Irekiak: arte garaikideko galerien denboraldiaren hasiera Donostian

Irailaren 10, 11 eta 12an egingo da lehen aldiz. Hiriko sei galeriak DAGGE elkartea sortu dute

Irekiak ekitaldiaren aurkezpena, atzo, Tabakalerako Z aretoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bilbon, Parisen, Madrilen edo Berlinen egin ohi duten gisa berean, artearen denboraldi berria abiatze aldera, galleryweekend edo galerien asteburua izango da Donostian lehendabiziko aldiz. Donostiako Arte Galeria Garaikideen Elkarteak (DAGGE), Tabakalerak, Donostiako Udalaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute Irekiak ekitaldia, irailaren 10etik 12ra bitartean.

Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrian, Ekain eta Kur galerietan erakusketa berriak zabalduko dituzte; Tabakalerak bi erakusketa abiatuko ditu; eta Kursaal eraikineko fatxadan instalazio bat proiektatuko da ilunabarretan.

Ekain Artelanak galeriako Rita Unzurrunzagak, Altxerri galeriako Javier Baldak, Arte Galerien Elkarteko lehendakari Gregorio Cibrianek, Tabakalerako kultura zuzendari Clara Monterok, Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek eta Donostiako Udaleko Jon Insausti kultura zinegotziak aurkeztu dituzte Irekiak ekitaldiaren asmoak, helburuak eta egitaraua.

Bide batez, DAGGE elkarteak bere burua aurkeztu du estreinakoz jendaurrean.

Arte garaikidearen aldeko konpromisoa erakusteko eta bildumazaletasunari garrantzia emateko, Irekiak ekitaldiko aurreneko egunean arte obren erosketa bana egingo dute lau erakunde hauek: San Telmo museoak, Modus Vivendi bildumak, JNSL bildumak eta Laboral Kutxak.

Erakusketa berriak

Irailaren 10ean, 19:00etan, Donostiako sei arte galeriek erakusketa berriak zabalduko dituzte, denak aldi berean.

Ekain Artelanak aretoan Mikel Casal (Donostia, 1965) eta Juan Ignacio Mendizabal (Donostia, 1964) artisten Declaracion de intenciones (Asmoen adierazpena) izango da.

Altxerri aretoan Irma Alvarez Laviadak (Gijon, Espainia, 1978) Relaciones variables (Erlazio aldakorrak) erakutsiko du; eta Juan Ugaldek (Bilbo, 1958) Zinemaldirako egindako estudioak eta marrazkiak agertuko ditu.

Kur galerian, Jesus Maria Cormanek (Donostia, 1966) Enseres salvajes (Tresna basatiak) zabalduko du.

Cibrian galerian, You may come full circle (Zirkulu osoa egin dezakezu) erakusketa osatuko da lau artistarekin: Jose Ramon Amondarain (Donostia, 1964), Katinka Bock (Frankfurt, Alemania, 1976), Leandro Feal (Habana, 1986) eta Esther Gaton (Valladolid, Espainia, 1988).

Aztertun, Oaia Peruarena Telletxeak (Bera, Nafarroa, 1972) Bilketa margoak erakutsiko ditu.

Eta Arteko galerian, Cuerpos de tinta y siluetas de algoritmos (Tinta gorputzak eta algoritmo ingeradak) erakusketa apailatuko dute Angel Perisek (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1993) eta Jaime de los Riosek (Donostia, 1982).

Sei arte galeria horietan bisita gidatuak egingo dituzte irailaren 11n eta 12an. Lau saio izango dira, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz, 11:00etan eta 17:00etan. Maite Intxausti eta Irene Mendia izango dira gidariak.

Tabakalerak ere bi erakusketaren irekiera egingo du irailaren 10ean: alde batetik, Zin Ex - Gorputza eta arkitektura; bestetik, Chris Kraus - Pelikulak lehen eta gero, Kraus (New York, AEB, 1955) artistaren film guztien bildumarekin.

Bestalde, hiru egunetan, Kursaal eraikineko fatxadan Jaime de los Riosek Medialab Tabakaleraren laborategian sortutako Crimson Waves (Olatuak oskorrian) pieza proiektatuko da ilunabarretik gauerdira arte. Natura eta hiria, islak eta olatuak agertuko ditu Rafael Moneoren arkitekturaren gainean. Instalazioak 35 minutuko iraupena du.

Irekiak egitarauaren barruan Eduardo Txillidari buruzko ikastaro bat txertatu dute, hilaren 10ean, 9:00etan, Txillida Lekun.

Elkartearen aurkezpena

Donostiako Arte Galeria Garaikideen Elkartea 2021eko urtarrilean sortu zuten hiriko sei galeriak: Altxerri, Ekain, Kur, Cibrian, Arteko eta Arteztu. Elkartearen egitekoak eta helburuak aurkeztu dituzte orain, zortzi puntu hauetan laburbilduta:

Bat. Arte garaikidea sustatzea, eta arte galerien lana ezagutaraztea hirian, azoketan, artisten truke eta sustapen ekitaldietan.

Bi. Artisten sorkuntza plastikoa erakustea, ekoiztea eta komunikatzea.

Hiru. Artisten eta ikusleen artean bitartekari espezializatuak izaten jarraitzea.

Lau. Artearen sentsibilizazioarekin eta artista garaikideen zabalkundearekin lotutako ekitaldiak sustatzea eta, honenbestez, kulturaren arloan aktoreak eta partaideak izatea.

Bost. Jendaurrean galerien presentzia indartzea, eta egungo artea ezagutarazteko programa didaktikoak garatzea.

Sei. Galerien indarrak batzea, solaskidetza errazteko administrazioekin, erakunde publikoekin eta pribatuekin, eta arte arloko beste eragile batzuekin; eta haiekin batera programak koordinatzea.

Zazpi. Arte bilduma publikoak berraktibatzeko eta horiek emendatzeko aurrekontuak eta irizpideak ezartzen laguntzea; horretarako, erakusketak eta artistak eskaintzen dituzte galeriek, baita bitartekaritza profesionala ere.

Zortzi. Galeristen lan profesionala aintzatesteko marka komun bat sortuko du DAGGE elkarteak, eta ekintza bateratuak sinkronizatuko eta ordezkatuko ditu.

Datorren astean izango den Irekiak ekitaldiaren lehen aldi horren ostean, arteaz eta galeriez jardunaldi batzuk antolatzea izango dute hurrengo asmoa, Gregorio Cibrianek adierazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.