Urak menditik itsasora egiten duen bidea

21 irudik osatzen dute Gema Arrugaeta argazkilariaren 'Zipriztinduz' erakusketa. Uraren ibilbidea du ardatz, eta Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan dago ikusgai, irailaren 8ra arte

Donostia
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«Jendea zipriztindu nahi dut, ingurumena kutsaduraz zipriztintzen ari garela konturatu daitezen. Argazki guztiak politak, indartsuak eta garbiak dira. Baina hurrengo erakusketa aurkakoa izango da», horrela azaldu du Gema Arrugaeta argazkilariak Zipriztinduz erakusketaren izenaren jatorria. 21 argazki biltzen ditu, eta irailaren 8ra arte egongo da zabalik, Donostiako Tabakalera zentroan.

Lanaren bidez, urak menditik itsasoraino egiten duen ibilbidea irudikatu du, baina, berak esan duenez, modu deskriptibo batean egin beharrean, estetikoki landu du; horren erakusle da ez aipatzea argazkiak non atera dituen.

Erakusketako argazki guztiak argi naturalarekin egindakoak direla ere nabarmendu du argazkilariak: «Natura lantzeko, normalean, argi naturalarekin egiten dut lan. Kolorearekin, argiarekin... guztiarekin jolasten dut emaitza indartsu bat lortzeko». Erakusketako argazki batzuetan kolore urdinak dira nagusi, eta beste batzuetan, aldiz, gorria, laranja eta berdea ere ikus daitezke; zuri-beltzean dagoela dirudien argazki bat ere bada, baina «guztiek dute kolorea».

Natura, bidaiak eta munduko kultura ezberdinak landu izan ditu Arrugaetak bere argazkietan. Gai horiekiko «benetako pasioa» duela esan du, baina egiten dizkioten enkarguek denbora kentzen diotela askotan: «Egunerokotasunak jan egiten gaitu. Zerbaitetik bizi beharra dago, noski. Baina ahalegin handia egin behar da enkarguetatik kanpo lanak egin ahal izateko». Hala ere, adierazi du «denbora atera» eta berarentzat diren lanak egiteko astia ere hartzen duela, eta Zipriztinduz dela horren adibidea.

Izadiaz - Gizakiaz proiektua aipatu du. Duela urte batzuk hasi zuen, eta oraindik ez du amaitu. Natura eta gizakiaren arteko harreman on zein txarrak islatzea du helburu Arrugaetak egitasmo horretan. Batzuetan, natura «bere horretan» irudikatzean zentratzen da, eta beste batzuetan, berriz, gizakiak naturan duen eragina izaten du gai nagusia. Proiektuaren barruan egin zuen lehen erakusketa Madrilen aurkeztu zuen, eta transhumantziari buruzkoa izan zen. Gerora, beste batzuk ere egin ditu, Arantzazun (Bizkaia) eta Alkizan (Gipuzkoa), besteak beste. Argazkilariak zalantza egin duela aitortu du Zipriztinduz erakusketa proiektuan sartu ala ez: «Nire argazkilaritza beti da gizakiaz eta izadiaz. Kasu honetan, natura hutsa da, baina gizakiaren eragina ere badu: hosto batzuk kanpoko zuhaitzenak dira, beste batzuk bertakoenak... beti dago eragina». Azkenean, ez sartzea erabaki zuen, baina funtsean lan ildo berekoa dela ere azaldu du.

Argazkilaritza «ofizio eta afizio» du Arrugaetak; are gehiago, bizitzeko eta adierazteko modu bat ere badela uste du. «Argazkiek bere horretan ahalik eta gehien adieraz dezaten saiatzen naiz. Azken bolada honetan modan dago irudien inguruan hausnarketa sakonak eta azalpen handiak ematea. Baina, nire ustez, argazki edo margolan batek azalpen handiak behar baditu, indarra falta duen seinale da».

Garaiaren araberako mostra

Argazkilariak azaldu du Zipriztinduz erakusketa egindako lanaren zati bat bakarrik dela, eta «garai jakin baterako» egin duela: «Hemendik hiru hilabetera berriro egin beharko banu, argazkien aukeraketa, ordena... ezberdina izango litzateke. Ni neu ezberdina izango bainitzateke». Iruditzen zaio pertsona bakoitzak bere modura interpretatzen dituela argazkiak, eta hori aberasgarria dela.

Aretoaren arabera ere erakusketa aldatzen du: «Leku txikietan izugarrizko harrera ona eta bultzada jaso izan ditut. Nabaritzen da ahalegin handia egin behar dutela erakusketa egiteko. Leku handietan, berriz, orokorrean, harrera ez da hain ona izaten [barreka]». Argazkilariak azaldu du Tabakalera kulturgunea aukeratu zuela Donostian zerbait egiteko gogoa zuelako, eta erakusketa espazioak «argitasun berezia» duela ere nabarmendu du.

Argazkilari profesionalek «egin behar duten» ahaleginarekin eta trukean jasotzen duten «balorazio hutsalarekin» deseroso agertu da Arrugaeta, eta Vivian Maier argazkilaria ekarri du gogora: «Maierrek ahalegin izugarria egin behar izan zuen. Bere garaian inork ez zion lagundu, eta orain, berriz, dirutza ordaintzeko prest gaude haren argazkiak erakusketa batean jartzeagatik. Baina hori, artista hil ondoren; horrek ez dio ezertarako balio hari». Gaur egun gauza batzuk hobetu direla baina oraindik «lan handia» egin behar dela ere esan du argazkilariak: «Kulturaren arloan, orokorrean, apustu serio bat egiteko dago oraindik. Kulturalki goi mailan dauden herrialdeen aldean, oso atzeratuta gaude, eta urteak daramatzagu haiengandik urruti. Oraindik ere, tamalez, diru gehiago bideratzen da edukiontzira, edukira baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.