Gasteizko Zentro Sozialista hustu dute, protesta artean

Ertzaintza oldartu egin zaie protestan zirenei, eta istiluak izan dira ordu batzuez. Gazte bat atxilotu dute, eta hogei baino gehiago zauritu dira

Istiluak izan ziren goiz osoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Protesta artean hustu zuen Ertzaintzak atzo Gasteizko Zentro Sozialista. Laboral Kutxa da lokalaren jabea, baina ez zuen erabiltzen, eta zenbait gaztek okupatu egin zuten joan den urteko maiatzean. Jasoa zuten hura husteko agindua, eta atzo joan zen Polizia hura hustera. Protesta egiteko, elkarretaratzea egin zuten gazteek lokalaren aurrean, eta istiluak izan ziren zenbait unetan. Are, Ertzaintza oldartu egin zitzaien gazteei, eta Gasteizko Zentro Sozialistak BERRIAri emandako datuen arabera, hogei zauritu baino gehiago izan ziren horren ondorioz; gutxienez hiru lagun ospitaleratu behar izan zituzten. Hainbat lagun identifikatu zituzten, eta bat atxilotu egin zuten.

Goizean goizetik izan ziren protestak Gasteizen. 09:30 inguruan, Dato kaleko Laboral Kutxaren bulegoaren parean, gazte bat eraikinera kateatu zen, lokala hustuko zutela salatzeko. Jendetza gerturatu zen gazteari babesa adieraztera, baina Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta lehen tentsio uneak izan ziren. Gazteak indarrez sakabanatu zituzten, eta atxilotu egin zuten kateatutako gaztea.

Ordurako Ertzaintzak inguratua zuen Zentro Sozialista zegoen Monseñor Estenaga kalea. Inguruak itxi zituen, udaltzainekin elkarlanean, eta hainbat furgoneta nahiz drone bidez aritu zen ingurua zaintzen. Gazteak eguerdia aldera hasi ziren hara joaten, espero baitzen orduan hasiko zituztela eraikina husteko lanak. Aurreikuspenen arabera, 13:15ean hustu behar zuten eraikina, baina espero baino lehenago egin zuten. Sarrailagilearen laguntzarekin ireki zuten lokalaren atea. Orduan, Ertzaintza oldartu egin zitzaien gazteei, eta tentsioak bi ordu iraun zuen.

Arratsaldean, protesta egin zuten Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, erabakia salatu eta zauritu zein atxilotuei elkartasuna adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.