Albistea entzun

«Zer da haiku bat tanta bat ez bada?»

Peru Magdalenak orriak erauzteko diseinatua duen haiku liburu txiki bat osatu du, eta Balea Zuria argitaletxearekin argitaratu: 'Tantaka'
Peru Magdalena <em>Tantaka</em> liburuxkako haiku bat erakusten, atzo, Donostiako Konstituzio plazan.
Peru Magdalena Tantaka liburuxkako haiku bat erakusten, atzo, Donostiako Konstituzio plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko azaroak 7 - Donostia

«Plak plak plak plak plak/ biguntzen da tantaka/ harri gogorra». Izenburua ere barnean biltzen duen haiku horrek abiatzen du Peru Magdalenaren (Berriz, Bizkaia, 1980) lan berria. Berria eta, batez ere, «berezia». Behin eta berriz agertu da berba aurkezpenean. Haikuak direlako, gutxi-asko eskuko telefono baten neurria duelako, eta liburua gainean eramateko, orriak banan erauzteko, oparitzeko, deseginez joateko pentsatuta dagoelako. Zehazki, 10 zentimetro luze eta 6,5 zentimetro zabal da liburua: «Txikia eta eramangarria da», berretsi du egileak. «Funtsean, artefaktu txiki bat egin nahi nuen, kutixi bat, opari bezala funtzionatuko lukeen keinu poetiko bat».

Magdalenak Balea Zuriarekin argitaratu du Tantaka, eta eskertu gura izan die proposamenari egindako harrera. «Gure zoro haizeari formatu aldetik bidea libre uzteagatik». Argitaletxeko kide Aritz Gorrotxategik oroitu duenez, haiku bilduma mardul samar batekin hurbildu zen haiengana, eta ordurako bazerabilkien buruan testu horiei formatu berezi bat emateko ideia. Pospolo kaxa formako liburu bat ere erakutsi zien, adibide gisara. «Gehiegizkoa iruditu zitzaigun», aitortu du Gorrotxategik, baina, hala ere, asmoa erakargarria egin zitzaien: «Haikuak oso laburrak dira; ez dute orriaren zati handirik hartzen, eta guri ere gustatzen zitzaigun ideia. Zentzu hertsian, haikua forma bat da, neurri zehatz bat; baina ez hori bakarrik: poesia ulertzeko modu bat ere bada, naturaren behaketa bat, une jakin bat harrapatzea».

Bat etorri da Magdalena, eta «arretaren mirakulutzat» definitu du berak. «Arreta puntu batean jarrita, puntu horretan unibertsoaren patroiak agertu ahal zaizkigu; kontzientzia hartzea da, arrakalak zabaltzea». Gogora ekarri du haikuek Japoniako literaturan dutela jatorria, eta kontatu du gaztetatik erakarri izan dutela bai herrialdeak eta bai oro har Ekialdeko kulturak. Hutsik (Elkar, 2008) bere lehenengo poema liburuan joera «ekialdetsu» hori agerian utzi zuela ere esan du. «Espiritualtasunak eta transzendentzia gogoak han topatu izan ditu sarri hemengo erlijio elizkoiek gatibatutako haizeak».

Urteak eman ditu orain Tantaka-n bildu dituen haikuak idazten eta berridazten. «Ibilian, bidaian, hausnarrean». Hasieran, argitaletxekoei 300 bat bidali zizkien, baina trinkotzea adostu zuten, eta ehun ale geratu dira azkenean. Bi zatitan banatu dituzte horiek liburuan, 50 bilduz bakoitzean. Borobil batek egiten die sarrera lehenengoei, eta hiruki batek bigarrenari. «Lehenengoetan giza arrastorik ez dago, bigarrenen usainen bat, agian. Borobila azaltzen delako naturan, baina hirukia ez; hirukia giza konstrukzio bat da». Beste alde bat ere bada bi zatien artean: horizontalean maketatuta datoz lehen erdiko haikuak, eta bertikalean bigarrenekoak.

«Handia, hain txikia izanik»

Ongi bereiziz esan du: «Tan-ta-ka». Hiru silaba, haiku bat osatzen duten hiru lerroekin paralelismo bat egin nahi dutenak. Baina, batik bat, Tantaka deitu du bilduma, haikua bera ere tanta baten pare ikusten duelako: «Tantaz ematen zaigu itsasoa, tantaz tanta ematen zaigu zerua, gure odol tanta bakarrak ere gure informazio genetiko osoa omen darama. Eta zer da ba haiku bat tanta bat ez bada?». Hura sorrarazi duen itsasoaren tanta bat da haiku bat idazlearentzat, irakurleak murgil egiteko leku txiki bat. «Gauza handia izan daiteke haikua, hain gauza txikia izanik, noski, irakurlearen baitan pizten bada behintzat».

Poesiaren barruan kokatu ohi den arren, hura gainditzen duen genero bat dela ere iradoki du Magdalenak. «Haiku bat ere bada buruan marrazten zaigun eszena bat, margolan baten moduan margotzen zaizuna gogoan. Japonian, adibidez, haiku ezagunenak marraztu egiten dituzte; badira 400 artelanetatik gora eragin dituzten haikuak». Eta azpimarra: «Hiru lerrotatik 400 margolan baino gehiago».

Tantaka-ren ezaugarri bereizgarriena da, hala ere, erauzi egin daitezkeela haikuak. «Gustukoa duzuna gorde, hausnartzen utzi zaituena zurekin eraman, hozkailuan jarri, txarra iruditu zaizuna zakarretara bota, ondoan marraztu...». Naiara Rubio eta Mikel Serna izan ditu lagun proiektuari forma ematen, eta azal guztiak ezberdin egin dituztela ere nabarmendu du egileak: izokin kolore baten gainean tantakatze bat egin zuten pinturarekin eta, hala, azalean ageri diren tanta denak ezberdin gelditu dira. «Irakurleak eta Heraklitoren erreka beti ezberdinak diren bezala».

Magdalenaren argitalpenarekin, sail berri bat ere abiarazi du Balea Zuriak: Urrezko saila, formatu txikiko testuentzako bide izan daitekeelakoan. «Baikorrak gara, eta etorriko dira berriak».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Maria Alche eta Benjamin Naishtat zuzendariak, eta <em>Puan</em> filmeko aktore Marcelo Subiotto, Mara Bestelli eta Leonardo Sbaraglia, atzo, Donostian, Kursaalaren atzealdean.</b> ©GORKA RUBIO / FOKU

Bizitzaren irakaspenak

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

Maria Alchek eta Benjamin Naishtatek 'Puan' «komedia filosofikoa» aurkeztu dute lehiara. Isabel Coixetek Sara Mesaren 'Un amor' eleberria egokitu du
 ©ZINEMALDIA

«Fikzioa errealitatea baino inportanteagoa bilakatu zitzaidan»

Jone Bastida Alzuru

Virginia Woolfek 1928an argitaratutako 'Orlando' eleberria abiapuntutzat hartuta, bere lehen pelikula ondu du B. Preciadok: 'Orlando, mi biografía política'. Transen ikusgaitasun politikoa du xede.

Kohei Igarashiren <em>Suigyo No Majiwari/Two of Us</em> filma. ©ZINEMALDIA
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zanetti: «Pertsonaia bat non amaitzen da? Ez da amaitzen»

Itziar Ugarte Irizar

Nerabe zela etxean bizitakoetatik hurbil osatu du Zanettik bere lehen film luzea: 'Alemania'. Aguilarrek jokatu du protagonistaren rola, bipolaritatea duen ahizparen ondoko begiradatik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...