Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

'Zahartzen naizenean gaztea izan nahi dut'

2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ez, noski: ikasle gehienak ez dira Harry Potterren makila magikoak ttak sorgindu balitu bezala irakurzaletuko eskolan OttoPette edo Jenisjoplin irakurtzeagatik, La Celestina irakurriz zaletuko ez diren bezalaxe; hain zuzen, horixe nabarmendu nahi izan nuen aurreko zutabean: halako liburu kalitatezko batzuk leituz gero ikasle irakurzale samarrek ele bakarreko irakurzale izateari utziko lioketela agian (erdal literaturaren zale izateari, alegia), eta aldi berean literatura ona irakurriko luketela, gainera (adiera unibertsaleko literatura ona, edozein hizkuntzatakoa: beaux livres, joan den astean Rikardo Arregik ezin aproposago hizpidera ekarri zuen bezala). Eta literaturazale ez direnek, berriz, zer? Bada, horiek ere liburu ederrak eta earrak irakurriko lituzkete beren hezkuntza-prozesuaren barruan, eta horrek, gutxien-gutxienean, batere kalterik ez lieke egingo, gizakien nerbio-sistemaren oinarrizko funtzionamenduaren edota kontinenteen geografiaren berri izateak inori kalterik egiten ez dion bezalaxe. Zenbaitek diote euskaratik eta euskal literaturatik uxatzen dela jendea liburu «zailak» irakurrarazten bazaizkie, eta hein batean ulertzekoa da beldur hori, baina ez dut uste bizpahiru libururen kulpaz urruntzen denik benetan jendea: horren egiazko sorburuak adar-abar gehitxo ditu, eta sustrai askoz ere sakonagoak, hezkuntzako literatur programetatik haragokoak.

Egia da: norberaren utopia zoroak eta desideratum-ak gorabehera, ez da oso errealista pentsatzea inoiz mundu guztia irakurzaletuko eta literaturazaletuko denik, eta, berriro diot, ez da ez bidezkoa eta ez praktikoa zama hori irakasleei (eta haiei bakarrik) bizkarrean jartzea ere. Baina, hala eta guztiz ere (lañoxkoegia ez ote naizen), ez zait halako burugabekeria iruditzen Aizkorrira igotzen ahalegintzea tarteka-tarteka, jakinik ere askotan nahikoa izango dugula Olarizuko gaintxo laura igota.

Elitista da Aizkorrira igotzen saiatzea? Elitista da gauza onekin «konformatzea», Wildek zioen bezala? Zer da, ordea, benetan elitista eta gurasokeria? Itxaro Borda irakurtzeko aukera ematea ikasleei, ala Itxaro Borda ikasle bakar baten esku ere ez jartzea, pentsatuz bakar batek ere ez duela ez gogorik eta ez ahalmenik izango Basilika-rekin edo Boga-boga-rekin gozatzeko?

Gaur egun, pantailatik pantailara omen dabiltza gaztetxo asko (eta ez preseski e-book-en pantailen artean), eta, Jon Alonsok txoko honetan orain bi aste aipatu zuen bezala, guraso batzuk, normala ere badenez, etsia hartuta dabiltza seme-alabei ez dietelako interes erdirik ere pizten liburuek. Baina ez gaitezen, esan bezala, gurasokerian eror, ez gazte-jendearekin, ez zahar-jendearekin eta ez inorekin.

Zaharren literaturazaletasunaren eta irakurketaren gaiak ere bai baitu ertzik. Hasteko, askoz gutxiago hitz egiten eta eztabaidatzen da horri buruz. Zergatik? Beharbada, gai bat ez delako, hau da, gazteak homogeneizatu behar ez liratekeen bezala ez liratekeelako homogeneizatu behar zaharrak ere (eta bai, propio darabilt zahar hitza, bada-eta garaia konnotazio bereziki txarrik eta eufemismorik gabe izenda dezagun zahartzaroa eta gogoetatu dezagun haren inguruan, Arantxa Urretabizkaiak eta beste hainbatek aspalditik dioten bezala). Sasi-esperimentu txoro bat egin nahian Googlen gure inguruko hizkuntzetan «edadetuentzako liburuak» idatziz gero, ordea, makina bat autolaguntza-liburu eta gidaliburu didaktiko antzeko agertzen da: Adinduentzako informatika, Edadetuentzako animazioak eta, are, Zahartzen naizenean gaztea izan nahi dut (!) tituluak, besteak beste. Bilatzaile berean «haurrentzako liburuak» idatziz gero, berriz, batez ere literatur liburuak agertzen dira (beste egun baterako utziko dugu «helduentzako liburuen» bilaketa, badaezpada ere). Ematen du zer pentsatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.