Literaturazale feministak, elkartuta

Sareinak taldeak antolatuta, Literaturazale Feministen Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean Gasteizen

Itxaro Borda izango da omenduetako bat Literaturazale Feministen Topaketetan. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Topaketen helburua da euskal literaturaren sisteman gauden feministak elkartu, eta elkarrekin hausnartzea: zer egin dugun orain arte, zertan ari garen, eta zer nahi dugun etorkizunean». Amaia Alvarez-Uria Sareinak taldeko kideak eman du azalpena, eta Gasteizen antolatu dituzten Literaturazale Feministen Topaketak ditu mintzagai; ostiralean eta larunbatean egingo dituzte, Gasteizko Emakumeen Etxean. Zabalik da izen emateko epea.

Nork bere bizipenak eta esperientziak bestei kontatu, eta etorkizunerako abiapuntu modura baliatu nahi dituzte topaketak. Horretarako, euskal literatura aztertuko dute, ikuspegi feminista batetik. Jardunaldiak prestatzeko ere hainbat online elkarrizketa egin dituzte antolatzaileek euskal literaturako eragile feministekin, eta hala garatu dituzte proposatutako gaiak.

Bi egunetako egitaraua osatu dute: hitzaldiak, mahai inguruak, lantegiak eta omenaldi bat izango dira, eta, besteak beste, idazleek, irakasleek, argitaratzaileek, irakurleek eta bestek hartuko dute parte.

Tailerrak eta omenaldiak

Iratxe Retolaza Sareinak taldeko kidearen hitzaldiarekin abiatuko dira topaketak, eta, Alvarez-Uriaren arabera, mahai inguruetarako, «eremu diferenteetako» eragile feministen presentzia bilatu dute. Argitaletxe eta liburu dendetako ordezkariak izango dira aurrenekoan, eta Leire Lopez Ziluaga, Nerea Fillat eta Maria Mur editoreak arituko dira hizlari. Larunbatean, hainbat belaunalditako idazleak elkartuko dituzte; hala, Karmele Jaiok, Laura Mintegik eta Itziar Ugartek osatuko dute genealogiei eskainitako mahai ingurua. Irakurle talde feministei buruzkoa egingo dute gero.

Lantegiak ere prestatu dituzte. Bi egunetan izango dira, eta joaten denak aukeratu egin beharko du egun bakoitzean nora joan. Ostiralean, hiru lantegi izango dira: irakaskuntzari, kritikari eta hedabideei eskainitakoak. Antolatzaileen hitzetan, hainbat eremutara eraman nahi baitute «hausnarketa kolektiboa».

Larunbatean bi arte izango dituzte ardatz lantegiek. «Ilustraziotik eta antzerkitik begiratuko diogu literaturari», azaldu du Alvarez-Uriak. Maite Caballerok eta Paula Estevezek gidatuko dute ilustrazioaren atala, eta Amancay Gaztañagak antzerkitik landutakoa.

«Bertaratzen direnek parte hartzeko aukera izango dute. Ez da izango soilik adituei entzutea», nabarmendu du Alvarez-Uriak. Horregatik jarri dituzte kaferako tarteak saioen artean, «elkarrekin egoteko, eta ahalik eta ahots gehien entzuteko». Hainbat belaunalditako eta eremutako jendea biltzea izan da asmoa.

Alvarez-Uriaren arabera, bidea egiten ari dira euskal literatura feministan, baina oraindik asko dago egiteko: «Belaunaldi berriekin batera, ahots diferenteak agertu zaizkigu. 80ko hamarkadan hasi ziren aitzindariak lehenengo hurbilpen feministak egiten, eta, egun, baditugu beste belaunaldi batzuk, beste hurbilpen batzuk, beste hizkera batzuk». Lan eta idazle erreferentzialak daudela dio, baina zera gogoratu du: oraindik ehuneko txikia dela emakume idazleena. «Gehienez jota, %20-25era iristen da». Baina badaude ahots indartsuak, proposamen berritzaileak eta proiektu interesgarriak.

Hain zuzen, 80ko hamarkadan publikatzen hasi ziren idazleei egingo diete omenaldia larunbatean. Itxaro Bordari, Mariasun Landari eta Arantxa Urretabizkaiari egindako omenaldi batekin itxiko dituzte topaketak; «euskal emakumeen ikusgaitasuna aldarrikatzen hasi ziren idazleei». Korronte kontra aritu zirela esan du Alvarez-Uriak: «Orduko egoera ez zen oso abegikorra, gaur egun baino askoz heteropatriarkalagoa zen. Bidea urratu zuten, eta, horri esker, egun baditugu beste batzuk bide hori zabalik topatu dutenak, edo ez hainbeste sasirekin, behintzat».

Sareinak

Sareinak taldea duela hamabost urte sortu zen, literatura eta feminismoa euskaraz uztartzeko asmoz. «Blog batekin hasi ginen, eta urtean behin gure urteurrena ospatzen genuen mahai inguru batekin». Emakume idazleen lanak ikusgarri egin eta partekatzea zen mahai inguru horien asmoa. Omenaldi batzuk ere egin zituzten; eta topaketetarako jauzia eman dute orain. «Garai bakoitzak gauza diferenteak eskatu dizkigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.