«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara

Iban Zaldua, atzo, Nola izan garen gauza liburua eskuetan hartuta. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Iban Zalduarentzat, gauza asko kabitzen da Gauzaren barruan: «ETAren terrorismoa eta horrek sortu zuen guztia —niretzat, inportanteena—, estatuaren terrorismoa, indar polizialen jarrera, politikagintza, identitatearen inguruko gatazka —askoz ere lehenagotik datorrena eta jarraituko duena—, kultura...». Ipuin ugari idatzi izan ditu horiei guztiei buruz, eta, orain, bilduma batean jaso ditu: Nola izan garen gauza. Euskal gatazkaren inguruko ipuin (ia) guztiak. «'Ia guztiak', sumatzen dudalako jarraituko dudala idazten horri buruz». Atzo aurkeztu zuen, Donostian, Itxaro Borda idazlearekin eta Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorearekin batera.

Bilduma honen hazia beste bilduma batean dago; izan ere, Zalduak euskal gatazkari buruz idatzitako ipuin batzuk bildu zituen, gaztelaniaz, Como si todo hubiera pasado liburuan (Dena pasatu izan balitz bezala). Galaxia Gutenberg argitaletxeak atera zuen, 2018an. 42 ipuin argitaratu zituen orduan; oraingoan, berriz, 60. Ipuin liburuetan ateratakoak dira gehien-gehienak; bestelako argitalpenen batean emandako bakarren bat ere badago, eta lau ipuin berri sartu ditu. «Horietako bat, Partidak, luzea eta jakingarria», Mujikaren hitzetan.

Ibon Egaña literatur kritikariak idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta Zalduak epilogo bat paratu du ipuinen ondoren, Euskal Gatazkaz idazteko zazpi zio izenekoa. Uxue Apaolazak kontrazaleko testua idatzi du. Ohar batekin hasten da: «Iban Zalduaren irakurlea bazara, badakizu orriotan barneratzeak zer arrisku duen».

Izan ere, euskal gatazka gai garrantzitsua izan da Zalduarentzat, fikziozko lanak argitaratzen hasi zenetik. «Hau da gurean gertatu zaigun gauzarik potoloena azken 50 edo 60 urtean; ni munduan egon naizen denbora guztian, alegia. Eragin egin digu, eta iruditzen zait eragiten diguten gauzei buruz idaztea naturala eta kasik derrigorrezkoa dela». Aitortu duenez, neurri batean «damu» da, «berandu» hasi zelako: «Neure buruari ematen diodan azalpena da agian gertuegitik bizi izan nuela asuntoa, militantziatik eta abar, eta ez zait iruditzen leku ona denik idazteko».

Gai horri buruzko narrazio guztiak elkarrekin jarrita, beste neurri bateko lan bat sortu du: «Ni ipuinlaria naiz, hori da nire natura, baina seguru asko hau izango da nobeloitik, eleberritzarretik, eleberrikotetik hurbilen egongo naizena inoiz. Nire ipuinen bilduma da nire nobela».

«Zergatik beti gai hori?», galdera bota du Bordak. «Urruntzen ari zaigu gure Gauza hori, baina beti minbera da, eta beti zaila da horretaz argiki eta deblauki hitz egitea». Hala ere, hitz egiteko beharra nabarmendu du Bordak, eta euskaraz egitekoa, batez ere: «Gure hizkuntza, hainbat hamarkadaz, gure Gauza horren errateko soilik formateatua izan dela ematen du. Sentitzen dugu azken urte hauetan hizkuntzaren halako askapen bat».

Eta uste du egoera hori irakurleen gogoeta sustatzeko baliatu behar dela: «Behar dugu guk ere, Gauza hori neurri batean egiten utzi dugun kideok, euskaldunok, hausnarraren bururaino joan; ez geure buruari errua botatzeko, baina hausnarketa bat egiteko, ikusteko nola izan den posible Cosa Nostra hori gara dadin hainbeste denboraz».

Fikzioak eragiten duen distantzia garrantzitsua da Bordarentzat, ikuspuntuak nahasteko eta gaiari alderdi humanotik heltzeko. «Imajinazioa izan liteke enpatiaren bitartekoa», esan du Zalduak. Edurne Portela idazlea aipatu du, hark esaten duelako fikzioa, ondo erabiliz gero, «afektuen ekonomiaren kontrako antidoto bat» izan litekeela. Zalduak, dena den, arrisku bat ere ikusten du euskal gatazkari buruz azkenaldian egin den literaturan: afektua «hunkigarrismoraino» zabaltzea.

Zalduak azaldu duenez, ipuin batzuk zerbait gertatu ahala idatzi zituen, eta beste batzuetan, berriz «distantzia izan dute talaia». Bigarren horiekin gusturago dago: «Iruditzen zait, urgentziazko kronikaren aurrean, idazlearen isiltasuna, denbora, hausnarketa eta perspektiba onak direla». Oraindik buruan bueltaka dauzka duela hogei urte baino gehiagoko kontu batzuk, ipuin bat idazteko eman dezaketelakoan.

Beste aro batean

Errepikatu dituen ideietako bat zera da, idazlearen helburua literatura dela, hala beharko lukeela. «Idatzi behar dugu, baina ez inpultso etiko eta politiko hutsagatik, baizik eta literarioki zerbait esanguratsua ondu behar dugun ziurtasun minimoa daukagunean». Badu kezka gai horrekin: «Geroz eta gehiago iruditzen zait pendulua beste aldera joan dela; literaturaren autonomiaren aldera joan zen garai batean, eta orain kasik beste aldera itzultzen ari da. Ezin dugu ikusi literatura tresna gisa».

Zalduak eta Bordak argi dute euskal gatazkari buruzko literatura beste fase batean dagoela 2011. urteaz geroztik, eta uste dute orain haren kontakizunean dagoela lehiarik biziena. «Euskaldunok maite dugu, gure heziketa kristauagatik segur aski, etsaiarekin konfrontatzen ibiltzea beti, eta, beraz, bat gelditzen delarik, beste bat pizten da etengabe», esan du Bordak. Zalduak, gero: «Errelatoaz idazten dugu, Gauzaren Gauzaz, eta iruditzen zait ezinbestean sartzen ari garela nobela historikoaren aroan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.