Jose Emilio Lafuente. Gipuzkoako Caritaseko idazkari nagusia

«Koktel arriskutsua da lan prekaritatea eta etxebizitzen garestitzea»

Gizartearen zati bat «pobreziaren sorgin gurpiletik atera ezinik» bizi da, Caritasen arabera. Erakundearengana gehien jotzen duten erabiltzaileak dira etxegabeak, emakume migratzaileak eta 50 urtetik gorako langileak.

Ion Orzaiz.
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Caritasen 2018ko txostenak azken urteetako joera berretsi du: gero eta jende gutxiago dago pobrezian, baina dauden horiek gero eta bazterrerago bizi dira, eta zailagoa dute gutxieneko bizi baldintzen langari berriz heltzea. Betikotzeko bidean den arrakala horri aurre egiteko, Caritasek 4,1 milioi euroren laguntzak eman ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Laguntzaz harago, baina, konponbide «integrala» behar da, Jose Emilio Lafuente Gipuzkoako arduradunaren ustez (Donostia, 1969).

Pobreziaren unean uneko argazkia da Caritasen txostena. Zer antzeman duzue?

Hasteko, laguntza behar dutenen kopuruak behera egin duela: 2018an, 18.186 pertsonari eman diegu laguntza, etxebizitzaren alorrean, oinarrizko premietan eta enpleguan; 2017an, 23.000 baino gehiago izan dira. Hori da azken urteotako joera, eta berri pozgarria da, adierazten duelako jendea pixkanaka ari dela krisia gainditzen. Txanpon horrek, baina, badu bere ifrentzua: gizartearen abiada ez da homogeneoa, eta alde handiak daude batzuen eta besteen artean. Finean, datuek erakusten digute 18.186 pertsona horiek Caritasen laguntzaren premia dutela, eta baztertuta bizi direla. Asko dira oraindik: krisiaren aurreko urteetan baino dezente gehiago.

Gizarte arrakala handitzen ari den seinale?

Datu makroekonomikoei soilik erreparatuz gero, badirudi ekonomia berpizten ari dela, enpleguak sortzen ari direla eta egoera, oro har, bere onera bueltatzen ari dela. Ados. Hori positiboa da, baina susperraldi ekonomiko horrek ez die eragiten pertsona guztiei; ez, behintzat, neurri eta erritmo berean. Adibidez: gure lurraldean, behera egin du langabezia tasak, baina, era berean, hazkunde betean dira babes sozialen sisteman izena emanda daudenak eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen kopuruak. Zergatik? Bada, enplegu tasa igo arren enplegu horren kalitatea oso eskasa delako, eta askok soldata osatzeko premia dute, gizarte laguntzen bidez.

Hortaz, lana edukitzeak ez du bizimodu duin bat bermatzen.

Inondik inora ere ez. Gaur egun, gizarteratze prozesuan, enplegua ez da ezertarako bermea. 2019ko maiatzeko datuen arabera,DSBEa jasotzen dutenen %21 dira, hain zuzen, lana daukatenak; errenta hori jasotzen duten gizarte kolektiboen artean, handiena. Langile pobreak dira.

Ez da fenomeno berria, ezta?

Ez, baina bai hazkunderik handiena duena. Horregatik kezkatzen gaitu, eta, errentaz edo laguntzez harago, bestelako irtenbideak ere planteatu behar dira, egoera onbideratzeko. Duela urte batzuk, gure lehentasuna zen pertsonak lan munduan txertatzea; orain, beste faktore batzuk hartzen ditugu aintzat: lan horren kalitatea, prestakuntza maila...

Enpleguaz gain, etxebizitzaren arazoa ere aipatzen duzue txostenean. Zergatik?

Egungo egoera baldintzatzen duten faktoreen artean garrantzitsuenetako bat delako. Gipuzkoan, familiek ahalegin itzela egin behar dute etxebizitza bat eskuratzeko eta mantentzeko. Beren baliabide ekonomikoen zati handi bat bideratu behar izaten dute horretara; hortaz, edozein ustekaberen aurrean, aukeratzera behartuta daude: etxea pagatzen segitu, ala horri bizkarra eman eta ustekabeko gastu horri aurre egin. Oro har, koktel arriskutsua osatzen dute enpleguaren prekaritateak eta etxebizitzaren garestitzeak.

Aldatu al da Caritasera jotzen duten pertsonen soslaia?

Aurtengo txostenean, hiru soslai nagusi identifikatu ditugu. Alde batetik, oinarrizko premia asko izan arren, babesik eta baliabiderik ez dutenak: etxebizitzarik eta jatekorik ez dutenak, kalean bizi direnak... Bestalde, Caritasera etortzen diren gehienak paperik gabeko emakume etorkinak dira: bikoterik ez duten emakumezkoak dira, seme-alaben ardurarekin, eta, paperik ez dutenez, itzalpeko ekonomian aritzen dira, sos batzuk irabazteko. Azkenik, beste soslai bat ere identifikatu dugu aurten: prestakuntza gutxiko eta 45-50 urtetik gorako gizonezkoak. Susperraldi ekonomikoarekin aurrera egiteko zailtasun handiak dituzte behargin horiek.

Zer proposatzen duzue egoera bideratzeko?

Konponbidea ez da alde bakarretik etorriko. Gizarteko babes sistema indartsu bat behar da, eta hori helduko da erakunde publikoen eta pribatuen elkarlanetik. Pertsonen beharrei egokitutako neurriak behar dira: alokairu sozialeko etxebizitza parke publiko bat, langileentzako prestakuntza programak, enpleguaren kalitatea hobetzeko egitasmoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.