Katalunia. Erreakzioak Euskal Herrian

EAJk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k bat egin dute Gure Esku-ren agiriarekin

Kataluniako presoak askatzeko eskatu dute, beste hainbat elkarte, sindikatu eta norbanakorekin batera egindako agerraldian. Biharko Donostiako manifestaziora joateko deia ere egin dute

Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Askatasuna. Konponbide politikoaren alde manifestu bateratua plazaratu du Gure Esku-k, eta horrekin bat egin dute EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdi politikoek; ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek; Demokrazia Bai plataformak; Erabakizaleak abokatuen elkarteak; eta kultur, kirol eta gizarte arloko erreferente ugarik. Horiek guztiek Kataluniako presoen askatasuna eskatu dute, eta Gure Esku-k biharko Donostian Erreferenduma ez da delitu. Askatasuna lelopean antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Horrekin batera, azpimarratu dute Kataluniarako beharrezkoa dela «konponbide politikoa».

Kataluniako «buruzagi sozial eta politiko subiranistak» zigortu dituen epaiarekiko «desadostasun osoa» adierazi dute, eta «bidegabea» dela nabarmendu, Donostian egindako agerraldian. «Epai honek ondorio larriak dakartza oinarrizko eskubide eta askatasunentzat», gaineratu dute.

Epaiak utzitako ondorioak ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez dela «justua» izan esan dute, «arbitrariotasunez beteta» eta «funtsik gabeko akusazioetan oinarrituta» egon delako. Era berean, azaldu dute Nazio Batuen Erakundeko atxiloaldi arbitrarioei buruzko lantaldeak salatu duela behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu direla, eta horiek presoak askatzeko egin duten eskaerari muzin egin zaiola.

«Bidegabekeria honen aurrean», preso guztien askatasuna aldarrikatu dute, eta epaiaren «ondorio larriak» zuzenean pairatu dituztenei eta haien senideei elkartasuna adierazi diete. Bestelako eraginei buruz ere egin dute gogoeta, eta «kezkatuta» agertu dira, iruditzen baitzaie epaian manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen «kriminalizazio zantzuak» daudela.

«Erabat onartezina da. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik», baieztatu dute. Horregatik, «salbuespenezko» bide judizialak, juridikoak eta prozesalak alde batera uzteko eskatu dute, eta «elkarrizketa eta negoziazio politikoa» proposatu dituzte: «Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta». Gaineratu dute demokrazian ezin direla «mobilizazio demokratikoak eta baketsuak nahiz disidentzia politikoa kriminalizatu».

Katalunian gertatutakoa ikusita, erantzuna ere prest daukate. «Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasuna maite ditugun guztiok, gure ideologikoetatik haratago», adierazi dute. Horregatik, Gure Esku-k larunbaterako Donostian deitu duen manifestazioarekin bat egin dute, «injustizien aurrean» herritarren mobilizazioan sinesten dutelako.

Herritarrek eduki ditzaketen desberdintasunak gaindituz, ziurtatu dute gizartearen gehiengo zabalak dituen oinarriak direla elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, errepresio bideekiko arbuioa eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera. «Une hauetan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu behar dira», gaineratu dute.

Adostasun zabala du

Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileak eta Pilar Kaltzada kazetariak irakurri dute manifestu bateratua, eta ados azaldu dira EAJ, EH Bildu eta Ahal dugu alderdi politikoak; ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuak; Demokrazia Bai plataforma; eta Erabakizaleak abokatuen elkartea. Horiez gain, hainbat norbanakok ere babesa erakutsi diote: Antton Telleriak, Pilar Kaltzadak, Danele Sarriugartek, Xabier Euzkitzek eta Garbiñe Ubedak.

Aurkezpenean egoterik izan ez duten arren, beste batzuek ere atxikimendua erakutsi diote adierazpenari: Juan Jose Ibarretxek, Bernardo Atxagak, Asier Illarramendik, Jule Goikoetxeak, Paul Riosek, Iker Irribarriak, Fermin Muguruzak, Irantzu Varelak, Juantxo Arakamak, Miren Amurizak, Alex Sarduik, Peio Reparazek eta Zuriñe Hidalgok, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.