Ekialde Hurbila. Israelgo hauteskundeak

Netanyahuren berpiztea

Iragarpen guztiak hautsi ditu Israelgo lehen ministroak, eta laugarrengo aldiz jardungo du kargu horretan.30 eserlekurekin, eskuineko gobernu berri bat sortzeko askatasun guztia dauka

Netanyahuren berpiztea.
Ane irazabal
Tel Aviv
2015eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hiltzat jo zuten inkestek, baina inoiz baino biziago dago. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro izango da laugarren aldiz. Orain arteko garaipenik gozoena jaso du, gainera. Inkesta guztiek galtzaile segurutzat jotzen zuten arren, Likudeko liderrak azken urteotako emaitza onena lortu du.

Baikorrenek ere ez zuten espero 30 eserleku lortuko zituela. Adituen ustez, Netanyahuk berak ere ez. «Ohore bat da erantzukizun hau berriro jasotzea», esan du garaipentsu, Jerusalemgo Erosten Harresia bisitatu ostean. Lehen ministroak pozik egoteko hamaika arrazoi ditu; izan ere, bere proiektu politikoa ezartzeko zilegitasun osoa eskuratu du. «Israel herrialde eskuindarra da, eta herritarrek argi utzi dute egonkortasun politikoa eskainiko dien gobernu bat nahi dutela», uste du Likudeko boto-emaile batek.

Ustekabeko garaipen hori lortzeko, Likudek boto andana lapurtu die eskuineko alderdi nazionalista eta erlijioso txikiei. «Naftali Bennetti eman behar nion botoa, baina iritzia aldatu dut azken orduan. Pozik nago Netanyahuk irabazi duelako», uste du Max izeneko eskuineko hautesle batek. Zalantzarik gabe, Bennetten Juduen Etxea alderdia izan da Netanyahuren garaipenaren biktimarik zuzenena. Mugimendu ultranazionalistak lau eserleku galdu ditu. Baina ez da kaltetu bakarra: Shas alderdi judu erlijiosoak 2013an baino lau eserleku gutxiago ditu.

Edonola ere, alderdi horiek ezinbestekoak izango dira Netanyahurentzat. Lehen ministroak 61 eserleku behar ditu gobernatzeko, eta Israelgo hedabideek ziurtzat jotzen dute eskuineko indarrak batuko dituela. Hala, Naftali Bennett (Juduen Etxea), Arie Deri (Shas), Moshe Gafni eta Yaacov Lizman (Juduen Tora Batua) eta Avigdor Lieberman (Israel Beitenu) izan daitezke koalizio berriko kideak. Israelgo hedabideen arabera, Bennettek hiru ministerio eskatu dizkio Netanyahuri, eta Avigdor Liebermanek Defentsa ministro izateko nahia erakutsi du. Baina akordio horrekin Netanyahuk 57 eserleku lortuko lituzke, soilik.

Gauzak horrela, begirada guztiak Kulanu zentroko alderdian jarrita daude. Moshe Kahlonen taldeak hamar eserleku lortu ditu, eta gobernu berria osatzeko indar erabakigarria izan daiteke. Kahlonek zentroko botoak mobilizatu ditu, eta zortzi eserleku lapurtu dizkio Yair Lapid kazetariaren Yesh Atid alderdiari. Likudetik joandakoa da Kahlon, horregatik, hauteskunde kanpainan ukatu egin du Netanyahurekin adostasun batera iritsiko zela. Orain, berriz, Finantza ministro izateko prest dago.

Koalizio horrekin, eskuineko gobernu indartsu bat osatzeko aukera dauka Netanyahuk, Tzipi Livni eta Yair Lapid bezalako politikari «deserosoak» kanpoan utzita. «Ultraortodoxo gutxiago egongo dira gobernuan, baina, funtsean, koalizio berria aurreko legealdian izan dugunaren oso antzekoa da. Ez dakit Netanyahuk egonkortasun handiagoalortuko duen», idatzi du Uri Misag kazetari israeldarrak Haaretz egunkarian.

Argi dirudi Netanyahuk zeharo ezeztatu duela batasun nazionalerako gobernu bat sortzeko aukera. «Halako esperimentu batek ez luke bi urte baino gehiago iraungo. Ezin ditugu hauteskundeak berriz ere aurreratu», irizten dio Moshe izeneko gazte israeldar batek. Reuven Rivlin Israelgo presidentea da batasun nazionalerako gobernu baten alde presio egiten ari den lider bakarra. Israelgo hedabideen arabera, Rivlinen eta Netanyahuren arteko harremanak hotzak dira, eta presidenteak ez du eskuin muturreko gobernu bat nahi.

Emaitzaren zergatiak

Netanyahuren garaipenak hautsak harrotu ditu Israelgo gizartean. Izan ere, gutxik espero zuten halako ezustekoa jasotzea. Likuden garaipenak kolokan jarri du hauteskundeen aitzitik egindako inkesten zilegitasuna, eta Hauteskunde Batzordeari kritika mordoxka erori zaizkio datuen inguruan egon diren aldaketen ondorioz. Hala ere, inor gutxik dauka garaipena azaltzeko giltza. Nola lortu du Netanyahuk burua altxatzea? Aditu bezainbeste iritzi daude. «Inkestak ez dira fidagarriak. Herritar askok ez dute haien benetako iritzia ematen. Bozen aurreko prebisioek huts egin ohi dute», nabarmendu du Noah Sheiza izeneko kazetariak. Sheizaren aburuz, Netanyahuk bere kontra izan ditu Israelgo hedabide pribatu guztiak, eta hedabide horiek oposizioaren indarra puztu dute. «Guztiok autokritika pixka bat egin beharko genuke», erantsi du Sheizak.

Baina badira Netanyahuren garaipena azken egunotako diskurtso gogorrarekin lotzen dutenak. «Hauteskundeak galdutzat jo beharrean, eskuineko boto-emaileak konbentzitzeari ekin dio Netanyahuk. Horregatik gogortu du palestinarren aurkako erretorika», nabarmendu du Misagek. Adituen ustez, ez da kasualitatea lehen ministroak bere azken mitina Har Homa kolonian egitea eta han bide ematea bozen aurreko titulurik handienari: «Berriz ere lehen ministro izaten banaiz, ez da inoiz Palestinako Estaturik existituko». Kolonien eta okupazioaren aldeko diskurtso bortitz horrek eskuin muturreko hautesle asko mobilizatu ditu, batez ere lurralde okupatuetako kolonoak. «Netanyahuk argi utzi du ez zaiola nazioarteko irudia axola. Gero eta bakartuago egon arren, bere diskurtsoa israeldarrentzakoa da», esan du Sheizak.

Horregatik, Netanyahuk ez ditu bere komentario arrazistak mozorrotu, eta Arabiar Zerrenda Batuaren kontrako kritikak areagotu ditu. «Politikoki, oso errentagarria izan da ezkerreko sionismoak koalizio arabiarra babesten zuela esatea eta arabiarren parte-hartze handia mehatxu bat zela aldarrikatzea», idatzi du Misagek. Arabiar Zerrenda Batuko hamalau parlamentariek gogor kritikatu dituzte Netanyahuren hitzak.

Ezkerraren porrota

Israelgo zentro-ezkerrak, berriz, ez du gora egitea lortu. Laboristek Meretz alderdiaren bi eserleku eskuratu dituzte, baina Tzipi Livnirekin batuta ere, ez dute lortu zentro-ezkerreko koalizio indartsu bat egituratzea. «Netanyahulehoi baten moduan borrokatu da. Isaac Herzog, ordea, inkestez fidatu da», hausnartu du Barak Ravid Haaretz-eko kazetariak. Herzogen lehen hitzek argi utzi dute laboristek porrota onartzen dutela: «Planteamendurik errealistena da oposizioko alderdirik indartsuena izango garela. Eskuinari erakutsiko diogu oposizio gogor bat egiteko gai garela». Tzipi Livni, Batasun Sionistako beste buruzagia, baikorragoa izan da: «Aldaketaren esperantza ordezkatzen jarraituko dugu. Ez diegu gure jarraitzaileei hutsik egingo».

Edonola ere, kolperik handiena sionismo ezkertiarrak eraman du. Meretz alderdiak bi eserleku galdu ditu, eta justu-justu sartu da parlamentura (botoen %3,25 lortu behar dituzte alderdiek legebiltzarrean ordezkaritza lortzeko). Hala, Zahava Galon Meretzeko lider ospetsuak dimisioa aurkeztu du alderdiko buru gisa, eta Tamar Zandberg parlamentariak ordezkatuko du aurrerantzean. Alta, Meretzek ospatu egin du parlamentuan sartu izana. Ordezkaritzarik gabe geratzeko beldur ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.