Pilar Arana. Donostiako zinegotzia

«Bizpahiru urte barru pentsatuko dugu: nola jasan genezakeen abiadura hori?»

IRUTXULOKO HITZA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Pilar Arana Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotziaren iritziz, abiadura mapa berriarekin oinezkoen eta gidarien arteko oreka egokia topatu da Donostian.

Zer-nolako eragina izango du neurri honek hirian?

Eragin positibo bat izango du, batik bat bi arrazoirengatik. Batetik, bideetako segurtasuna hobetuko da, abiadura motelagoarekin istripu gutxiago gertatzen baitira. Bestetik, hirigintzaren ikuspegitik, kaleaz gozatzeko dugun aukera askoz handiagoa izango da. Hiriak kalitatean irabaziko du.

Hortaz, zergatik ez duzue lehenago ezarri?

Guk lehenagotik bagenituen orduko 30 kilometroko abiadura muga zuten kale eta eremuak. Hainbat auzotan hala zen jada, baina hiri osora zabaltzea falta zitzaigun. Bagenekien Espainiako Trafiko Zuzendaritza erregulazio hau prestatzen ari zela, baina ezin genuen dena kolpez 30era pasatu, hiriko garraio publikoaren eraginkortasuna neurri handi batean galtzea eragingo bailuke. Horregatik kalez kaleko analisi xehe bat egin behar izan dugu, garraio publikoaren eraginkortasuna zaintzearekin batera, 30eko abiadura ahal bezainbeste zabaltzeko.

Pozik zaudete marraztu duzuen abiadura maparekin?
 
Gustatuko litzaiguke 30eko muga hiri osora zabaltzea, baina oraingoz ez da bideragarria. Kontxako pasealekuari, esaterako, ongi etorriko litzaioke abiadura hori, oinezkoentzat atseginagoa izango litzatekeelako; baina bide oso luzea denez eta geldialdirik ez duenez, garraio publikoari gehiegi eragingo lioke 40tik jaisteak.

Topoa sartzean, ordea, mapari beste bueltaren bat eman beharko diogu ziurrenik, lur azpitik doazen bideak izateak goian espazioa liberatuko digulako.

Gidariak erraz egokituko al dira?

Astebetean edo hilabetean, baina azkenean egokituko gara. Ez dut uste jendea etengabe abiadura-neurgailuari begiratzen egongo denik, baina lehen 50etik gora ibiltzen ez ginen bezala, orain 30ean joatea dagokigula ulertu behar dugu. Denoi gustatzen zaigu gure etxe aurretik edo auzotik pasatzen den trafikoa motela izatea, eta horregatik denok egin behar dugu ahalegin hori gainerako eremuetara ere zabaltzeko. Eta barneratuko dugu. Ziur nago hemendik bizpahiru urtera begirada atzera botatzean zera pentsatuko dugula: nola jasan genitzakeen abiadura eta zarata horiek gure etxe azpian?

Zer-nolako jarrera izango du udalak arau hausteekin?

Jendeak ohitzeko astia izan dezan, aldaketak izan dituzten kaleetan hilabeteko tartea emango dugu isunak jartzen hasi aurretik, ospitaletik eta ikastetxeetatik igarotzen diren eremuetan izan ezik. Beste kale guztietan ohiko kontrola mantenduko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.