Euskal presoak. Izaskun Bilbao. EAJko Europarlamentaria

«Europak jakin behar du nahi duena egiten ari dela Espainia»

Senatuaren zuzenketen ondorioz, indarrean sartu den legeak Europaren esparru erabakia urratzen duela seguru dago EAJk Europan duen ordezkaria. Hori aldatzen saiatuko da.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Europako estatuen artean zigorrak aitortzeko arauaren inguruan Espainiako Senatuak hartutako jarrerari buruz galdera aurkeztu berri dio Europako Batzor- deari Izaskun Bilbao eurodiputatu jeltzaleak. «Ezagutzen ditu Batzordeak Espainiako legearen edukiak eta bere eragina?», galdetu dio. «Egingo duzue kudeaketaren bat ekimen hori proposatu dutenekin eta Espainiako Gobernuarekin, esparru erabakia ezarriko dela bermatzeko?».

Frantzian zigorra bete duten presoen espetxealdiak Espainian kontuan har daitezen saihesteko PP Senatuan egiten ari denaz ohartarazi duzue Bruselan, Europako printzipioen aurka ari dela argudiatuta. Zergatik egiten du Europako irizpideen aurka?

Badugu 2008ko erabaki bat, esparru erabakia deitzen dena. Hor onartzen da Europako herrietako sententzia penaletan bakoitzak bestea errekonozituko duela. Estatu bakoitzak direktiba hori aplikatzen duenean, derrigorrezkoa da. Zer egin du Espainiako Gobernuak? Transposizio hori egitekotan zenean, lege bihurtzekotan izan denean, zuzenketa bat egin du Senatuaren bitartez, eta orain epaileen esku utzi du interpretazio hori egitea. Eta guk uste dugu hori ez datorrela bat direktibak dioenarenarekin, Europako izpirituarekin. Horregatik ipini dugu gaia Batzordearen eskuetan, berak jakin dezan zer gertatzen ari den, eta, bestalde, Espainiari esan diezaion bete egin behar duela Europaren erabaki hori.

Zer egin dezake Bruselak kasu horretan? Zer lor daiteke?

Batetik, seguruenik, ez du jakingo zer gertatzen ari den. Europak ezarritako elkarren errekonozimendu horrek ez dauka interpretaziorako tarterik. Eta Batzordeak erantzun hori eman dezan lortu nahi dugu. Zeren, herri bakoitzak bere interpretazioa egiten badu, esparru erabakiak ez du zentzurik. Hori esan du Hollandek ere Rajoyrekin Frantzian egon denean. Frantziak esan dio ez dituela desberdintzen kasuak, harentzat delituak delitu direla eta esparru erabakia ezarriko duela delitu eta pertsona guztientzat. Hori da Europatik esaten ari garena. Espainian egiten ari dena Europaren erabakien aurka doa.

Beste esparru erabaki batekin lotura duen arren, Frantziako kartzeletatik Espainiakoetara eraman nahi omen dituzten presoen auziak lotura du auzi horrekin, eta hori ere aipatu duzue Bruselari egindako galderan. Egiaztatuta duzue albistea?

Esparru erabaki horretan Europako legeak daude finkatuta eta hor esaten da espetxe politikak gizarteratzeari begiratu behar diola; gizarteratzeko egokiena dela presoek euren etxe ondoan betetzea zigorrak. Europako araudiaren arabera eta Frantziako erabakia entzun ondoren, uste dut baietz; datozen denboratan ikusiko dugula hori.

Abokatuek duten beldurra da berez irizpidearen oinarria presoak etxetik gertu egotea den arren, Espainiara eramatean, gehiago urrutiratu ditzaketela.

Bai, baina hori eginez gero, ez litzateke Europako araudiaren ildotik joango. Zergatik etorri behar dute hona? Europako legeak esaten duelako gizarteratzea egiteko hurbil egon behar dutela. Frantzian egotea edo Cadizen egotea oraindik urrunago, hori da Europako legea eta filosofia betetzea? Ba ez. Hori gertatzen bada, argi dago guk salatuko dugula. Europako Batzordeari argi geratu behar zaio Espainiako Gobernua bere kabuz dabilela nahi duena egiten, eta hori onartezina dela. Europa barruan badago, eta beraz, Europako legeen bidetik joan beharko du.

Urrian beste galdera bat aurkeztu zenuen, sakabanaketaren inguruan, Bruselak erantzun argi bat eman dezala eskatuz. Noizko espero duzu erantzuna?

Itxaroten gaude. Ikusiko dugu zer esaten duen. Sakabanaketaren inguruan Batzordeak berak lan asko egin du, eta esan die estatu guztiei ahaleginak egin behar direla gizarteratze programak gauzatzen. Beraz, espero dugu erantzuna gure aldekoa izatea, Europako ildoen alde egitea.

Sakabanaketak ez duela gizarteratzearekin zerikusirik esan izan du; ez dela hori bidea. Norainoko bidea egin lezake bide horretan egindako adierazpenak?

Guk gure aldeko erantzuna badugu, bai aurreko galderan eta bai honetan, (Espainiako) Kongresura joko dugu guk. Hori da normalean egiten duguna: gure taldera bidali, eta han ere ministroari galdetu ea zer egingo duten Europaren erantzuna oinarri hartuta. Ez dakigu zein izango den Espainiaren erantzuna Batzordeak hori egin ezkero, baina presio egiteko modua izan daiteke. Bestetik, Batzordearen erantzunaren ondorioz, guk beste galdera bat egin dezakegu: «Zuek esaten duzue ez datorrela bat Europako irizpideekin. Zer egingo duzue Espainiako Gobernuarekin? Zerbait egingo duzue? Zerbait esango diozue?». Eta ea Europako Batzordea noraino iristen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.