Zubi lanaren 'Aztarnak'

Marina Beheretxe biolinistak 'Aztarnak' proiektua muntatu du, hainbat estilo lantzen dituzten artistekin elkarlanean. Tresna klasiko eta tradizionalak uztartuz, euskal musika jotzen dute

Aztarnak proiektuko kide batzuk. Eramailea Marina Beheretxe da —bigarrena ezkerretik—.  BRUNO LUCAS.
Ainize Madariaga
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Aztarnak proiektua estreinatuko dute gaur, Baionako Grenet aretoan. Euskal musika jotzeko manera ezberdinak nahastea izan da errezeta, tresna klasiko eta herrikoiak uztartuz. Alabaina, Marina Beheretxe biolin jotzaileak juntatu ditu bere musika ibilbidean «garrantzitsuak» izan diren eta Euskal Herriarekin zerikusi «handia» duten lagun musikariak. Bestalde, unean uneko performancea uztartu die: Arantxa Lannes margolariaren zuzeneko parte hartzea.

Aldi honetan, diskoa eskuen artean eduki beharko zuketen; alta, parte hartzaileetako batek COVID-19a bildu duenez, otsailera gibelatu dute grabazioa.

Genesia salatzekotan, 2015. urtera jauzi egin behar da: filosofia bertsuan, Vivaldi konpositorearen Lau sasuak interpretatu baitzuten tresna klasiko eta herrikoiak joz. Aldi honetan, Aztarnak proiektuaren muina Beheretxeren inguruko musikari eta tresna ezberdinak nahasteaz gain, mitologia ere bada: «Proiektuaren gai nagusia izanen dagure mitologia: pertsonaia bitxiak, gure dantzak, kantuak... nahasiz. Nire ibilbidearen bilduma da pixka bat».

Mixel Etxekopar poeta, kantari, ipuin kontalari eta tresna anitzen jotzaileak hala laburtu du lanaren paisaia estilistikoa: «Uste dut barrokoa izanen dela; baina ez lehen zentzuan, baizik eta estilo bitxia den aldetik, kultura eta estilo desberdinen nahasketa bat dela».

Alabaina, lau konpositore eta hamar musikarik beteko dute Beheretxeren soinu-eszena.

Ibilbidearen zati bat Aude Fada altistarekin, Emmanuelle Bacquet biolontxelistarekin eta Vincent Planes pianistarekin osatzen duen laukotearekin egin du, hots, Ezekiel kolektiboan.

Azken horrek «eszena klasikoetan errepertorio zabala» jotzeko usaia badu.

Laukoteaz gain, Emeline Bouillier kontrabaxu jotzailearen eta Joachim Bouillier biolinistaren sokak entzun ahal izanen dira, zeinak Beheretxe irakasle den Maurice Ravel kontserbatorioko ikasle izandakoak diren, eta, haren erranetan, «etorkizun talentudunekoak» baitira.

Horiekin batera, Mixel Etxekopar eta Paxkalin Xabaño nahiz Paxkal Indo txalapartariek ere girotuko dute interpretazioen saioa: «Lau sasuak elkarrekin sortu genuen, eta Aztarnak abentura berri hau ezin nezakeen haiek gabe bizi. Daukaten ahalmena inprobisatzeko, musika jotzeko, sortzeko, eta daukaten energia baikorra eta indarra baitezpadakoak dira halako proiektuaren muntatzeko».

Arantxa Lannes artista plastikoak, diskoaren liburuxka ilustratzeaz gain, zuzeneko emanaldietan agertuko du bere talentu joankorra, bat-batekotasunaren erresuman: «Entseatzen da arte plastikoak, kantua, dantza, antzerkia eta musikaren arteko zubi lana egiten. Bere irudimenezko paisaia eta pertsonaia bitxi bezain eztiak ez dira diskoaren obren oihartzuna baizik izanen», gehitu du Beheretxek. Funtsean, azpimarratu du artista parte hartzaile guziek badutela balio komuna: «Denek badute oroitzapen zahar bat gure historia, dantza, kantu edota inauteriei buruz».

Askotariko doinuak

Nathalie Biarnes, Peio Zabaleta, Joel Merah, Frederic Gaillardet, Filipe de Ezkurra eta Mixel Etxekopar konpositoreen hatzez baliatu da Beheretxe Aztarnak helmugara heltzeko. Lehenik, Zabaletarengana zuzendu zen, biolontxelista eta pianista lankideekin. Petites chroniques d'un Monde Bleu pieza idatzi du, tartean testu zatien errezitala: «Pieza labur batzuk dira. Berezia, polita eta poetikoa da. Testu zati batzuk ere badira, ametsari eta xamanei lotuak». Pieza horren lantzen zirelarik ari, hari berri bati heldu zioten: Joel Merahri «aspaldi» manatu zioten baina sekulan landu ez zuten Ama Lur kreazioa: «Ez genuen sekula jo, denbora eskasez». Nathalie Biarnesen Eki Nox pieza ere sartu dute Aztarnak proiektuan: «Zinez bikaina da, zortzikoa, banakoa, erritmoak, txalapartak, sokak... denak nahasten ditu; pentsatzen dut publikoak asko maitatuko duela obra hori». Filipe de Ezkurrari, berriz, eskaera berezia luzatu dio Beheretxek: fandango bat. Azkenik, Mixel Etxekoparrek bizpahirutan parte hartuko du proiektuan: Artzaina izeneko Zuberoako basahairea eskainiko du; hots, hitzik gabeko melodia. Bestalde, Joel Mirahren konposizioan txirula joko du, eta, Peio Zabaletaren konposizioan, Itxaro Bordaren hitzei ahotsa emango die. Berez, azken hori Lili Marleen-en egokitzapena da.

Etxekoparrek goraipatu du Beheretxeren lana: «Marina da musikari eta euskaldun gisa denen puntu komuna; bakarlaria da biolin klasikoan Baionako kontserbatorio frantses horretan, baina baditu zango bat eta erdi, edo bi, gogoa eta burua, euskal musikan. Maite duena da zubia egitea. Aztarnak baino gehiago da zubia!».

Diru bilketari esker, 15.000 euro pasa kausitu zituzten proiektua sustatzeko.

EMANALDIAK
Baionan. Gaur, Grenet gelan, 20:00etan.
Donapaleun (Nafarroa Beherea). Urtarrilaren 29an.
Bokalen (Lapurdi). Martxoaren 7tik 12ra.
Gotaine-Irabarnen (Zuberoa). Xiru festibala kari, apirilaren 16an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.