Mende erdi bateko bideari saria

La Locomotora Negra Kataluniako jazz taldeak jaso du Donostiako Jazzaldiaren saria. 50 urteko ibilbidea eginda, big bandak aurten utziko ditu oholtzak. «Penaz baina harrotasun handiz» esan dute agur

La Locomotora Negra taldeak atzo jaso zuen Donostiako Jazzaldia saria. JON URBE / FOKU.
Mikel Lizarralde - Ane Delgado Aldabaldetreku
Donostia
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
1977an, oholtza gainean sei urte zeramatzanean, La Locomotora Negra Kataluniako jazz taldeak Donostiako Jazzaldian jo zuen, eta garai hartan antolatzen zuten nazioarteko lehiaketako lehen saria irabazi zuen, jazz tradizionalaren modalitatean. Bere herrialdetik kanpo eman zuen lehen kontzertu hartatik 44 urte igaro direnean, eta ibilbideari amaiera emateko biraren barruan, La Locomotora Negrak zirkulua itxi zuen atzo Donostiako Viktoria Eugenian emandako kontzertuarekin. Richard Gilik zuzendutako talde handiak —bost lagunek hasi zuten ibilbidea, baina hamazazpi kide dira orain— Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen agertokian bertan, eta bere ibilbideari errepasoa eman zion, taldeak konposatutako piezak eta estandarrak tartekatuta.

«La Locomotora Negrari aitortu behar zaio dena eman izana jazzaren alde; maitasuna eta dedikazioa. Baina, horren gainetik, kalitatea aitortu behar zaio. Oso onak dira! Oso onak ziren boskote gisa, eta oso onak dira orain. Horregatik daude hemen». Miguel Martin jazzaldiko zuzendariak hitz gutxi behar izan zituen saria emateko arrazoiak azaltzeko. Haren eskutik jaso zuen Gilik saria, eta musikaria ere «hunkituta eta eskertuta» azaldu zen. Gogoratu zuen 1977ko jazzaldian jaso zuela taldeak lehen saria, eta ibilbideko azkena ere Donostiako festibalak emandakoa izango dela.

Big band bati dagokion moduan, La Locomotora Negrak jazz klasikoan eta swingean oinarritu zuen kontzertua, eta taldekide guztiek izan zuten nabarmentzeko tartea. Duke Ellingtonek ezagutarazitako kantutegira jo zuten (Mood Indigo, Perdido), baina Benny Goodman, Count Basie, Rodgers-Hart bikoteak eta Cole Porterrek idatzi edo interpretatutako piezak ere eman zituzten: Just One of Those Things, Blue Moon, Flying Home... taldeak berak urte hauetan guztietan sortu, grabatu eta zuzenean interpretatu dituen kantuak ahaztu gabe (Three Bones Shuffle).

Kontzertu osoa ospakizun bat izan zen, eta La Locomotora Negrak espiritu horrekin amaitu zuen emanaldia, Louis Armstrongek klasiko bilakatutako What a Wonderful World-ekin.

Ibilbide luzeari agurra

«Hobe amaiera guk ematea, aurrerago beste batzuek horretara bultzatzea baino», adierazi zuen Gili tronpeta jole eta taldeko zuzendariak kontzertua hasi baino lehenagoko prentsaurrekoan. Adina izan da La Locomotora Negrak publikoari agur esateko argudio nagusia; izan ere, taldeko zazpi kidek 70 urte baino gehiago dituzte, beste batzuk 60 eta 70 urteen artean daude, eta «kasu arraroren bat 45 urtekoa» da. Gilirekin batera, Cristofol Trepatek (pianoa), Carles Gilik (bateria) eta Jordi Casanovasek (kontrabaxua) azaldu zuten agur esateko arrazoia. Nahiago izan dute orain «nostalgia pixka bat» utzita joan, nahiz eta taldekide batzuek beste musikari batzuekin kolaboratzen jarraituko duten. «Hemen jaso genuen gure lehen saria, eta hemen jasoko dugu azkena ere. Oso zirraragarria da; gure aurreikuspenak gainditzen ditu», adierazi zuen Gilik.

Hasierak gogora ekarriz, «oso modu naturalean» elkartutako taldea dela azaldu zuten. Izan ere, pasio berbera zuten unibertsitateko bost lagun elkartu ziren eta gutxinaka joan zen jendea bilduz eta taldera gehituz. Horrela azaldu zuen Trepatek: «Guk kontrolatu gabeko hazkundea izan zen; jazzarekiko errespetu bera genuen kide guzti-guztiok, sentsazio berberak genituen, eta musikatik kanpo ere konexio bat genuen».

Taldea mende erdiz elkartuta egon bada, adiskidetasunari esker izan dela adierazi zuen Gilik, eta taldea ez delako dirua irabaztearen edo ez irabaztearen menpe egon. Urtean batez beste hamar kontzertu eman izan dituzte, eta bost hamarkada hauetan entsegu diziplinari eutsi diote; astelehenero elkartu dira. Hasieratik leialak izan dira beraien musika estiloarekin, swing aroko big band ospetsuenen -Duke Ellington, Count Basie eta Fletcher Hendersonenak- jazz eredua gidatzaz hartuta. Swinga ez ezik, orkestra katalanak New Orleanseko estilo tradizionala ere gehitu ohi du bere errepertoriora.

La Locomotora Negra taldeak denbora honetan izan duen «erregaia» musika hori jotzean taldekideek sentitu duten gozamena izan da; hau da, haien asmoa izan da orkestra horietako batzuk zuzenean entzun zituztenean sentitu izan zuten hori bera beren publikoaren gainean «proiektatzea».

Azken kontzertuak taldearen ibilbidean bereziak izan diren lekuetan egin dituzte, horietako gehienak Bartzelonan. Nolanahi ere, taldeak Donostiarekin duen lotura nabarmena da, eta egokiena iruditu zitzaien agurra han egitea. Hirutan egon da talde katalana Donostiako Jazzaldian: 1977an bisitatu zuten jaialdia lehen aldiz, eta, 2005ean, emanaldi bat egin zuten Kursaaleko terrazetan. Aurten, hirugarren aldiz etorri dira jazzaldira, betiko agur esateko, baina baita taldearen 50. urteurrena ospatzeko asmoz ere.

«Penaz baina harrotasun handiz» esan zioten agur bizi izandako etapari, «talde gisa eta pertsona gisa» ikasi duten guztiagatik jazz musikari eskerrak emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.