Miren Agur Meabek irabazi du Espainiako Poesia Saria

'Nola gorde errautsa kolkoan' liburuagatik saritu dute Meabe. Aipamenaz gainera, 20.000 euro jasoko ditu. Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia da

Miren Agur Meabe idazlea, Nola gorde errautsa kolkoan poema bildumaren aurkezpen egunean, iazko azaroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Maisukiro uztartzen ditu urteen iragatearen samintasuna eta bizitasun eta freskotasun apurtezina». Espainiako Poesia Saria hautatzen duen epaimahaiak hitz horiekin laudatu du Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan liburua (Susa). Haien erabakiz, Meaberen lanak jasoko du aurten Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen saria. 20.000 euroko ordaina du izendapenak, eta aurrez sekula ere ez zuen irabazi euskarazko lan batek.

«Euskal poeta garaikide handietako baten helduaroko poema bilduma delako». Horregatik apartatu du lana epaimahaiak iaz argitaratutako gainontzekoen artean. «Memoria liburu baten moduan hasten da liburua, baina zabaltzen hasten da ondoren, ahots, estilo eta tonu multzo handi bati leku eginez». Horrez gainera, egileak desira eta heriotza, eta nostalgia eta denboraren iragatea lantzeko dituen modua ere txalotu dute, hori guztia lantzeko ez baitu bazterrean utzi hitzaren gozamena. «Kontrapuntu gisa, hizkeran eta erakusten duen jarreran dimentsio ironiko bat eskaintzen du».

Ez dago metodorik

Poema bilduma triptiko baten parte zela adierazi zuen poetak liburuaren aurkezpenean. Egilearen hitzetan, aurrez argitaratutako Kristalezko begi bat eleberriaren (Susa, 2013) eta Hezurren erretura narrazio bildumaren (Susa, 2019) segida baita. Poemak sei ataletan antolatuta daude, eta Metodoa izeneko poema indartsuak zabaltzen du lana. «Nola gorde errautsa kolkoan?», galdetzen dio bere buruari poetak lehen testu horretan, eta, hainbat erantzun proposatu ostean, poema esaldi hauekin amaitzen du: «Ez dago metodorik./ Bakar-lurrean eustea soilik,/ faltan dugun zer horretan pentsatu gabe./ Bizitzak guretzako planik ez duela onartzea./ Eta, ordua denean,/ urna askatu, arrakala zeharkatu./ Ez du inporta gaua baldin bada./ Kasu egin, deiak irauten duena irauten duela./ Bide sotil bat dago zuhaitzen artean/ nire plazentaraino».

Lekeition (Bizkaia) jaio zen, 1962an; Irakasletza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testu liburugintzan aritu da hainbat urtez. 1998an eman zuen argitara bere lehen lana: Uneka... gaba narrazio bilduma (Labayru), eta helduentzako eta umeentzako obra oparoa sortu du geroztik. Hirutan irabazi du Euskadi Saria, esaterako, haur eta gazte literatura modalitatean, Itsaslabarreko etxea (Aizkorri, 2001), Urtebete itsasargian (Elkar, 2006) eta Errepidea (Erein, 2011) lanengatik. 1999an argitaratu zuen bere lehen poesia bilduma, Oi, hondarrezko emakaitz (Labayru, 1999). Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen 2001ean, Azalaren kodea poema liburuagatik (Susa), baita hamar urte geroago ere, Bitsa eskuetan poema liburuarengatik (Susa).

Helduentzako poesiarik argitaratu gabe emandako hamar urteko tartearen ondoren kaleratu zuen Nola gorde errautsa kolkoan.

1924tik hasita saria jaso duten egileen zerrendari erreparatuta, gaztelerazko lanak dira nabarmendutako gehienak, eta gizonezkoek idatzitakoak. Zortzi emakumezko baino ez dituzte saritu ia mende beteko ibilbidean, eta gutxi dira katalanez eta galizieraz saritutako lanak ere: bi bakarrik hizkuntza bakoitzean. 2020an, esaterako, Olga Novo idazle galiziarraren Feliz Idade liburua saritu zuen epaimahaiak, eta, oraingoan, Meaberen euskarazko lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.