Nigeriako bi andre kanporatu dituzte Hendaiako atxikitze zentrotik

Cimadek dio legez kanpokoa dela erabakia, sexu esplotazioaren biktima direla aitortu zaielako. Espainiako Poliziaren esku utzi dituzte

Protesta bat, Hendaiako atxikitzeko zentroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak Nigeriako bi andre kanporatu ditu Hendaiako atxikitze zentrotik (Lapurdi), eta Espainiako Poliziaren esku utzi ditu. Errefuxiatuen laguntzarako Cimade elkarteak jakinarazi duenez, «legez kanpokoa» da erabakia. Hain zuzen ere, bi emakumeak sexu esplotazioaren biktima gisa aitortuak zituen Frantziako Estatuak. «Hori dela-eta babes neurriak dauzkate, eta, ondorioz, kanporaketarik ez dute jasaten ahal», nabarmendu du Cimadek.

Joan den uztailaren 11n, Bordele (Okzitania) inguruko etxe okupatu bat hustu zuen Poliziak, eta han atxilotu zituen bi emakumeak. Handik Hendaiako atxikitze zentrora eraman zituen. Uztailaren 14an, Baionako Askatasunen eta Atxiloketen epaileak erabaki zuen atxiloaldia etetea, legez kanpokoa zela argudiatuta, baina Cimadek salatu duenez, Poliziak Lapurditik kanporatu ditu eta Espainiako Poliziaren esku utzi, «inongo eskubide eta legedirik errespetatu gabe» eta epailearen erabakiaren aurka eginez.

Errefuxiatuen laguntzarako elkarteak nabarmendu duenez, bi emakumeak ez dira sekula Espainiatik pasatu, eta, beraz, «are eta arbitrarioagoa» da Poliziaren erabakia. «Frantziako Estatuan babes juridikoak lortzeko desmartxa administratiboak egiten ari ziren, eta epe horretan ez zuten kanporatze arriskurik», gehitu du Laurence Hardouin Torre abokatuak. Emakumeetako batek asilo eskaria aurkeztua zuen, eta besteak helegitea jarria zion kanporatze aginduari. Horiek aintzat hartu gabe kanporatu dituzte. Cimadek ohartarazi du Poliziaren erabakiak egoera «oso arriskutsu eta larrian» utzi dituela bi emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.