Albistea entzun

Izurdeak bihurtu ziren maitale haiek

Kirmen Uribek 'Izurdeen aurreko bizitza' idatzi du. Schwimmer sufragistarekiko interesak Euskal Herriko 80ko urteetako feminismora gidatu du
Kirmen Uribe, atzo, Donostian, <em>Izurdeen aurreko bizitza</em> nobela berria eskuan duela.
Kirmen Uribe, atzo, Donostian, Izurdeen aurreko bizitza nobela berria eskuan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko abenduak 2 - Donostia

Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat egitekotan da Uri deritzan idazle bat. Hungariako Emakume Langileen Elkartea eta Hungariako Feministen Erakundea sortu zituen Schwimerrek. IAW Emakumeen Nazioarteko Aliantzako idazkaria izendatu zutenean 1914an, Lehen Mundu Gerra gerarazteko helburuarekin AEBetara joan zen, Woodrow Wilson lehendakariarengana. Bakearen Nobel sarirako hautagaia izan zen Schwimmer, baina ondoren ahanzturan galduta geratu zen. New Yorken hil zen, 1943ko abuztuan.

Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberriak Karmele Urrestiren familiaren bizitza eta erbestea kontatzen zituen, eta orain Izurdeen aurreko bizitza nobela berriak migratzailearen izaera eta feminismoa ditu gai nagusiak.

Uri idazlea, Nora neska-laguna eta haien seme-alabak New Yorkera bizitzera joanak dira, hango Liburutegi Publikoan idazketa beka bat eman baitiote Uriri. Manhattango Upper West Side auzunean bizi dira. Liburutegian, Urik orriz betetako 176 kutxa arakatzen dihardu, Schwimmer andreari buruzko biografia handi bat egiteko asmoz, Wynner liburuzainak bildutako milaka paper: argazkiak, gutunak, agiriak.

«Emakumeek nire bizitzan izan duten garrantziari buruz ari naiz funtsean», adierazi du Uribek. «Ikusiko duzue zenbat emakume dauden nobelan, batzuk benetakoak, eta horiek zer pisu izan duten nigan, nire heziketa sentimentalean». Gizonezko batek emakumeei egiten dien aitortza bat da liburua, Uriberen esanetan: «Nobelan, halako batean, gizonezko kontalaria [Uri] isildu egiten da, eta handik aurrera hitza hartzen duena emakumezkoa [Nora] izango da. Keinu horrek esanahi berezia du niretzat; nolabait adierazten ari naizena da tokia uzten dudala. Hori egin behar dugu gizonezkoek, emakumezkoen esperientziei eta ahotsei tokia utzi. Irakurlea horretaz ohartuko dela uste dut».

Formaren intentzioa

Laminen maitaleak izateagatik izurdeak bihurtu ziren pertsonei buruzko kondaira batekin hasten da eleberria. «Elezahar hau gogoan hartu badut, izan da esateko migrarioi ere bizitza aldatzen zaigula muga zeharkatzen dugunean. Gure ametsak, beharbada, lamina haiek bezain irrealak izan bide dira, zeharo alegiazkoak».

Susa argitaletxeak plazaratutako eleberriak hiru atal ditu, hiru ahots ezberdinek kontatuak, hiru modu diferentetan.

Lehenbiziko atala da luzeena, nobelaren bi heren osatzen dituena. Uri pertsonaia da kontalaria hogei kapitulutan. Hari ezberdinei tira egiten die: New Yorkeko liburutegiko ikerketa, Schwimmer feministaren ibiliak eta ahaleginak, Uriren familiaren bizipenak hirian, eta idazlearen haurtzaroko oroitzapenak 80ko hamarkadan. «2018. eta 2019. urte bitartean Schwimmerren bizitza nobelatzen saiatzen da Uri».

Baina 2020ko izurriteak eta itxialdiak eten egiten dute idazlearen proiektua. «Liburuaren erdira iritsi da gizonezko kontalaria», azaldu du Uribek, «baina halako batean ohartzen da ez duela gehiago kontatu behar, nahiago duela emakumeek segitzea kontakizuna». Izan ere, Uri feminismoa aztertzen aritu da, bere izeba feministari buruz ere bai. «Txikitan joan zen Basauriko abortisten epaiketara ere... Eta, azken batean, emakumeak izatearen kontzientzia zeukaten emakume haiek, feministek alegia, Uriren bizitzan nolako garrantzia izan zuten ikusten da».

Nobelaren bigarren zatian, beraz, aldatu egiten da ahotsa: Nora da kontalaria, eta gutun eta oroitzapen formak hatzen ditu, bere adiskide batekin bizi izandakoen inguruan. «Fokua aldendu egiten da apur bat, eta idazlearen gorabeherak kanpotik begiratzen dira. Zati honetan 90eko hamarkadako gaztaroan sakontzen da, gure belaunaldian, neska-lagunaren ikuspegitik».

Hirugarren zatia oso laburra da. Unai eta Ane seme-alaben elkarrizketa bat dator, jolasean bideo txiki bat grabatzen.

«Bistan da hiru atalak formaz, luzeraz eta ikuspegiz oso ezberdinak direla. Eta, nire ustez, nobela batean formak ere esanahia dauka», nabarmendu du Uribek. «Walter Benjaminek ohartarazi zuen formaren bitartez egin direla iraultza literario guztiak. Ondo esanda dagoela iruditzen zait. Gaur egungo literaturan edukiak garrantzi handia du, hasi baikara kontatzen lehen kontatzen ez ziren gauzak, eta horretan batik bat emakumeak ari dira. Baina formari ere arreta berezia eskaini nahi diot. Irakurketa asko dituen nobela bat egiten ahalegindu naiz. Oihartzun jolas ugari dago, eta sakonean daude loturak».

Itzulera sentimentala

Herriz, hizkuntzaz eta kultura giroz aldatzeaz, migratzailearen izaeraz, «han eta hemen» ideiez gogoeta batzuk ere egin ditu Uribek: «Hasiera batean nobelako kontalariak New Yorken egon nahi du, erabat murgilduta, bere energia guztia han eman. Baina, pixkanaka, iragana gero eta presentzia handiagoa hartzen hasiko zaio. Liburuaren bukaeran herriarekin adiskidetze bat dago, eta itzulera moduko bat, fisikoa ez dena, sentimentala baino».

Leire Lopez editorearentzat, liburuan ageri da «nola tratatu ikuspuntu ezberdinetatik eta era diferentetan gai komun batzuk», zein bide ezberdin har ditzakeen nobela batek gai berak lantzeko. «Nobela bat idazteko prozesuari buruzko liburua ere bada».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Mundu honek asko eman dit, baina nik ere dena eman diot»

Itziar Ugarte Irizar

Lacarrak dio maila batera heltzekotan hor gelditzeko moduko «pisua» hartuta heldu behar dela; bidea dela gauza, ez inorako presa. Hiru hamarkadatik gora daramatza dantzan, sari entzutetsuenak bizkarrean, eta Golden Producciones-ekin landu dituen lehen bi piezak emango ditu asteon Gasteizen eta Donostian.
Grizzly Bear taldean aritu da orain gutxira arte Daniel Rossen. ©BERRIA

Konplexutasuna erraietan

Mikel Lizarralde

Daniel Rossen musikari estatubatuarrak bere lehen lan luzea argitaratu du, EP batekin bakarka estreinatu eta hamar urtera: 'You Belong There', folketik eta popetik edaten duen bilduma dotore eta konplexua.

Haiti irratiaren ahotsa

Haiti irratiaren ahotsa

Andoni Tolosa

Diskoetxea: Anti 2022.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...