Koronabirusa

Zahar etxeetan aparteko neurriak izango dira indarrean Gabonetan

Gipuzkoan egoiliar bakoitzari hemezortzi minutu gehiago eskainiko dizkiote egunean, horretarako langilerik hartuko ez badute ere. Labi batzordeak hainbat neurri ebatzi ditu

Maria Ortega Zubiate
Donostia
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak hamahiru neurri kaleratu ditu Gabonetara begira «adinekoen bizi kalitatea eta ongizate emozionala babesteko» asmoz. Neurri horien artean daude arreta ratioak %9,2 i gotzea, 18 minutu gehiago eskaintzeko egoiliar bakoitzari; nahiz eta horretarako ez dituzten langile gehiago kontratatuko. Psikologiaren, fisioterapiaren eta terapia emozionalaren alorrean, berriz, bikoiztu egingo dituzte lantaldeak. Bisitak ere gehitzeko asmoa azaldu dute, eta, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitarte, bi senidek bisitatu ahalko dituzte egoiliarrak. Bisiten neurri hori bat dator, oro har, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izurriaren gaineko erabakiak hartzen dituen Labi aholku batzordeak hala ebatzita bihartik aurrera indarrean jarriko diren aldaketekin; izan ere, adinekoen egoitzei zuzenduriko neurriak badira tartean, eta itxialdiak haiei eragindako kaltea arintzeko pentsatuta daude propio.

Bigarren olatuak ondorio «gogorrak» izan ditu herrialdekozahar etxeetan, Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan: 99 heriotza eragiteaz, egoiliarren «osasuna eta segurtasuna bermatzeko» hartutako neurriek eragin psikologikoa izan dute egoiliarrengan. Horiek horrela, Goxatu izeneko plana aurkeztu du diputazioak; gizarte eragileekin, langileen ordezkariekin, familiekin eta zentroetako talde arduradunekin elkarlanean ondu dutela esan dute. Hiru alor nagusitan ezarriko dituzte neurriak. Lehena, ratioei dagokiena: egoiliar bakoitzari hemezortzi minutu gehiago eskaini ahal izango dizkiete langileek. Horretarako, zahar etxeak banan-banan aztertuak dituztela adierazi du Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak, eta herrialdeko 65 zahar etxeetan 400 lekutik gora libre utziko dituztela. Horrela, lantaldeak mantenduko dira, baina egoiliar gutxiagorekin denbora gehiago izango dute bakoitzari eskaintzeko. Alta, zentroetako zenbait alorretan —psikoterapian, fisioterapian eta terapia okupazionalean—, bikoiztu egingo dituzte lantaldeak. Neurri hori Gabonak eta gero ere mantenduko dutela adierazi dute.

Oro har, egoiliarren senitartekoen bisitak ere ugaritu egingo dituzte Gabonetan:abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitarte, bi senideren bisitak jaso ahalko dituzte, eta neurri hori ere luzatzeko aukera dagoela adierazi dute, «emaitza onak» ematen baditu. Gabonetan, halaber, zahar etxeetatik irten ahalko dira adinekoak. Egoitzara bueltatzean, ostera, PCR proba eta berrogeialdia egin beharko dituzte egoiliarrek. Labi batzordeak onartutako dekretuan gaur zehaztuko dira horiek.

Horrez gain, areago egin nahian, Gipuzkoako Diputazioak pantaila handi bana erosi die herrialdeko zahar etxeei. Bisitak soilik ez, irteerak ere areagotzeko asmoa azaldu dute. Horretarako, zahar etxeetatik kanpo dauden parke edo plazetan «eremu seguruak» sortu dituztela adierazi dute, adinekoak irten daitezen. «Herrietako bizitza egoitzetara eramateko asmoz», halaber, Gipuzkoako sektore sozialetako hainbat eragilerekin elkarlana bultzatu dutela ere gehitu dute: Nagusilan elkartearekin, senitartekoen bideoak grabatuko dituzte. Bertsoak ere izango dira, Lankurekin eta Sebastian Lizaso bertsolariarekin elkarlanean.

Paseatzeko tokirik gabe

Nafarroan ere iragarri dituzte neurriak Eguberri egunotarako. Gobernuak jakinarazi du, hain justu, asteotan egoiliarrak etxera joan ahal izatea baimentzea aztertzen ari direla.

Bizkaian, aldiz, uko egin diote zahar etxeen inguruan egoiliarrek paseatzeko eremuak sortzeari. EAJk eta PSEk eman diote ezezkoa Elkarrekin Podemosen proposamenari, eremu horiek sortzeak egoiliarrak «bakartu» egingo lituzkeela argudiatuta.

Neurri berriak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak, berriz, zahar etxe berrien inguruko dekretua onartu zuen atzo; berrehun leku eskaini ahalko dituzte gehienez, 130 adinekoentzat eta 70 mendekotasunak dituztenentzat. Dekretu berriak zahr etxeetako egoiliar kopurua mugatuko du, eta hamasei laguneko bizikidetza unitateetan banatuko du espazioaren %65 gutxienez.

Lehen aldia da Nafarroan eremuen banaketa zehazten duena. Gelek gutxienez 14 m2 izan beharko dituzte, 20 m2 birentzako gelen kasuan eta horiek komuna izan beharko ute. Izan ere, gelen %80k izan beharko du komuna.Herrialdean dauden 525 zerbitzuei ez die eragingo dekretu berriak, baina moldaketak egin beharko dituzte 15 leku berri baino gehiago sortzen badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.