Jon Fernandez.
PP-EAJ akordioa. Pentsio sistema. ANALISIA

Petatxu bat, pentsiodunak baretzeko

2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Nahikoa al da EAJren eta PPren arteko ituna pentsiodun haserretuak asetzeko? Argi dago ezetz, haien hiru eskakizun nagusiak ezagututa: pentsioen eguneratzea KPIaren araberakoa izatea berriz ere —2013an deslotu zuten inflaziotik—, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, eta pentsio sistema propioa izatea. Itunak KPIaren araberako eguneraketa dakar, baina bakarrik 2018 eta 2019rako; hortik aurrera, berriro itzul daiteke %0,25eko igoera minimoaren araua. Hitzartutakoa igoera koiunturala da, ez egiturazkoa.

Baina, ituna nahikoa izango al da kaleko protestak adoregabetzeko? Maiatzaren 5 eta 26ko manifestazioetan ikusiko da, baina ez litzateke harritzekoa pentsiodun batzuk etxean geratzea: aurtengo %1,6ko igoera bermatuta, eta 2019ko KPIa poltsikoan. Areago, erretiratzear dauden milaka langilek arnasa hartuko dute jakitean iraunkortasun faktorea lau urte atzeratu daitekeela. Itunak gaurko ogia eta biharko gosea dakarzkie pentsiodunei, baina gose garaian inoiz baino preziatuagoa izan daiteke ogi koskor bat. Pentsiodunen erosteko ahalmena %6,5 apaldu da 2011tik.

Indar politiko handia erakutsi dute urte hasieratik: 683.006 dira Hego Euskal Herrian, biztanleen %24. Boto emaile asko dira, eta presio handia egin dute, bistan denez. PP eta EAJrena ahalegin bat da hori apaltzeko, baina petatxu bat baino ez dute eskaini. Benetako partida Toledoko Itunaren mahaian ari da jokatzen. Arazoaren muina sakona da: sistema eutsiezina da, gero eta pentsiodun gehiago daudelako, eta gero eta soldata prekarioagoak pentsioak pagatzeko. Horri eman behar zaio konponbidea; gainerakoak petatxuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.