Carlos Garcia Adanero. UPNko diputatua

«Aurrekontuak ez dira errealistak, eta ez dira beteko»

UPNk argi izan ditu gauzak Espainiako Gobernuaren aurrekontuen inguruko eztabaidan, Garcia Adaneroren arabera: «EH Bildu eta UPN ezin dira sartu ekuazio berean».

ZIPI / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuan 28 urteko ibilbidea egin ostean iritsi zen Carlos Garcia Adanero (Talavera de la Reina, Espainia, 1967) Espainiako Kongresura, 2019an, Navarra Suma koalizioaren zerrendan aurkeztuta. Aurrekontuen tramitazioa urteko garairik garrantzitsuenetako bat dela uste du UPNko diputatuak, ez proiektuaren inguruko akordioengatik, «haiez gaindiko negoziazioak» ere hartzen dituelako baizik: «Aurtengoa ez da izan salbuespen bat».

UPNk aurrekontu proiektuaren aurka bozkatu zuen Kongresuan. Zergatik?

Bi alde bereiziko nituzke. Aurrekontuei dagokienez, gobernuak berak onartu du emaniko hazkunde datuak ez direla errealak. Hori denok adierazi genuen eztabaidan. Eta erakunde independente guztiek, nazionalek eta nazioartekoek, esan dute kopuru horiek murritzagoak izango direla. Beraz, aurrekontuak ez dira errealistak, eta ez dira beteko.

Aurrekontuez gaindiko negoziazioei dagokienez, berriz, hor dago jada ezagun egin den esaldi hura: «Presoak aurrekontuen truke». Hortik aurrera, gobernua babesten duten oinarrizko bi taldeei, ERCri eta EH Bilduri, egin dizkieten kontzesio guztiak daude. Uste dut negoziazioak aurrekontuekin zerikusi gutxi duten aferen ingurukoak izan direla, bi alderdi horien mesedetan.

Arlo ekonomikoan, non ikusten dituzue zuloak?

Errealistak izan behar direla uste dugu, benetako datuak emanda. Nafarroari erreparatuz, aurrekontuek eragin kaskarra dute azpiegituretan eta bestelako aferetan. Ez zaio emango oinarrizko bultzadarik trenari, eta A-121 errepidearentzat ez dago funtsik; guretzat oinarrizkoa zen. Berdin A-15 autobidearekin ere. Guk 2018an negoziatu genuenarekin alderatuta, uste dut aurrekontu hauek —PSOEk onartutako biak— askoz txarragoak direla.

Arlo politikoan, bi dira Nafarroari lotutako akordio nagusiak; EH Bilduk itxi ditu. Batetik, ETB3ren emisioa lurralde osora zabaltzea. Bestetik, foruzainen erretiroari dagokiona.

Foruzainen erretiroa gainerako polizienarekin parekatzea guk jada adostu genuen 2018ko aurrekontuetan. Orduan adostutakoa bete behar zuten. Orain arte, utzikeria bat egon da PSOEren partetik. Aurrekontuetan sartzea positiboa iruditzen zaigu, baina ez beharrezkoa, duela hiru urte egin behar zutelako. Halere, akordioak agerian utzi du gobernuaren sektarismoa. Zuzenketa hori guk, PPk eta EAJk ere aurkeztu genuen, baina atzera bota ziguten. EH Bildurena, berriz, onartu egin zuten. Horrek agerian uzten du zein den euren lehentasunezko bazkidea.

Eta ETB3ren hedapenaz.

Beti egon gara telebista autonomikoen aurka. Kasu honetan, interes nazionalisten zerbitzura dagoen telebista bat izanik, are gehiago. Aurrekontu akordio batean garaipen politiko gisa hartzen baduzu ETB hedatzea, agerian uzten duzu ETB eta euskara nazio eraikuntzarako tresna politikoak direla. Berdin badio marrazki bizidunak euskaraz ikusteak, zergatik saltzen dute garaipen politiko baten gisan? Badakitelako interesak daudela marrazkietatik haratago.

Baina agerikoa da Nafarroan euskaraz mintzo diren haurrak daudela. Zergatik da kaltegarria horiek marrazki bizidunak euren hizkuntzan ikustea?

Halako garrantzi politikoa duen eztabaida batean planteatzen baduzu, eta lorpen handi gisa aldarrikatzen baduzu, euskara eraikuntza nazionalerako tresna gisa erabiltzen ari zara. Hizkuntza politizatzen ari zara, eta onartu beharko duzu guk hala adieraztea.

Zuek ere eseri zineten gobernuarekin. Zertaz aritu zineten?

Bien arteko bileran argi geratu zen gobernuak EH Bilduren babesa nahi zuela. Argi dago bateraezinak garela. Beraz, gobernuak badaki UPN ekuaziotik kanpo geratzen dela. Nafarroan ere hala gertatu da.

EH Bilduk ez ezik, beste talde batzuek ere babestu dute proiektua: 188 boto lortu ditu. Gehiengo zabal bat da.

Noski, gobernuak babesa lortu du. Baina, eztabaidan ikusi da errealitatea. Harekin akordio bat egin duten guztiek kritikatu dute gobernua. Esan dute ez dela betetzen ari iragan urtean adostutakoa. BNGko diputatua argia izan zen, eta argazkitik kanpo geratu zen. Oinarrizko babesak, baina, ez dira oinarritzen aurrekontuetako funtsetan, eta horiek dira egonkortasuna eman diotenak.

Aurrekontuak onartuz gero, Espainiako Gobernuak bideratuta du legealdia?

Uste dut aurrekontu hauek ere ez zituela behar horretarako. Gobernuak helburutzat du legealdia amaitzea, eta, lehenago bukatzen bada, izango da uste duelako bidean galdu dezakeena handiagoa dela. Aurrekontuek ez diete askorik errazten bidea, baina ez dira guztiz beharrezkoak ere hura bermatzeko. Uste dut PSOE ez dagoela boladarik onenean, eta ezkerrerago dauden alderdiak kanpainan hasi direla hautagai berriarekin [Yolanda Diaz Lan ministroarekin]. Beraz, argi dut PSOEk bozetarako deia egiten badu eurentzat mesedegarri delako izango dela. Ez dute egingo Espainiaren onerako.

Mozal legearen erreforma da azken egunetan mahai gainean dagoen beste tramitazio bat. UPN aurka agertu da.

Erreformak beharrezko baliabideak bilatzen ditu Polizia babesgabe uzteko. Gainera, larriak iruditzen zaizkidan adierazpenak egin dira azken egunotan. Polizia alderdi jakin batzuen alde edo gobernuaren aurka dagoela adierazi da. Logikoki, legediaren pean aritzen direnez, lege hau moldatzeak babesgabe utziko ditu, eta kexu dira. Uste dut legeak helburu duela Poliziaren lana zailago egitea, eta ataka zail batean jarri dituzte.

Non ikusten duzue Poliziaren babesgabetasun hori?

Eztabaida orain iritsiko da. Baina grabazioen gaia, polizia atestatuen garrantzia, une jakin batzuetan manifestazio batean atxilotutako norbait leku berera eraman beharra... Orain izango dugu gauza zehatzagoez hitz egiteko aukera.

Nafarroan ere mahai gainean daude aurrekontuak. Aurreko astean, atzera bota zuten Navarra Sumaren osoko zuzenketa.

Agerian geratu da Nafarroan bi talde daudela: bosteko taldea eta UPN. Haiek denek osatutako gobernu bat da, baita EH Bilduk ere. Izan ere, gaur-gaurkoz, Geroa Baik izan dezakeena baino eragin handiagoa du hark. Bestalde, UPN da alternatiba. Hori da dagoena. Gainera, nazionalismoarekin eta nazionalismorik erradikalenarekin itunak egiteak dakarrenaz gain, azken urteetan Nafarroak izaniko beherakada dago. Jada ez gara onenak enpleguan, osasungintzan, dependentzian... Gero eta okerrago gaude.

UPN eta PSN gero eta urrunago daude?

Mugitu dena PSN da. Ezin da ahaztu alderdi sozialista hiruko gobernuaren aurka manifestatu zela gurekin. Orain bere egin ditu haienak. Ezberdintasuna da lehen nazionalista batek zuzentzen zuela gobernua, eta orain politika nazionalistak egiten dituen sozialista batek.

Navarra Suma koalizioaren alde egiten jarraituko du UPNk?

Bozei begira, eztabaida bat irekia dugu alderdian, eta horien ingurukoak iritsiko dira aurrerago. Orain arte, baina, uste dut positiboa izan dela. Ongi funtzionatzen du Iruñeko eta beste hainbat herritako udaletan, baita parlamentuan ere. Ez du arazorik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.