Koronabirusa. Europako Batasuna

Koronabirusari aurre egiteko neurriak adostu ditu EBk

Bilioi bat euro eskainiko ditu Europako Batasunak birusak gogor jo dituen herrialdeek eskuratu ahal ditzaten. Herbehereek jarrera malgutu izanak aukera eman du akordiorako

Angela Merkel kantzilerrak koronabirusari buruz hitz egiteko agerraldia egin zuen atzo. ADAM BERRY / FOKU.
Xabier Martin - Iñaki Petxarroman
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasunak azken orduko akordioa lortu du koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko. Batasuneko Finantza ministroen beste batzar telematiko amaigabe horietako batean iritsi zen akordioa; Batasuna arriskuan jar zezakeen krisi bat elkarrekin gainditzeko gai izan dira momentuz 27 herrialdeetako gobernuak. COVID-19aren ondorioei aurre egiteko erantzun komuna eta behar bestekoa adostu zuten, besteak beste, gaitzak gogorren jo dituen herrialdeek erreskate funtserako sarbidea eduki dezaten.

540 milioi euro mobilizatuko dituzte, estatuei, enpresei eta langileei laguntzeko. Besteak beste, Herbehereek euren jarrera malgutu zuten, eta horrek aukera eman zuen akordioa iristeko. Horrela, maileguak eskuratuko dituzten herrialdeek ez dituzte zertan erreformak egin, hasieran Herbehereek eskatzen zuten moduan. Frantziak eta Alemaniak estutu zuten Herbehereetako ordezkaria, akordioari bide egin ziezaion. Azkenean adostutako testuarekin bat egin dute Alemaniak, Frantziak, Espainiak, Italiak, Herbehereek eta Portugalek.

Iparraldea eta hegoaldea aurrez aurre azaldu dira berriro; alegia, kontu publiko distiratsuak erakusten dituzten kideak eta zorrak gehiegi zamatzen dituenak. Eta, gainera, koronabirusak gogorrago jo dituenak; zuhaitz eroriari orok egur. Birusaren krisia pagatzeak ekarriko duen zorra Batasuneko kide guztien artean mutualizatzea nahi zuten Italiak eta Espainiak; Frantziak ere babesten zuen soluziobide hori, Parisek jipoi ekonomiko itzela hartuko baitu. Koronabonuak esan dieten horiek, ordea, ez ditu jaulkiko Batasunak, eta zorrak ez du kide guztien berme komuna izango. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak berretsi zuen atzo, goi bilera hastera zihoala, ez zuela irtenbide hori nahi, eta eztabaidaren jokalekua mugatu zuen: ESM erreskate funtsa eta Inbertsioen Europako Bankua; 27ek sor dezaketen langabeziaren euroasegurua ere aipatu zuen eskaintzen dituen aukeren artean, baina ez eurobonuak.

Asteartean hasitako bileran Herbehereek azaldu zioten aurkakotasunik handiena Espainia eta Italia eskatzen ari direnari. Baina Alemania da klubaren diapasoia, eta bilera amaigabe hori bertan behera utzi ondoren —EBren usadioak berrituz—, Paris-Berlin ardatza pizten saiatu da Merkel. Baita lortu ere. Ituna egon zitekeela helarazi zuen Olaf Scholz Finantza ministroak, baina kantzilerrak posizioa finkatu zuen badaezpada eurotaldearen bilerari berrekin aurretik, atzo: ESMri buruz eztabaidatu behar da, eta ez eurobonuei buruz. Azkenean ituna atzo bertan heldu zen.

ESM, zer baldintzetan?

Akordioak ahobatezkoa izan behar zuen, eta zaila ematen zuen Italiak onartzea ESM funtsa aktibatzea nahikoa izango dela. 410.000 milioi euro daude funts horretan, eta hain zuzen 2008ko krisiaren harira sortu zuten kideek krisiei aurre egiteko. Iritsi dena osasun krisia izan da lehen-lehenik, eta hark eragin duen krisi ekonomikoan ez dago aldagai moralik. Hau da, nekez aurpegiratu ahal zaie kideei beren ekonomiaren kudeaketa txarren emaitza dela egungo hondamendia. Horregatik, Alemania prest azaldu da ESM funtsaren iturria irekitzeko kideak behartu gabe programa ekonomikoekin; alegia, helburu fiskal bereziak inposatu gabe. Azkenean, 500.000 milioi euroraino ere osatu dute poltsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.