Donostiako 66. Zinemaldia

Mexikora bueltan

1978an, Robert M. Youngek irabazi zuen Donostiako 26. Zinemaldiko sari nagusia AEBetara igarotzen diren mexikarrei buruzko film batekin: 'Alambrista'.

Alambrista filmak irabazi zuen sari nagusia 1978an. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gaur-gaurkoz puri-purian dagoen gai bat eraman zuen Robert M. Young zinemagileak (New York, 1924) 1978. urteko zinemaldira: Mexikotik AEBetara bizitza hobe baten bila igarotzen diren pertsonena. Alambrista-k horixe kontatzen du, gordintasuna ezkutatu gabe. Nekazari batek muga igaroko du modu klandestinoan sasoikako langile gisa aritzeko, baina AEBetan desgraziak baino ez ditu biziko: lan ordutegi amaiezinak, soldata lotsagarria, irainak... eta, horiek horrela, Mexikora itzultzea erabakiko du. Alambrista izan zen Donostiako 26. Zinemaldiko garaile nagusia, Urrezko Maskorra irabazi baitzuen.

Irailaren 9tik 20ra egin zuten Donostiako Zinemaldia urte hartan, eta, Sail Ofizialean lehiatu ziren filmei erreparatuz gero, arreta deitzen du gerora Zinemaldiaren parte inportantea izan diren hainbat zinema zuzendarik aurkeztu zutela filmaren bat. Hala, Claude Chabrol zinemagile frantziarrak Blood Relatives ekarri zuen Donostiara —1997an, ia hogei urte geroago, Urrezko Maskorra irabazi zuen Rien ne va plus-ekin—, eta Arturo Ripstein mexikarrak, bestalde, El lugar sin limites —1993an irabazi zuen Principio y fin-ekin, eta 2000an La perdición de los hombres-ekin—. Chabrolek ez bezala, Ripsteinek sari bat eskuratu zuen 1978an: Epaimahaiaren Sari Berezia.

Gainerako sariei dagokienez, Manuel Gutierrez Aragonek jaso zuen zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Sonambulos filmagatik, eta beste bi Zilarrezko Maskor ere banatu zituzten, Marta Meszaros hungariarraren Olyan mint otthon-entzat eta Michel Deville frantziarraren Le dossier 51-rentzat. Urte hartan, bestalde, gaztelaniazko film onenak ere jaso zuen sari bat, Kantauriko Perla izenekoa. Gonzalo Herralderen El asesino de Pedralbes filmarentzat izan zen.

Interpretazio sariak, berriz, Carol Burnettentzat —Robert Altmanen A Wedding filmagatik— eta Jose Sacristanentzat —Pedro Olearen Un hombre llamado Flor de Otoño-gatik— izan ziren.

Allenen estreinaldia

Annie Hall-en (1976) arrakastaren aparretan zegoen 1978an Woody Allen. Urte hartan, baina, Ingmar Bergmanen eraginaz erabat bustitako film bat aurkeztu zuen Donostian: Interiors. Sail Ofizialean, baina lehiaz kanpo. Hurrengo urtean, Manhattan ikonikoarekin itzuli zen zinemaldiaren inauguraziorako. Ez zen izan lehiatik kanpo eman zuten lan bakarra. Sam Peckinpahk Convoy aurkeztu zuen, bere azken filmetako bat, eta Jaime de Armiñan espainiarrak, Al servicio de la mujer española.

Lehiaketari dagokionez, honako hauek izan ziren saririk gabe gelditu ziren filmak: A Wedding (Robert Altman), Smyatenie chuvstv (Pavel Arenov), En Och En (Erland Josephson, Sven Nykvist eta Ingrid Thulin), Il ritorno di Casanova (Pasquale Festa Campanile), Jaque a la dama (Francisco Rodriguez), Pablo (Victor Casaus), Rekolekcje (Witold Lesczynski), Se busca muchacha de buena presencia y motorizada (Alfredo J. Anzola), Skytten (Tom Hedegaard), Stin letajicino ptacka (Jaroslav Balik), The Class of Miss Macmichael (Silvio Narzizzano) eta Utopia (Iradj Azimi).

Sail Ofizialeko epaimahaia honako hauek osatu zuten: Leslie Caronek, Luigi Comencinik, Jose Luis Garcia Sanchezek, Miguel Littinek, Koldo Mitxelenak, Sandor Sarak eta Krzystof Zanussik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.