Diruaren makineria sorkuntzatik aztertzea

Txaro Fontalbak eta Taxio Ardanazek trukea, balioa eta antzeko kontzeptuak ikertu dituzte Uharte zentroko Habitacion eremuan. Inpresio eta erreprodukzio teknikekin esperimentatu dute

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ane Eslava.
Uharte
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Makinek sorkuntza garaikiderako ematen dituzten aukerak ikertzeko proposamenetik abiatuta, Txaro Fontalbak eta Taxio Ardanazek trukea, balioa eta erreprodukzioa gisako kontzeptuak aztertu dituzte Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa),nork bere ikuspegi artistikotik. Zazpi asteko egonaldia egin dute Habitacion espazioan, eta ideia horiek hainbat planotara eraman dituzte: teknikara, gaietara eta baita euren arteko harremanera ere, makinak eta dirua abiapuntutzat hartuta. Igandean aterako dira zentrotik, eta halako egonaldietan sortzen diren hartu-emanek artisten lanari egiten dieten ekarpena nabarmendu dute.

Uharte zentroak torkulu bat eskuratu zuen, eta Fontalbari egonaldi bat egitea proposatu zion, makinarekin esperimentatzeko. Hark Ardanaz gonbidatu zuen, eta lanean honako premisa honetatik abiatzea proposatu zion: «Makinaren ideian arakatzea, baina diru makina gisa ulertuta». Azkenean, ez dute torkulua erabili, baina grabatzeko eta inprimatzeko teknikak aztertu eta esperimentatu dituzte.

Ardanaz diruaren kontzeptua «desmuntatzen» saiatu da. Horretarako, Eurionen konstelazioa aztertu du: billeteetan agertzen den bost puntuko marrazki bat da, segurtasun sistema bat, zeinari esker billeteak ezin diren eskaneatu, ezta erreproduzitu ere. Sortzaileak «poesiaren eta boterearen arteko talka» ikusten du marrazki horretan, eta botereari lotutako aldea kendu nahi izan dio, alde poetikoa nabarmentzeko. Horretarako, hainbat margolan sortu ditu eredu hori erabilita.

Fontalbak ere erabili du Eurionen konstelazioa: bost plater jarri ditu lurrean, eredua erreproduzitzen, eta haurtzaroan oinarritu da trukearen eta balioaren kontzeptuak lantzeko. Horretarako, material bat jarri du plateretako bakoitzean: gorozkiak, lokatza, harea, harriak eta kanikak. «Kaka da ume batek eskain dezakeen lehen materiala; ondoren, lokatzarekin jolasten da; gero hareara pasatzen da; hortik harrietara, eta jada bildu ditzake; eta, azkenik, kaniketara heltzen da, zerbait preziatuagora», azaldu du.

Diruaren inguruan ikertzen jarraitzeko, alde historiko eta sozialago batetik, Ardanazek Espainiako gerran nekazari kolektibitate libertarioetan jaulki zituzten billeteak izan ditu aztergai. «Balio ekonomiko gisa ulertzen dugunetik ateratzen den truke-balio bat zelako interesatzen zait», adierazi du. Billete horien irudikapena eta erabilera ikertu ditu.

Ardanazek bezala, Fontalbak ere eman dio ikuspegi soziala bere lanari. Iaz egin zuen Clitoria erakusketatik abiatuta, emakumeen gorputzean jarri du berriz ere fokua, baina elementu berri bat sartu dio lanari, genitalen erauzketaren gaiari heltzeko: bizar-xafla. «Aluen marrazkiak erabili ditut, eta emakumeen genitalen mutilazioa praktikatzen den herrialdeetako billeteak jarri diet, bai eta bizar-xaflak ere».

Alde metaforikoago batetik, Fontalbak ametsen inguruan lan egin du: zentrora iritsi zen egunetan «asko» amesten zuela eta egunero ametsak idaztea erabaki zuela kontatu du. «Denbora neureganatzeko modu bat izan da». Amets bakoitzaren azpian marrazki bat jarri du, diruarekin lotura duten elementuak erabilita.

Ez dute torkulua erabili, baina inpresio eta erreprodukzio tekniketan sakondu dute, oinarrizko materialen bitartez. «Makinaren erreprodukzio praktikak eskuzko praktiketara eraman ditugu, hala nola kalkora edo txantiloietara», azaldu du Ardanazek. Halaber, sublimazio bidezko inprimatze makina erabili dute irudiak baldosetan transferitzeko, eta gurpil bati marrazki baten patroia jarri diote, kautxuarekin, gurpilarekin marraztu ahal izateko.

Haien arteko hartu-emanean ere garrantzia eman diote trukearen kontzeptuari, Fontalbak azaldu duen moduan: «Utzi, eman, bereganatu, lapurtu eta gonbidatu kontzeptuak praktikara eraman ditugu: materialak konpartitu ditugu, ideiak... Eta elkarri inspiratu diogu». Hala, hartu-eman artistiko horretan, bata bestearen lanarekin «kutsatu» da.

Egonaldia, «luxua»

Egonaldiaren hasieran planteatutako ideiak egunez egun aldatuz eta garatuz joan direla uste dute artistek, bana betiere hasierako erreferenteak edukita, eta «desbideratu gabe». «Prozesuan beti joaten zara bide berrietatik, baina hori ongi dago: gauza berrietara jaurtitzen zaituzten tranpolinak dira», Ardanazen hitzetan.

Habitacion espazioan egotea «luxua» izan da bi sortzaileentzat. Ardanazen iritziz, halako egonaldien alderik positiboena da norberaren lanean aldaketak gertatzen direla: «Beste artista batekin erlazionatzean eta bat egitean gauza berriak sortzen dira zure lanean». Fontalbak arte zentroetan «esku hartzen» duen artista eredu bat defendatu du: tokia zikintzen duena, materialak erabiltzen dituena, zarata egiten duena... «Bestela, badirudi bulego batean egon behar dugula beti, ordenagailuaren aurrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.