EH Bilduren Iruñeko alkategaia

«PSNri botoa emanez gero, UPNk agintzeko aukera indartzen da»

Haren irudiko, kanpainan bi udal eredu jarri dira aurrez aurre: UPNrena eta EH Bildurena. Ziur dago eskuinaren zatiketak eragina izango duela eta, ondorioz, UPNri aurrea hartzeko «aukera asko» dituztela Iruñean.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Joseba Asiron
Iruñea
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Iruñeko hautagai guztien artean, EH Bilduko Joseba Asiron (Iruñea, 1962) da agintaldi honetan udal politikan aritu den bakarra, baita alkate izan den bakarra ere. Lau urte haiek askorako eman zuten, baina zer keinurekin geratuko ote zen galdetuta, argi du: Lezkairun Maravillas Lamberto plaza inauguratu zutenekoa. «Josefina Lamberto dut gogoan [ahotsa urratu zaio]. Ahizparen koadrotxo bat eman zioten. Diskurtsoak amaituta, nire alboan jarri, begiak itxi, eta arnastu zuen. Jendeak aurpegiratu izan dit nolatan galdu nuen aukera agintaldian txupinazoa botatzeko. Une huraxe izan zen nire txupinazoa».

Zerrendako gehienak udal taldekoak dira. Multzo horri eutsi nahi izan diozu?

Talde guztietan behar da jarraitutasuna bermatuko duen parte bat, eta berrikuntza ere behar da. Dena den, gure kasua bestelakoa da. Konbentzituta gaude udal gobernuan sartu eta kudeatu behar dugula. Horrek asko baldintzatzen du. Orain gogoan dut nola sartu ginen 2015ean, munduko ilusio guztiarekin, baina gure jakintza ia-ia hutsaren hurrengoa zen. Lau urtez asko ikasi genuen, eta orain formakuntza horren unerik hoberenean gaude.

Eskarmentu hori zertan nabarituko dela uste duzu?

Udala itsasontzi moduko bat da: lemari ematen diozunetik bira ematen hasten denerako badago tarte bat. Udal politika oso bat dugu prestatua. Programak 300 neurri jasotzen ditu; buruan dugu noiz ezarri, eta pentsatuak eta erdi eratuak ditugu taldeak.

Zer helburu duzue kanpainan?

Jendeak badaki aldaketaren udal gobernuan gauzak nola egiten ziren, eta UPN eta PPk nola jokatu duten. Bi ereduak aurrez aurre jarri nahi ditugu.

Zer ondare utzi du Maiak?

Suntsitzailea. Ez du asmatu. Haren huts handiena agintekeria izan da, autoritarismoa, baina hori ez da okerrena izan. Oso gaizki aholkatu dute. Sartu behar ez zuen putzuetan sartu da, eta batez ere bere zinegotziek istilu batetik bestera eraman dute. Lehen eguna kenduta, gizon honek ez du gozatu egun bakar bat ere.

Adierazgarria al da UPNren zerrendako lehen bi postuetan Maiaren udal taldeko inor ez jarri izana?

Gaizki hasi zena gaizki amaitu du. Saiatu ziren Maia gainetik kentzen; Cristina Ibarrola, berriz, ez zen haren hasierako apustua. Horren ondotik etorri da garbiketa: bi zinegotzik alde egin dute PPra, eta, PPko eta Ciudadanoseko beste biak gehituta, 13 zinegotzitik lau joan zaizkio. Maiaren autoritatea kolokan jarri dute barrutik eta kanpotik.

Zertan oinarritzen zarete EH Bildu Iruñeko lehen indarra izan daitekeela adierazteko?

Batetik, kalean ikusten delako eta inkesta batzuek hori adierazten dutelako. Bestetik, uste dut Adanero jaunak koska handia kenduko diola UPNri. UPNko ordezkariak ez dira oso ezagunak Iruñean. Alderantziz, PPk Fermin Alonso eta Maria Garcia Barberena ditu: udalean arlo garrantzitsuak izan dituzte bere gain. Gainera, Adanerok bultzada handia du eskuinean. Guk ia 27.000 boto lortu genituen aurreko bozetan, eta Navarra Sumak 40.000 inguru. Zenbat kenduko dio PPk UPNri? Konbentzituta gaude 30.000 boto lortzen baditugu lehen indarra izateko aukera asko ditugula.

PSNk alkate izateko modua eman zion Maiari 2019an, eta Maite Esporrinek «Agur, Asiron, agur» kantatu zuen. Zer jardun izan duzue sozialistekin?

Hauteskunde gauean gauza bat irudikatu zen, eta agintaldia beste bide batetik joan da. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik adierazpenen eta proposamenen %94 atera ditugu elkarrekin. Horixe da galdera: zergatik ezin zen arlo instituzionalera eraman normaltasunez funtzionatzeko modu hori?

PSNk esan du ez duela beste hautagairik babestuko. UPNren presioari izkin egin nahi dio, ala hori egingo dute?

Lau urtez udalean ezkerreko politika aurrera eraman eta gero, nola begiratu ahal zaio Iruñeko jendeari eta esan: «Berriro zigortuko zaituztet UPNren lau urte gehiagorekin, Madrilek halaxe esaten digulako»?. Ondorioa argia da: PSNri botoa ematea UPN indartzea da, haiek agintzeko aukera indartzen baita.

Bigarren geratuz gero, zer egingo zenuke?

Uste dut posibilitate handiak ditugula lehen indar izateko; baina, tira, ez bada hala, beti bezala ateak joko ditugu, eta esan: «Hitz egin dezagun». Iruñea aurrerakoia da, eta posibilitatea badago eskuina etxera bidaltzeko; egin dezagun. Era askotako akordioak egiteko prest gaude: puntualak, gobernu akordioak, aurrekontuetarakoak... behar dena.

Zeintzuk dira ardatz nagusiak?

Iruñeari begira, lehentasun handi bat dago, guztiaren aurretik jarriko nukeena: etxebizitza. Iruñean, salneurria gehienezko maila ukitzen ari da. Hemen, batzuek negozio gisa ulertzen dute. Guretzat, berriz, oinarrizko eskubide bat da. Jende gazte eta hauskorra zigortzen du. Etxebizitza plan bat, horixe da egingo genukeen lehen gauza. Gutxi gorabehera diseinatua dugu.

Zer egin daiteke? Agintaldiaren amaieran, Maiak orube salmentak iragarri ditu, eta Donapean 5.000 etxe egiteko plana.

Dena esku pribatuetan jarri, eta etxebizitza negozio gisa ulertzen dute. Ikusi besterik ez dago salestarren orubean eraiki diren luxuzko pisuen salneurri harrigarriak. Guk, berriz, beste ekinaldi batzuk indartu nahiko genituzke. Sanduzelain, prest dugu proiektu bat etxebizitzak aurrera ateratzeko, batez ere alokairu sozialerako eta gazteentzat, batik bat auzokideentzat. Errotze sentsazioa indartu nahi dugu. Joan den agintaldian, udal parkeko ia 200 etxebizitza konpondu genituen: hondoratuta aurkitu genituen, eta, zaharberritu, eta gehien behar dituen jendearen eskuetan jarri genituen. Agintaldi honetan, bakar bat ere ez da egin.

Euskararen arloan zer proposatzen duzue? Maiak, PSNren botoekin, bertan behera utzi zuen aurreko agintaldian onartutako ordenantza, eta berria ezarri.

Euskararen inguruko ordenantza gehiengoa genuelako atera genuen. Gehiengo hori bagenu, hura berreskuratzea litzateke inportanteena. Ea zer panorama dugun hauteskundeen ondoren. Beharbada, ez dugu izango gehiengorik araudia aldatzeko, baina, hizkuntza paisaian zentratuz gero, oinarrizko printzipioa berma daiteke: Iruñea bi hizkuntza dituen hiri bat dela.

Haur eskoletan euskarazko eskaintza handituko duzue?

Euskarazko eskaintza bultzatu behar da, eta diskriminazio positiboa. Horren aurretik, beharrak ase beharko lirateke, eta euskaraz matrikulatu nahi duenak aukera hori izatea bermatu auzo guztietan. Ez da normala haur eskoletan euskarazko eskaintza %11koa izatea, eta 3 urteko haurrak matrikulatzeko garaia heltzen denean herenak baino gehiago izatea. Alde handia da hori, eta lehen helburua da eskaintza eta eskaria maila berean jartzea. Horretarako, gehiengoa behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.