Albistea entzun

Ziburun hamaika disko eta liburu

Ziburuko liburu, komiki eta disko azoka bigarren aldiz ospatuko dute ekainaren 12an. Urtebeteko etenalditik landa, «indarberriturik» datoz Baltsan elkartea eta 'Argia' aldizkaria antolatzaileak. Berritasunak ez dira eskas
Baltsan elkarteko, <em>Argia</em> astekariko, EKE erakundeko eta herriko etxeko hautetsiek aurkeztu dute azokaren afixa eta egitaraua.
Baltsan elkarteko, Argia astekariko, EKE erakundeko eta herriko etxeko hautetsiek aurkeztu dute azokaren afixa eta egitaraua. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko ekainak 9

Antxeta itzuli da neguko migraziotik. Bere irri kantuaz dei egiten du euskarazko ekoizpenak arrantzatzera joateko. Afixako protagonista antxeta da, Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa liburua leitzen ari dela, bota ubelak soinean, lasai ederrean.

Bigarren liburu eta disko azoka antolatu dute Baltsan elkarteak eta Argia aldizkariak Ziburun (Lapurdi), ekainaren 12an.

Duela bi urte abiatu zutenak etenaldia pairatu behar izan zuen iaz, osagarri krisia zela medio. Aurtengoa doi-doietarik, baina ia nahi bezala egin ahal izanen dute: berez ekainaren lehen astean baitzuten pentsatua, duela bi urte bezala, baina suprefeturak ez du halakorik baimendu.

Dena den, «izugarri kontent» dira antolatzaileak, egin eginen baita eta gainera baldintza onetan, ostatu guziak ere zabalik izanen baitira, plazari dagokion giroa errendatuz. Udaberriak dakarren lilitzeak ez du hutsik egin Ziburun: euskarazko berritasunek hartuko baitute plaza, 10:00etatik 20:00etara.

Alde batetik, duela bi urte baino argitaletxe haborok parte hartuko du aurtengoan: 23, orotara. Karia horretara, karpa handitu eginen dute.

Bestalde, liburu azokaz aparte, pixka bat bereiz, metro batzuetarat, animazio batzuk pentsatuak dituzte. Antolatzaileetariko bat da Adur Larrea: «Goizean Maddi Zubeldiak haurrak kantuz ariaraziko ditu Iturri Zahar ederrean. Plazatik atera nahi izan dugu apur bat. Azken batean, Ziburuko haurren bi herenek euskara jasotzen dute; beraz, atera dadila euskara eskolatik kanpo!».

Hori baitute lema antolatzaileek: «Euskara jalgi ezazu plazara». Eta hori dute tema: «Gure helburu lehena da euskara egun horretan plazaratzea Ziburun, euskara izan dadila plazako lengoaia». Baina ez hori bakarrik. Behar batek akuilaturik jalgi baitzen ideia karrikarat: euskarazko ekoizpenen egarriak eraman baitzituen antolatzaileak Ziburuko liburu eta diskoen azokaren muntatzera: «Liburu denda guti da, eta guti horietan euskarazko produktuak xuhur edo ez dira eskuragarri. Eta ez badira ikusgarri, ez dira erosten. Beraz, guk ikusgarritasuna eta eskuragarritasuna eman nahi dizkiogu euskarazko ekoizpenari», gehitu du Larreak.

Xedeari lotu zaizkie ere Ziburuko herriko etxea, Euskal irratiak eta Euskal Kultur Erakundea.

Eskaintza anitzeko feriak hartuko du Ziburuko plaza, denetariko generoak ekarraraziko baitituzte. Hori bai, komikiaren xokoak badu toki berezia: «Nahiko zaindua da, saiatzen gara plaza egokia ematen eta egileekin egoteko parada ematen. Harriet, Xabiroi, Erroa eta Gure Berriak argitaletxeei esker».

Goizetik arrats, liburu aurkezpenek ez dute etenik izanen; 11:00etan hasiko baita Maddi Ane Txoperena BERRIAko kazetaria bere lehen eleberria aurkezten, Ene baitan bizi da. Asisko Urmenetak Sugarren mende komikiarekin segituko du 11:30ean. Jon Alonsok Naparra, kasu irekia ikerketa liburuaren berri emanen du 12:00etan. Azken hau berezia zaiela aitortu du Larreak: «Naparra Ziburun bahitu baitzuten».

Goiza trenkatuko du Zirriborroka bertso-marrazki saioak, 12:30ean. Karia horretara, Odei Barroso eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek eta Dani Fano eta Asisko Urmeneta marrazkilariek elkar desafiatuko dute.

Kontuan hartzekoa da azokaren bigarren aldi honek bazkaltzeko beta hartuko duela; hala, 13:00etatik 15:00ak arte hetsiko dituzte bortak. Arratsaldea abiatuko du Adur Larreak, Burgosko auzia: iraultza eta bizi! komikia aurkeztuz, 15:30ean. Jakoba Errekondok Etxeko landareak lanaren berri emanen du 16:15ean. Oihana Aranak, Lazunak azkazaletan poema liburua aurkeztuko du 17:00etan. Eta Itxaro Borda Susmaezinak eleberriaz mintzatuko da 17:45ean.

Aguxtin Alkhatek eta Julien Labatek hetsiko dute azoka, Hutsaren hatsa diskoaren kontzertua emanez 19:00etan.

Inguruko ostatuetako eskaintzaz gain, Ziburuko Kaskarotenea ikastolak taloak prestatuko ditu eguerdian ahamen baten eskaintzeko.

Antxeta fetitxea

Afixako antxetak badu azalpena: «Irrigarria atzemateaz gain, bazen Antxeta argitaletxea 80ko urteetan, zeinak Corto Maltese eta Ethiopikoak argitaratu baitzuen». Argitaletxearen gurasoetako bat Ladix Arrosagarai azokaren antolatzaileetako bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jean Rhys (Roseau, Dominika, 1890-Exeter, Ingalaterra, 1979). ©BERRIA

Klasikoen haize berria

Joannes Jauregi

55 urte bete ditu Jean Rhysen 'Sargazo itsaso zabala' nobelak. Idazle ezezagun samarra zen ordu arte, eta liburuak arrakasta itzela ekarri zion, 76 urte zituela; «berandu», idazlearen esanetan.

Pierre Huygheren Untilled lana (2011-2012), Documenta 13n. Vila-Matasen eleberrian gehien agertzen denetariko bat da. ©ARTISTAREN KORTESIAZ
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Entelekiatik errealitatera pasatu ginen, eta hemen gaude»

Andoni Imaz

Pozak eta minak kantuan eman ditu 40 urte baino gehiagoan, kantaera dotore eta sakonarekin. Taldean aritu da beti, «inoiz ez delako bakarrik lan egiten». Hala ere, ondo daki zer den bere kasa ibili beharra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna