«Ez gara arrisku bat: gu gaude arriskuan»

Alternatibak antolatuta, Espainiako trans legeari buruzko «gezurrak» ezeztatu dituzte mahai inguru batean. Mar Cambrollek esan du transek «subjektu aktiboak» izan behar dutela

Alternatibak atzo Gasteizen antolatutako mahai ingurua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hilabeteak daramatza Espainiako Kongresuak transen eskubideak jaso eta babestuko dituen lege proiektua tramitatzen. Bide labainkorra izaten ari da, oso: alde batetik, PSOEren barruan kontrako hainbat ahots daudelako, eta, bestetik, komunikabideetan eta kalean hauspotu egin direlako transen eskubideak zalantzan jartzen dituztenen mezuak. Atzo, transen aurka bolo-bolo dabiltzan «gezurrei» eta diskurtso «transfoboei» erantzun zieten, mahai baten bueltan, Mar Cambrolle Trans Plataformaren Federazioko presidente eta transaktibista historikoak, Isaac Guijarro abokatuak, Lourdes Gomez KIF-KIF kolektiboko kideak eta Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak. Alternatibak Hego Euskal Herrian asteon antolatu duen hitzaldi sortaren barruan lehena izan zen Gasteizkoa.

Trans lege proiektuaren tramitazio gatazkatsuaren inguruan mintzatu aitzin, Hego Euskal Herrian indarrean diren bi legeen inguruko zertzelada batzuk eman zituen Etxebarrietak. Nafarroanlegea ontzeko LGTB kolektiboek egindako «lan aktiboa» goraipatuzuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, azaldu zuen Eusko Legebiltzarrean erreformatzen ari direla 2012an onartutako trans legea, hura «despatologizatzeko» eta genero autodeterminazioa bere baitan sartzeko. Erreforma horren muinean zerk egon behar duen argi azaldu zuen: «Pertsona transek subjektu politikoa izan behar dute».

Etxebarrietaren hitzei helduta,Cambrollek gogoratu zuen transak «baztertuak, zapalduak eta ikusezinak» izan direla hamarkada luzeetan, eta feminismoak emakumeen eskubideen alde egiten duen borrokarekin alderatu zituen transen aldarriak. «Subjektu aktiboak izan nahi dugu». Hala, trans lege baten beharra aldarrikatu zuen, transen eskubideak berariaz aitortzeko eta haien diskriminazioaren «egiturazko arrazoiak» desagerrarazteko.

Horrekin batera, baztertu egin zuen, irmo, translegearen inguruan zabaldutako «gezur mordoa», eta trans kolektiboaren aurkako «biolentziatzat» jo zuen. Besteak beste, gezurtatu egin zuen legeak emakumeak bortxatzeko atea zabaltzen diela transexualei. Eta ohartarazi zuen transek ere emakumeen aurkako indarkeria matxista bera sufritzen dutela: «Gu ez gara arrisku bat: gu gaude arriskuan. Elkarrekin borrokatzen ez bagara, banatuta hilko gaituzte». Cambrollek PSOEren aurka egin zuen transen eskubideak «mugatzen»saiatzen ari delako, adingabeen genero autodeterminazioari trabak jarrita. Oztopoen gainetik, baina, legea onartuko duela ohartarazi zuen.

Inguruko herrialdeak

Ikuspuntu juridiko batetik aztertu zuen lege proiektua Guijarrok, eta genero autodeterminazioaren gaineko «zalantzak» banan-banan baztertu zituen. Azaldu zuen inguruko herrialde gehienen araudietan txertatuta dagoela genero autodeterminazioa, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berak onartua duela. «Lege batean idatzita jasotzea baino ez da geratzen». Eta ohartarazi zuen «beldurra» zabaltzea dutela xede trans legeari buruzko «gezur eta intoxikazio mezuek».

Migrante eta errefuxiatu transen egoera latzari erreparatu zion, bestalde, Gomezek. Egoerari neurria hartzeko, datubat eman zuen: Europako Batasunean hiltzen dituzten transen %36 migranteak dira. Gomezen iritziz, premiazkoa da legeak trans migranteen eskubideak jasotzea: «Eskubideekin ezin da erdizka ibili».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.