Lau emakumek ziztadak salatu dituzte Gasteizen eta Oiartzunen

Gasteizko jaietan hiru emakumek salatu dituzte ziztak, eta Oiartzunen, batek. Madrilek genero larrigarria gehituko die ziztaden delituei

Gasteizko jaietako lehen gaua, txosnetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Hasi besterik ez dira egin Gasteizko jaiak, eta ostegun gauean hiru emakumek salatu zuten zizt egin zietela. Oiartzungo (Gipuzkoa) xanistebanetan ere emakume batek jarri du ziztada baten salaketa. Asteazken gauean jasan zuen ziztada, eta ostegunean jarri zuen salaketa.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eman zuen ziztaden salaketen berri atzo goizean, Radio Euskadin. Ostegunekoa gau «nahiko lasaia» izan zela adierazi zuen, baina ziztadak onartezinak direla gaineratu zuen: «Europan zabaltzen ari den izurri matxista hau guztiz onartezina da. Ziztadek emakumeen askatasuna mugatzea eta mehatxatzea dute helburu. Hori dela eta, oso gogorrak izan behar dugu matxito harrapakari horien aurka».

Oiartzungo jaietan ere, emakume batek salatu du asteazken gauean zizt egin ziotela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du salaketaren berri, eta Ertzaintza gertakariak ikertzen ari dela esan du.

Bilboko Konpartsak egoerari aurrea hartzen saiatzen ari dira, eta ziztadak festetako eraso sexisten aurkako protokoloan gehitu dituzte. Idoia Ugalde federazioko bozeramaileak aitortu du jende guztia arduratuta dagoela ziztaden inguruan, eta horregatik erabaki dute protokoloa berritzea. Eraso sexista formatu berria dela ere esan du Ugaldek. Abuztuaren 16an emango dituzte protokolo berriaren inguruko xehetasun gehiago. Abuztuaren 20tik 28ra izango dira Bilboko jaiak.

Ziztadak, lesio delitu

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak atzo iragarri zuen ziztadak lesio delitu gisa tratatuko dituztela hemendik aurrera, nahiz eta horiek sumisio kimikorik ez ekarri. Horrez gain, delitu horiek genero larrigarria izango dutela ere esan zuen. TVE1 telebista kateko La hora de La 1 saioan izan zen atzo goizean, eta Espainiako Estatuko polizia indarrak 60 salaketa ikertzen ari direla jakinarazi zuen; horietako, hamabost Ertzaintza ari da ikertzen.

Ikerketekin ziztaden atzean zer dagoen ebatzi nahi dutela esan zuen Marlaskak: «Jakin nahi dugu ea ziztek substantzia toxikoak sartzeko helburua duten, biktima azpiratzeko eta delituak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.