Lopez izango da PSOEren eledun Espainiako Kongresuan

Alderdiko zenbait ardura postu berrantolatu ditu Pedro Sanchezek. Santos Cerdan Antolakuntza idazkari izango da aurrerantzean ere

Bakegileak, ekain bukaeran Luhuson egin zuten agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Patxi Lopez izango da larunbatetik aurrera PSOEren bozeramaile nagusia Espainiako Kongresuan. Hector Gomezen lekua hartuko du Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSEk-EEko idazkari nagusi izandakoak, Lopezek berak sare sozialetan baieztatu duenez. «Ohorea eta erronka erakargarria» izango dela esan du Twitterren: «Elkarrizketa oinarri hartuta, herri honetako klase ertaina eta langile klasea babesteko akordioak lortzeko lan egingo dut».

Larunbatean egingo dute ofizial erabakia, PSOEren zuzendaritzaren bileran. Alderdian aldaketak egiten ari dira kargu garrantzitsuetan, eta prozesu horren barruan dator Lopezen izendapena ere. Kongresuko taldearenarekin batera, alderdiaren zuzendaritzaren eta Senatuko taldearen berregituraketa ere izango dituzte mintzagai larunbateko bilkuran.

Lopez lehian ibili zen Pedro Sanchezekin, PSOEko idazkari nagusi izateko. Sanchezek Espainiako Gobernuko presidentetza hartu zuen ondoren, baina Podemosen eta beste talde batzuen beharrean izaten da parlamentuan gehiengoa izateko; besteak beste, EAJren baiezkoari eta EH Bilduren abstentzioari esker lortu zuen presidentetza. Gehiengo estu horrekin, erabakigarria izango da datorren urtea, Espainiako Gorteetako hauteskundeak izango baitira maiatzeko udal hauteskundeen ondoren.

Idoia Mendia alderdikide eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak «arrakasta» opatu nahi izan dio Lopezi, eta nabarmendu du beharra dagoela «Espainia eraldatzen jarraitzeko akordioak» lortzeko.

Cerdan, postu berean

Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiaren dimisioaren ondotik etorri da Lopez Espainiako Kongresuko bozeramaile izendatzeko erabakia. Santos Cerdan nafarrarekin gatazka betean zen Lastra. PSOEko Antolakuntza idazkaria da Cerdan, eta, alderdiko zenbait kidek aurkakoa bazioten ere, nafarrak karguan jarraituko duela berretsi zuen atzo alderdiaren zuzendaritzak.

Horrekin batera, beste izendapen bat ere egin dute: Pilar Alegria Hezkuntza ministroa jarriko dute alderdiaren bozeramaile. Felipe Siciliaren lekua hartuko du Alegriak. Sicilia Lastraren konfiantzakoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.