu duenez. «Berezia» da argitalpena, haren ustez. Izan ere, orain arte bertso antologiak plazaratu dituzte bilduma horretan. Oraingoan, baina, «osotasunean harribitxia den saio bat berreskuratu» nahi izan dute. Felix Irazustabarrenaren proposamenez eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz eman dute argitara; Iraulio Panttalone Bertso Kabiya taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izan dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, atzoko agerraldian. ©CHEMA MOYA / EFE

Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du astelehenetik aurrera

Irati Urdalleta Lete - Olatz Esteban Ezkati

Tapia eta Murga sailburuek gaurko agerraldian emango dituzte xehetasunak. Madrilek hartu ditu lehen neurriak, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta: tabernek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Martxoko egun zailenetan PCRak orain bezala eginda, 6.000 kasu izango genituen»

Maite Asensio Lozano

Pandemiaren jarraipena egiten ari den lantaldeari esker COVID-19aren transmisioa moteldu egin dela uste du Ignacio Garitano epidemiologoak. Bigarren olatua iritsi dela berretsi du, baina orain askoz positibo gehiago detektatzen direla nabarmendu du.

Bilboko Zorrozgoiti zahar etxeko egoiliar bat, atzo. ©MIGUEL TOÑA / EFE

Etsipena, beldurra eta nekea zahar etxeetan

Aloña Beraza Peña

Zahar etxeetako kutsatzeek gorakada nabarmena izan dute azken asteetan, eta langileak beldur dira ez ote diren itzuliko gaitzaren lehenengo olatuko egoerara. Egoiliarren artean ere kezka da nagusi.

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

618 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, igo egin dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna