Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Piztuko gara berriz

2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Batzuetan, urte-garai honetan bereziki, hedonismo-kolpe txoro batek jotzen nau (hori da modu dotorexko bezain zozo bat aitortzeko batzuetan gauzarik arinenetan aritzen naizela plazerik arinenaren bila, nire garaiaren alaba esanekoa naizenez gero), eta poesia eta balio literarioa ikusten dut gauza guztietan: poesia(rekin) fribolizatuz laketzen naiz, liburu-dendan gehiagotasun moral eta intelektuala erakutsi nahian autolaguntza-liburuen kontrazalak irakurriz barrez aritzen diren horien alderantzizko mekanismo moduko bat erabiliz. Besteak beste, azkenaldian buruan darabilzkit honako hauek, zurrunbiloan: «San Simon eta San Juda» (ezin iritsirik dela uda), «santaluzietan gaba da luze, sanbernabetan dogu eguna, aukera batean bizi danak ez dau erruki bere laguna». Hain dira antipoetikoak urtaroei eta eguraldiari buruzko konbertsazioak, euriagatik haserretzen garenon lantuak («uda-da-jope!») eta euriagatik haserretzen garenokin haserretzen direnen purrustadak («Euskal-Herrian-euria-egiten-du-urtaro-guztietan-Utzi-behingoz-kexatzeari-ostia»), ezen eztabaida poetiko-poetikoak gertatzen baitira azkenerako. Barka, beraz, irakurle estimatua, azken hilabete hauetan gezurra esan baitugu Hirudian behin baino gehiagotan, Euskal Herrian eztabaidarik ez dagoela-eta kexatu garenean: eguraldiari buruzko eztabaida poetiko eta jadanik politikoak igogailuaren itxitik jalgi dira txoko guztietara, lehen baino areago, eta badute nahikoa mami bertso-lerro alexandrinoko dozenatxo bat olerki egiteko.

Letren txoko bat da zutabe hau, baina zer da zientzia letrak ez bada? Zientifikoki uda da gaur, uda, bai, sintomek zer ere dioten. Ez dirudi udazkenak bezain urtaro poetikoa (zein lehia daiteke, izan ere, gero eta laburtzenago diren egun hezeen orbelaren gorriztarekin?), baina badu bere zera: ai, umetako uda eternalen ezin amaia; ai, Shakespeareren 18. sonetoa, Uda-egun bat ote dirudizu? (Juan Garzia maisu handiak euskarari ekarria): «inoiz su-begia Zeruk lar gori/ eta sarri urre-distira lausoz;/ eder orok noizbait galtzea sari/ zoriz zein berez, sasoien aldaroz». Eta, kontrastean, oi, gure pudoreak eta lotsariak hortxe bat-batean, edozein hondartza, igerileku, ibaitan agerian, batzuk hanka-bistan, beste batzuk bular-bistan, arraro, jantzita ez baizik erantzita ibiltzea balitz bezala bitxia eta artifiziala. Oi, zeinen antipoetikoak likra, plastikozko hozkailutxoak, baina hain antipoetiko izatearen izateaz zeinen poetikoak aldi berean, galipot beroaren urrina bezainbeste kasik.

Gogoan har dezagun udan oporrik ez dutenen (in)justizia poetikoa, opordunei beha irauteko kondena: oraintxe uztaileko opordunak pozik, gero uztailaren bukaeran triste, eta, haiek hondoa jota daudela, orduantxe abuztuko opordunak pozak txoratzen, eta abuztuaren amaieran denak lur jota, halaxe dena zikloka, zikloka, ez Giro eta ez Tour, hauxe egiaz gure ziklismo patetikoa, barka, poetikoa. Eta, oi, Urteberriko asmo onak bezain olerkitsuak sanjoanetako asmo onak, «beranduegi-da-bikini-operaziorako-baina-niri-zer-axola-Dena-sutara», has bedi berriz urtea, erdi-erditik baldin bada ere, has bedi, eta degiogun berriro geure buruari zina, orain irakurriko ditugula urte osoan irakurri ez ditugun liburuak, jantziko dugula geure burua letraz arropak eranztearekin batera, azken hilabeteetan kontrolik gabe eta era ia ekosistemikoan hazten utzi ondoren Liburu Irakurri Gabeen Dorre Brutalista gero eta beldurgarriago horri.

Bada, topikoekin hasitako zutabea topikoekin amai bedi: eutsi diezaiogun, eutsi, udaren makalari. Datozen asteetan horixka eta fantasmagoriko bihurtuko da dena, bat-batean eta behin-behinean hala moduzko Comala batean bizitzeko promesa egin izan bagenio bezala elkarri.

Ondoloin eta sarri arte, irakurle estimatua. Izan txintxoa, eta irakurri. Piztuko gara denok berriro udazken egiaz poetikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.