Koronabirusa. Gurutz Linazasoro. Neurologoa

«Pandemiak adikzioen alderik txarrena azaleratu du»

Itxialdiak gizarte osoarengan izan du eragina, baina adikzioren bat dutenentzat gogorragoa izan dela dio Linazasorok. Adikzio berriak ere garatu dira: teknologia berriena, kasurako.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gipuzkoa poliklinikako neurologoa da Gurutz Linazasoro (Zumarraga, Gipuzkoa, 1959), parkinsonean eta alzheimerrean aditua. COVID-19ak adikzioren bat dutenengan izan duen eraginarekin kezkatuta, gaiaren inguruko ikerketak biltzeari ekin dio, eta ondorio garbi bat atera du: COVID-19ak adikzioen alderik txarrena eman du argitara.

Zer eragin izan du COVID-19ak droga menpekotasunetan? Kontsumoa handitu egin da?

Kontsumoa bera ez da handitu. Hain zuzen ere, Espainiako Osasun Ministerioaren Drogei Buruzko Plan Nazionalak kaleratu zuen hori. Justu kontrara, apaldu egin dela ondorioztatu zuen egindako inkestan. Baina adikzioak dituztenen egoera zaildu egin da. Droga menpekotasuna duten pertsonengan eragin negatiboa duten faktoreei—antsietatea, depresioa, bakartzea— drogak eskuratzeko zailtasuna gehitzen bazaie, egoera zailak sortzen dira. Batez ere, etxean egon behar badute, indarkeria areagotzen baita. Adikzioak dituzten pertsonek duten beste arazo larri bat dazaurgarriagoak direla COVID-19aren eraginekiko. Gainera, pandemiaren garaiotan, haiei eskaintzen dizkieten zerbitzu horiek guztiek ez dute normal funtzionatzen, birusak duelako lehentasuna, eta murrizketak daudelako. Horren ondorioz, ia-ia ekaitz perfektua eratu da; pandemiak adikzioen alderik txarrena azaleratu du.

Nola eragiten diote drogek burmuinari?

Izan daiteke anfetaminak jai giroko drogak direlako. Eta gaueko aisialdia bertan behera gelditu denez, litekeena da horregatik gutxitzea horien erabilera. Kontrara, lasaigarriak jendea antsietatearekin, triste edota deprimituta dagoenean erabiltzen dira. Eta normala da horien kontsumoa handitzea, bai konfinamenduan, bai konfinamendutik kanpo ere. Izan ere, buruko nahasmenduak %20 gehitu dira pandemiarekin, eta horrek antsietatea eta depresioa areagotzen du.

Kontsumitzen duen pertsonarengan soilik ez, ondorengoengan ere badu eragina: drogek eragiten duten zirkuitua geneen transmisioa bermatzen duen bera delako, ezta?

Drogak bahitzen duen zirkuitua plazerarena da, sariena. Denoi jartzen zaigu martxan, baita animaliei ere, egoera atsegingarrietan. Adibidez, jaten dugunean edo sexu harremanak ditugunean. Bere oinarri biologikoa da gizakiaren iraupena sustatzea, janariaren bitartez, eta bere geneen transmisioa bermatzea, sexu ugalketaren bidez. Baina sistema hori droga batek bahitzen badu, hori dena ezeztatu egiten da. Adikzioa duen pertsona bat bakarrik adikzioa sortzen dion horretarako bizi baita; droga izan ala beste zerbait.

Epe luzean zer eragin izan dezake horrek?

Adikzio guztiek sortzen dituzte arazoak burmuinean, dela drogaren eragin zuzenagatik, dela menpekotasunak sortzen dituen osasun arazoengatik —elikadura okertzen da, kirol gutxiago egiten dute—. Alkoholaren kasua da ezagunena, ikerketa gehien egin diren gaia hori delako. Bere momentuko ondorioa mozkorraldia da, baina hori askotan errepikatzeak arazoak sortzen ditu epe luzera: neuronen galera, burmuineko eremuen arteko konexioen galera... Eta horrek dementzia, epilepsia, dardarak, oinez ibiltzeko arazoak eta abar sortzen ditu.

Azaldu duzu konfinamenduan beste adikzio mota berri bat nabarmen garatu dela, hain zuzen ere teknologia berriek eragindakoa. Erabiltzaile gehienak gazteak direnez, arriskutsua da haientzat?

Bai, dudarik gabe. Nerabezaroa garai erabakigarria da menpekotasunei dagokienez. Izan ere, garai horretan burmuinak oraindik ez ditu bere gaitasun eta konexio guztiak garatu. Oraindik heltzeko bidean dago burmuinaren aurreko partea, eta horrek kontrolatzen ditu emozioak. Hor daude gauzen balorazio etikoarekin zerikusia duten zirkuituak, eta nerabezaroan oraindik ez daude helduta. Eta egia da teknologia berrien bidez sormena sustatu daitekeela, baina arrisku jarrerekiko zaurgarriagoak dira, eta adikzio bat garatu dezakete azkenerako.

Alzheimerrean aditua zara. Ze eragin izan du itxialdiak gaitz hori eta antzekoak pairatzen dituztenengan?

Aurrez aurre ikusi dugu izan duen eragina. Konfinamenduak mundu osoari ekarri dio errutinaren galera, eta hori, alzheimerra duen pertsona batentzat, bere bizi erreferentzia guztiak galtzea da. Bat-batean, galdu egiten da. Eta horrek sufrimendu emozionala eta kognitiboa sortzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.