Zaurgarri egiten duen poesia

Eva Perez-Ponsek 'Zaharkitze programatua' bere lehen poema liburua eman du; Blas de Otero poesia lehiaketa irabazi zuen harekin

Eva Perez-Pons, bere lehen poesia liburua aurkeztu aurretik, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Zaharkitze programatua izena duen poesia liburua aurkeztu du Eva Perez-Pons Andradek (Lemoa, Bizkaia, 1996). Bilboko Udalak antolatzen duen Blas de Otero Nazioarteko XII. poesia lehiaketa irabazi zuen iaz lanarekin, eta, ordainsariaz gain, liburua argitaratzea denez sariaren parte, hala eman du orain Erein argitaletxeak. Donostiako liburu azokan aurkeztu zuten hil hasieran. Hau da egilearen lehen poema bilduma. Ikasketaz, industria ingeniaritzako gradua egin zuen Perez-Ponsek, eta, egun, Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra amaitzear da.

Liburua idazten hasi zenean, bi helburu nagusi zituela adierazi du: «Euskarara hurbiltzea eta buruan nituen zurrunbiloei nolabaiteko ihesbide bat ematea». 2016tik 2017ra idatzitakoak dira poema gehienak. Lehiaketarako aurkezteko bost ataletan antolatu zituen, gaika banatuz eta atal bakoitzean hamar-hamaika poema bilduz. «Orokorrean, nahiko laburrak eta hizkuntza aldetik erraz ulertzen diren poemak dira».

Idazteko orduan eta, batez ere, idatzitakoa irakurri duenean, bere buruarekiko kontraesan asko topatu dituela aitortu du idazleak, eta eguneroko jardun feministarekin talka egin dezaketela ere esan du. «Kontraesan horiek heltzeko eta zerk sortzen dituen aztertzeko ariketa» izan da liburua egilearentzat.

Zaurgarritasuna da testuan gailentzen den gaia, eta gorputzak etengabeko presentzia du. Idazleak mahai gainean jarri nahi izan du prekarizazio egoeren bortizkeria. «Sentitzeko, bizitzeko eta lan egiteko eskemak geroz eta zurrunagoak dira». Indibidualismoak eta produktibismoak gure osasun mentalean duten eragina azpimarratu du, eta horren adierazle nagusia gorputza dela uste du idazleak.Zaharkitze programatua izenburua hortik dator. Izan ere, egilearen esanetan, «makina edo automata bilakatu nahi gaituzten honetan, gailu elektronikoak bezala tratatzen gaituzte; gu ere atzeratuta gera gaitezke, horrek dakarren guztiarekin». Hala azpimarratu du gorputzak zer garrantzi duen liburuan: «Muga batzuk dauzka gorputzak, eta ,askotan, horiek zeharkatzera behartzen gaituzte gaur egungo eskema zurrunek».

Liburuko poemak lehenengo eta bigarren pertsonan idatzita daude. Bigarren pertsonan idaztearen arrazoi nagusia, «bere kontraesanak aitortu nahi ez dituen pertsona baten ahotsetik irteten diren hitzak» azaltzeko nahia da. Hala ere, dena ez da kontraesana liburuan, «aldarrikapenerako eta salaketarako tartetxoa» ere badagoela dio egileak. Interdependentzia ere aipatzen du, eta kontzeptuari zor zaion garrantzia nabarmendu du. «Ingurunea zurea sentitzen ez duzunean, bizitzaren absurdoa nolabait bistaratzen da. Hor sartuz hizkuntza, kultura edota sare egonkor bat».

Erotismoari eta desirari ere «lekutxo bat» eskaini nahi izan dio, betiere «begirada despatriarkalizatu» batetik. «Desira aurkeztuz, ez hutsune baten sinonimo gisa, aurrera egiteko modu gisa baizik». Asko errepikatzen diren elementuen artean hauexek nabarmendu ditu Perez-Ponsek: memoria, gertutasuna, naturaren erreferentziak eta mundua begiratzeko formak. Liburu gordina dela aitortu du. «Ez da irakurketa alai bat».

Galdetuta salaketa edota aldarrikapenetarako saiakera erabili ordez ea zergatikerabili duen poesia, bere erreferentziazko idazle eta liburueneragina aipatu du egileak. «Lehen liburu teorikoak bakarrik irakurtzen nituen, eta ia nahigabe topatu nuen poesia. [Alejandra] Pizarniken poemetan oso identifikatua sentitu nintzen, eta neure buruari galdetu nion: 'Zergatik ez dut nik egingo?' Sentimenduek lekua izango zutela banekien, baina, era berean, aldarrikapenek ere tokia izan behar zuten».

Pizarnikez gain, inspirazio iturri dituen beste zenbait idazle ere aipatu ditu. «[Adrienne] Richen poesiak asko gustatzen zaizkit.[Monique] Wittigek, idazlan teorikoez gain, badu lan literarioago bat; ez da poesia, baina nahiko era poetikoan idazten du. [Jose Luis] Otamendi eta Miren Agur Meabe ere asko irakurri ditut. Autore horien kutsu bat badu liburuak».

«Sistemaz ari da»

Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorearen ustez, gaurkotasun handiko poesia bilduma bat aurkituko du irakurleak, «Gaur-gaurko poemarioa da. Gaur egungo gai, forma eta kontatzeko moduekin osatuta dago». Liburua irakurri ondoren,testuaren atzean ahots heldu bat ikusten dela adierazi du Mujikak. «Ez da edozein poema bilketa, badago ondo pentsatutako egitura bat. Hizkuntza eta mamia elkar egokituta daude, kontatu nahi zuena eta horretarako nahi zuen hizkuntza uztartuta». Editorearen arabera, lehenengo poema irakurtzen denetik, argi igartzen da perspektiba feminista batetik idazten ari dela. «Maitatzeko moduez eta erotismoaz» dihardu, aldiro azaleratuz gorputzaren presentzia, «bai beste gorputzekiko harremanetan, bai norbere gorputzarekin harremanetan ere». Dena den, Mujika uste du ez dela «maite zaitut- maite nauzu eskeman» sartzen den poesia. «Sistemaz, biolentziaz, harremanen botereaz ari da».

Ingeniaria dela antzematen zaiola ere azpimarratu du Mujikak. «Euskal poesian filologo asko dago. Hizkuntzatik, filologiaren ikuspegitik landu duena poesia. Hemen, berriz, ingeniari bat dago, eta filologia baino matematika gehiago dago liburuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.